Kataluniako erreferenduma. Espainiaren erreakzioa

Nazioarteko bitartekaritza «ez dago mahai gainean», PPren arabera

Rajoy PSOErekin eta Ciudadanosekin elkartu da, bertzeak bertze, 155. artikulua aplikatzeko aukeraz eztabaidatzeko. Kongresuak bilkura bat eginen du Kataluniaz, Espainiako presidenteak eskatuta

Mariano Rajoy Espainiako presidentea eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia, atzo, Moncloan. Riverarekin elkartu zen ondoren. LUCA PIERGOVANNI / EFE.
mikel rodriguez
2017ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Herenegungo ekintzen eta horiei buruzko balorazioen ondoren, gibelera egiteko tarte gutxiko bidea hartu du Espainiako Gobernuak. Mariano Rajoy presidenteak igande arratsean erran zuen «munduarentzat eredugarria» izan zela Katalunian erreferendumaren aurka agindu zuten polizia-operazio zabal eta bortitza. Atzo, gobernuko eta PPko ordezkariek gutxietsi egin zuten eragindako kaltea. Kataluniaren autodeterminazio prozesua zanpatzeko ahalegina espiral bihurtuta, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua historian lehenbizikoz aplikatzeko aukera paratu du mahai gainean gobernuak. Kataluniako Gobernuari elkarrizketarako deia egin dio, baina Madrilek ezarritako baldintzekin, eta Generalitateak proposatu duen nazioarteko bitartekaritza «ez dago mahai gainean».

«Gaur ez da autodeterminaziorako erreferendumik egin Katalunian». Gobernuko eta PPko ordezkariek igande osoan egindako adierazpenetan ezarritako irizpide nagusiei errematea eman zien Rajoyk arratsean, Kataluniako bozketa bukatu berritan: erreferendumak ez zuen baliorik izan, eta Espainiako indar armatuen jarduna orbanik gabea izan zen. Biharamuna PPren exekutibaren bilera batekin hasi zuen Espainiako presidenteak. Fernando Martinez-Maillo PPren koordinadore orokorrak horren ondotik adierazi zuenez, nazioarteko bitartekaritzaren proposamena ez zuten aipatu ere egin. Nazioartea alde dutela ziur du Espainiako Gobernuak; gehienbat, EB Europako Batasunaa. Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin eta Juri Ratas Estoniako lehen ministroarekin telefonoz mintzatu zen atzo Rajoy —Estoniak du EBren txandakako presidentetza—. Erreferendumak «porrot» egin zuela erran zien, eta horri esker EBk «egonkortasuna» mantentzen duela.

Bitartekaritzarik ez, eta elkarrizketarako ere, ezinezko baldintzak paratu dizkio Espainiako Gobernuak Kataluniakoari. Aitzineko egunetan errana zuen Carles Puigdemont Generalitateko presidentea eta Oriol Junqueras presidenteordea ez zituela mintzakidetzat onartuko urriaren 1ean erreferenduma eginez gero. «Konstituzioaren eta estatutuaren legaltasunera» itzuliz gero, Puigdemontekin solas egin dezaketela erran zuen Martinez-Maillok, baina, era berean, mehatxu ere egin zion. «Hartu dituzten erabakiengatik batzuek kontuak eman beharko dizkiote justiziari». Martinez-Mailloren arabera, estatuak ezin du «gibelera pausorik eman», eta, dioenez, «Puigdemontek badaki hori».

Kongresuan, hilaren 10-11n

Hain zuzen, Espainiako Gobernuak eta justiziako erakundeek pausoz pauso handitu dute errepresio espirala, eta, erreferendumik ez zela egin errepikatu badute ere, ezin izan zuten eragotzi ia hiru milioi kataluniar bozkatzera ateratzea, eta horiek bozkatzeko tokiak izatea. Kataluniako Gobernua hurrengo pausoak emateko prestatzen ari dela ikusita, konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeko aukera sartu da eztabaidan; erkidegoei autonomia kentzeko aplikatu beharrekoa da. Albert Rivera Ciudadanoseko buruak herenegun erran zuen 155.a aplikatzeko baldintzak daudela, baina Rajoyk oraingoz ez du horren alde egin.

Espainiako Kongresuan eztabaida bat egitea eta alderdiekin elkartzea lehenetsi du. Gaur aztertuko du Kongresuko bozeramaileen mahaiak Kataluniari buruzko osoko bilkura egiteko proposamena. Aste honetarako ez dago osoko bilkurarik deituta, eta, Espainiako hedabideen arabera, hilaren 10ean edo 11n eginen litzateke saio hori. Kataluniako Parlamentua bihar bertan da elkartzekoa, etaindependentzia aldarrikapena bozkatuko ote duen dago ikusteko.

Elkarrizketak Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin eta Albert Rivera Ciudadanoseko buruarekin hasi ditu, Katalunian aplikatu duen estrategia babestu dioten liderrekin. Sanchez atzo ere PPren diskurtsotik aldentzen saiatu zen, polizien kargak arbuiatu eta «azalpenak eta erantzukizunak» eskatuko dituela erranda. Generalitatearekin «berehala» negoziatzen hasteko eskatu zion, eta Kongresuko alderdi guztiekin elkartzeko. Riverak, berriz, diskurtsorik gogorrenari eutsi zion. «155. artikulua aplikatzea proposamenik zuzenena, argien, zehaztena eta demokratikoena da».

Rajoyren dimisio eske

Espainiako hirugarren indarrak, Unidos Podemos koalizioak, Rajoyren dimisioa nahi du, eta Sanchezi eskatu dio gobernuari eman dion babesa kentzeko. «Akats politiko izugarria da elkarrizketaren lidertzat proposatzea Polizia gomazko pilotak botatzera bidali duena», adierazi du Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak. Iglesiasek igandeko errepresioa kritikatu duela eta, Martinez-Maillo PPren koordinadoreak leporatu dio irailaren 24an Rajoyri «mainak egiten» deitu izana Poliziaren babesa eskatzeko. Egun horretan Podemosek kargu publikoen bilkura bat antolatu zuen Zaragozan, eta ehunka faxistak bileraren tokia ordutan inguratu, eta Aragoiko Parlamentuko presidenteari eraso zioten. Martinez-Maillok atzo irri egin zuen Zaragozan gertatutakoaz. «Karrikan Espainiako banderekin zituzten ehun jaunekin beldurtu zen. Hagitz arriskutsuak ziren, bai, atean zeudenak».

PPko zenbait kidek ere Katalunian poliziek eta guardia zibilek egindako erasoak adierazpen gordinekin gutxietsi zituzten atzo. Martinez-Maillorentzat, «gezur handi bat» da Espainiako indarrek 800 herritar baino gehiago zauritu zituztela. Rafael Catala Justizia ministroak, berriz, irudi gehiago ikusi zituen «jazarpena jasaten zuten polizienak, poliziek egindako erasoenak baino». Iñigo Mendez de Vigo gobernuko bozeramailearen ustez, Poliziak esku hartzean «gauza horiek gerta daitezke». Zoido Barne ministroak «alde bateko eta bertzeko zaurituak» egotea «deitoratu» du —Barne Ministerioak zauritutako polizien kopurua hamahirutik 431ra igo zuen atzo—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.