Joseba Azkarraga. Sare plataformako bozeramailea

«Biktimek eta presoek konponbidearen parte izan behar dute»

Sare Herritarrak bost urte beteta, Azkarragak uste du «urrats bat aurrera» egiteko garaia dela. Bi erronka dituzte: euskal presoei ezartzen zaizkien «salbuespen neurriak» amaitzea eta «bizikidetza» sustatzea.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herriko instituzio nagusietan akordioak lortuta, Sarek presoen inguruko adostasunak bilatuko ditu Espainiako Gorteetan eta Europako Parlamentuan,Joseba Azkarragak (Agurain, Araba, 1950) BERRIAri azaldu dionez.

Bost urte bete ditu Sarek. Nolakoa da balantzea?

Argi-ilunak ditu. Aurrerapausoak eman dira, baina badira kezkatzeko arrazoiak. Alde batetik, Sareren oinarri soziala zabaltzea lortu dugu. Gehiago gara, eta pluralagoak, eta hori zen gure helburuetako bat; alegia, euskal gizarteak bere osotasunean egitea aurre euskal presoen aurkako salbuespenezko egoerari. Baina, beste aldetik, estatuak egoera berriari eman dion erantzuna ez da nahiko genukeena. Oso pauso txikiak eman ditu, eta ez dugu lortu urruntze politikari amaiera ematea edota gaixotasun larriak dituzten presoen egoera hobetzea. Finean, ez dugu lortu euskal presoen aurkako salbuespenezko politikari amaiera ematea. Sareren erronka ez ezik, euskal gizartearen —eta batez ere estatuaren— erronka ere bada hori.

Aurrera begira jauzi kualitatiboa iragarri duzue. Zertan?

Urrats bat egin nahi dugu aurrera. Bi dira erronka nagusiak: batetik, amaitu egin behar da giza eskubideak urratzen dituen salbuespen politika. Sarek uste du indarkeria mota desberdinen biktimek eta euskal presoek konponbidearen parte aktiboa izan behar dutela. Ikasturte berrian indarrak jarriko ditugu helburu horretan. Bestetik, bizikidetza landu nahi dugu. Kapazak izan behar dugu elkarri begiratzeko gorrotorik eta mendekurik gabe, gertatutakoa ahaztu gabe, baina etorkizunean begiak jarrita.

EPPK-ko kideen bi heren ari dira Espainiako Estatuan ibilbide juridikoa egiten kaleratze prozesurako, baina Madrilek trabak jartzen dizkie.

Hirugarren erronka da hori. Presoek aukera izan behar dute, egungo legedia baliatuta, etxera itzultzeko. Gaur egun oso zaila dute bide hori jorratzea. Estatuak espetxe politikan aldaketak iragarri izan ditu askotan, baina hainbat baldintza jarrita, hala nola ETAk indarkeria uztea, armak uztea, desegitea... Hori guztia gertatu denean, ordea, ez da aldaketarik egon. Uste dugu presoei ahalbidetu behar zaiela, egungo legedia baliatuta, Euskal Herrira itzultzea. Zoritxarrez, euskal presoen %85 lehen graduan daude, eta ez diete uzten bide hori hartzen.

Pedro Sanchezek duela urtebete iragarri zuen espetxe politika aldatuko zuela, baina orain arte oso txikiak izan dira egindako urratsak.

Preso batzuk Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara hurbildu izanak ez du esan nahi urruntze politika amaitu dela. Guk sakoneko aldaketak eskatzen ditugu. Presoek etxetik gertuen dauden kartzeletan egon behar dute. Gradu aldaketa bermatu behar zaie, eta aldaketa hori ez dadila egon hurbilketarekin lotuta. Presoak urruntzea erabaki politikoa izan zen, eta hura amaitzeak ere erabaki politikoa izan behar du.

Gobernuak zergatik ez ditu pauso gehiago ematen?

Kezkagarria da estatuak pauso hain txikiak ematea. Horrek agerian uzten du espetxe politika biktimen elkarteek eta eskuineko alderdiek zehazten dutela, eta ez estatuak. PSOEren gobernuari ausardia falta zaio, eta men egiten ari zaio hainbat biktimen elkarteren eta alderdien presioei. Onartezina da biktimen elkarteek espetxe politika baldintzatzea. Gobernuen esku egon behar du erabakiak hartzea.

ETAren biktima askorekin hitz egin dugu Saren, eta bakar batek ere ez du urrunketa politika babesten. Are, denek diote mendekurik eta gorrotorik gabeko elkarbizitzaren alde lan egin behar dela. Hego Euskal Herriko gizartearen gehiengoak eta instituzio nagusiek egungo espetxe politika aldatzeko eskatu dute, eta Espainiako Gobernuak ezin dio muzin egin euskal gizartearen eskaerari.

Euskal gizartean adostasun zabala dago gai honen inguruan, baina, bestalde, Espainian alderdi, elkarte eta hedabide batzuek kontrako norabidean presio egitea erabaki dute. Nola egin aurre horri?

Ongi bereizi behar da biktimenhainbat elkartek publikoki diotena eta biktima bakoitzak pentsatzen duena. Ez baitu zerikusirik. Komunikabideek zeregin oso garrantzitsua dute gai honetan, gobernuen erabakietan eragiteko gaitasuna baitute. Hedabideek salbuespenezko legedia babesten jarraitzen duten bitartean, gobernuek nekez aldatuko dituzte politikak. Hortaz, hedabideei ere exijitu behar zaie argi esateko etorkizuna bizikidetzan eta adiskidetzean eraiki behar dela.

Hirugarren gradua eman berri diote Joxe Anjel Otxoa de Eribe larriki gaixo dagoen presoari. Baina gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hogei preso daude.

Otxoa de Eribe aske utzi berri dute, bere osasun egoera muturrekoa denean. Askoz ere lehenago behar zuen kalean; hori da kontua. Azken hilabetean, aukera izan dugu gaixorik dauden hainbat preso bisitatzeko Santoñan, Logroñon, Zaballan eta Zueran, eta argi esan behar dugu preso horien osasun egoera oso kaskarra dela. Hori onartezina da bere burua demokratikotzat duen estatu batean. Estatuaren esku dago preso horiei 104.4 artikulua ezartzea eta baldintzapeko askatasuna ematea; ezin ditu oraindik preso mantendu. Bizitzaren eta heriotzaren arteko muga oso lausoa da gaixorik dauden presoen kasuetan. Espetxe legediak aukera ematen du preso horiek aske uzteko, eta, berdin dauden preso arruntekin erabiltzen bada, zergatik ez euskal presoekin?

Askotan azpimarratu duzue gizarte zibilak espetxe politika aldatzeko duen indarra, eta eredutzat jo duzue Ipar Euskal Herriko eragileek eta Frantziako Gobernuaren artean irekitako elkarrizketa mahaia. Zergatik ez da posible halakorik Hego Euskal Herrian?

Ipar Euskal Herriko elkarrizketa mahaiari inbidiaz begiratzen diogu. Aurrerapauso itzelak eman dituzte bertan; kontuan hartu behar da duela bi urte Luhuson atxilotu zituzten bakegileak gaur egun solaskide direla Frantziako Gobernuarekin, eta lortu dutela Frantzian dauden euskal preso gehienak Euskal Herrira gerturatzea. Bitartekaritzak irekita segitzen du, gainera. Hegoaldean, ostera, zaila da halakorik lortzea; baina zailagoa da estatuan, hemen baino. Hor ere badugu lanerako esparru bat.

Zer asmo duzue?

Hego Euskal Herrian lortu egin dugu erakundeen zikloa ixtea euskal presoen defentsaren alde. Hau da, instituzio gehienak —udalak, hiru batzar nagusiak eta Gasteizko eta Iruñeko parlamentuak— bat datoz presoen eskubideen defentsan. Hego Euskal Herriko instituzioen zikloa itxita, estatuari begiratzeko ordua da. Gai izan behar dugu espetxe politika aldatzeko gaitasuna duten estatuko instantziei, hau da, Espainiako Gorteei eta Europako Parlamentuari helarazteko Euskal Herriko aldarrikapenak. Jauzi kualitatibo hori ere eman behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.