Suizidioa. Agustin Erkizia. Biziraun elkartearen sortzailea

«Prebentzioaren arloan, geure mailan, denok ditugu ardurak»

«Mindutako pertsonen» elkarte bat da Biziraun: partaide guztiei erasan die gertukoren baten suizidioak. Elkar babesteaz harago, ahotsa ozendu ere egin nahi dute: neurri eske. Sortzaileetako bat da Erkizia.
IKERNE ZARATE / GIPUZKOAKO HITZA

Arantxa Iraola -

2019ko ekainak 4
Tabua. Suizidioaren gaiarekin lotuta usu agertzen da hitza. Beren buruaz beste egindakoen kasuak ezkutatzera egiten da: isiltzera. Murru hori apurtzeko ahalegina egin dute, hala ere, igaro urteotan suizidioaren errealitatea gertuan bizi izandako hainbat familiak: antolatzen hasi dira, elkarteetan. Era horretan eratutakoa da, adibidez, Biziraun. Maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartea: halaxe dute izendatua. Sortzaileetako bat da Agustin Erkizia (Aizarnazabal, Gipuzkoa, 1963). Gasteizen izan zen atzo, estrategiaren aurkezpenean. Izan ere, hitza izan dute dokumentua lantzeko prozesuan.

Pozik, oro har, emaitzarekin?

Bai; batetik, lidergoa gobernuak hartu duelako, eta diziplina anitzetako profesionalek parte hartu dutelako prozesuan: erakunde askotakoak. Ez da erraza izaten hainbeste eragilek parte hartzen duten egitasmo batean dena bateratu eta dokumentu bakar bat ateratzea. Beste kontu bat da horren atzetik zer etorriko den. Neurriak hor daude, mailakatu dira, denboraren arabera antolatu dira, eta batzorde bat ere aipatu da horien jarraipena egiteko. Baliabideak falta dira orain; ikusiko da zer baliabide jartzen diren, nola gauzatzen diren, eta horren arabera pentsatuko dugu. Paper hutsean ez geratzea espero dugu.

Tabua maiz aipatzen da suizidioaz aritzean. Estrategia hau aurkeztu izana bada horren kontra egiteko modu bat..

Dudarik gabe. Horregatik aipatu dut lehen lidergoarena. Gobernuak Osasun Sailaren bidez gai honen lidergoa hartu izanak beste maila batera darama. Eta nik uste dut hemendik urte batzuetara gai izango garela suizidioari beste era batean begiratzeko. Oraindik tabua da, eta horrenbeste urtean aldatu ez den zerbait bat-batean aldatzea ezinezkoa da. Baliabide ikaragarriak beharko genituzke. Bueno ez dakit baliabide horiek izango bagenitu ere bat-batean aldaketa hori egiteko erarik balegokeen. Belaunaldi kontua da. Baina tabu izaera horretan argi izpiak ikusten hasi behar dugu. Gela ilun horretan, leihoa ireki, eta argiztatu behar dugu hor atzean dagoen arazoa.

Prebentzioan urratsak egitea da estrategiaren helburuetako bat. Tabua eraitsi ahala errazagoak izango dira hor urratsak?

Bai. Prebentzioa, gainera, alor askotan egin behar da. Prebentzioaren arloan, geure mailan, denok ditugu ardurak. Gaia ikusarazteko prozesuan, adibidez, guk, elkartekook, hitzaldiak-eta ematen ditugunean, ikusten dugu askotariko jendea hurbiltzen zaigula, eta errealitate gordin horren berri kasik ez dutela. Beraz, lehenbizi egin behar dena da informatu gizartea bere osotasunean, jakin dezan zer neurritako arazoa den. Gero joango gara denok pixkanaka egin beharrekoa egiten.

Plazara atera zarete azken urteotan pertsona maiteren baten suizidioak kolpatutako pertsonak, eta agerian utzi duzue oinaze horren aurrean sentitzen den bakardadea: nora joan asmatu ezina. Zer moduzko neurriak proposatu dira horrekin lotuta?

Gure elkarteari aukera eman zitzaionean prozesuan parte hartzeko, proposamenetako bat hori izan zen; zoritxarrez suizidio bidez norbait galdutakoan hor geratzen direnentzat laguntza bat ematea. Adierazi genuen ezin zitekeela luzatu gaur egungo egoera. Izan ere, gu ez gara gaixoak, baina min ikaragarria daukagu, eta, min hori behar bezala tratatu ezean, ondorio larriagoak ere ekar ditzake. Hori jakinda, esan genuen komeni zela suizidioa gertatu ondoren pertsona horren gertukoentzat zerbait egitea. Estrategiako neurriak proposatu dira denboraren arabera mailakatuta, eta hori lehenengo mailan sartu da; alegia, garrantzia eman zaio. Beraz, urtebeteko epean horri erantzuna ematen hasi beharko luke osasun zerbitzuak. Orain ikusi beharko da laguntza hori nola ematen den.

Izan ere, egun zurtz sentitzen da jendea gaiaz aritzeko orduan...

Hain justu, jendea aholkularitza eske elkartera etorri izan zaigu. Guri gustatuko litzaiguke pertsona horiei esatea: «Zoaz hara; erantzungo dizute». Izan ere, jendea etorri izan da, suizidio bat gertuan izan berritan, etsi-etsian, laguntza eske, eta guk egun antolatuak ditugun laguntza taldeetan sartzeko eran ez daude pertsona horiek: ilunpe osoan daude, dena puskatuta dago haien bizitzan. Lehen arta bat behar dute...

Baina ez dago bermatuta...

Ez, ez. Eta guk nahiko genuke jendeari esatea nora joan.

Historia klinikoetan suizidio arriskuan direnen gaineko ohartarazpenak egiten hasteko era ireki nahi du, besteak beste, estrategiak. Zer iruditzen zaizue?

Bai. Hor daukagu arazotxo bat: suizidiorako tentazioa dutenek ez dakigu zer neurritan jotzen duten osasun zerbitzura. Agian, hurbildu ere ez dira egiten. Beraz, garrantzitsua da jendeari atea irekitzea: lasai sar dadin, estigmatizaziorik gabe. Izan ere, datu estatistikoei erreparatuta, beren buruaz beste egin dutenen portzentaje handi bat ez da inoiz osasun zerbitzuetan sartu ere egin. Historia klinikoan abisua jartzea ongi dago, baina lehenik eta behin bilatu behar da hurbiltzea.

Hain justu, isilean eta ustekabean heltzen direlako kasu asko...

Bai, eta osasun zerbitzuetatik pasatu gabe. Pena da. Hurbiltzen diren neurrian, identifikatu, eta erantzun egokiak hartu behar dira. Zer esango diozu? «Joan zaitez etxera, eta ikusiko dugu»? Hori ezin duzu esan: hurrengoan ez da joango. Beren buruaz beste egiten dutenek istant batean egiten dute; hamar minutuan erabakia har dezakete, eta egin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna