Kataluniako prozesu subiranista. Diada. Marcel Mauri. Omnium Culturaleko presidenteordea

«Erantzuna ezin da izan soilik gizarte zibilarena»

Bermatzen du lider subiranisten aurkako epaiari erantzun zibil kolektibo «argi bat» emango zaiola, eta dei egin du borroka ez-biolentoaren tresnekin defendatzera. Instituzio katalanei «kontsentsu estrategikoa» eskatzen die.
OMNIUM CULTURAL

Igor Susaeta -

2019ko irailak 10
Elkarrizketa hasi eta berehala, Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordeak (Badalona, Katalunia, 1977) adierazi du egon berri dela Jordi Cuixart elkarte zibil independentistako presidentearekin, kartzelan. «Morroi indartsua da. Oso ondo interpretatu du preso politikoaren rola. Lan handia egiten ari da, beste preso politikoekin batera, kontsentsu ezinbesteko bat mamitzeko epaiketaren epaiaren aurrean». Espainiako Auzitegi Gorenak aste batzuk barru argitaratuko du epaia; aurreikusten da zigor gogorrak ezarriko dizkiela buruzagi politiko independentistei, eta Generalitatea eta alderdi eta elkarte independentistak negoziatzen ari dira horri modu bateratuan nola erantzun, Kataluniako prozesu subiranista norantz bideratu. Mauri historialari eta kazetaria bilera horietan parte hartzen ari da, eta iruditzen zaio badagoela eragile politikoen eta elkarteen «konpromisoa».

Kataluniako buruzagi subiranisten kontrako epaiketaren epaiari erantzuteko, mugimendu independentistari batasuna eskatzen diote JxC Junts Per Catalunyak eta ERC Esquerra Republicanak. Baina haiek mokoka jarraitzen dute Diadaren atarian.

Batasunaz gutxiago hitz egin behar da, eta, lortu ahal izateko, gehiago praktikatu. Dena den, inoiz ez dugu aldagai bat ahaztu behar: [Espainiako] estatuaren errepresioa dago zatiketa politikoaren oinarrian. Estatua ahalegindu da Kataluniako mugimendu politiko¶ independentista bukatzen, baina, jakina, ez du lortu. Hori bai, ondorioak izan ditu: kartzela, erbestea... Mugimenduko lider politikoek ezin dute lasai bildu, eta horrek ez du laguntzen egon daitezkeen aldeak konpontzeko. Baina gure ustez erantzukizun ariketa bat egin behar dugu, eta ezinbestekoa da subiranismoak beti izan dituen kontsentsuak bilatzea.

Errepresioa da batasuna zailtzen duen aldagai bakarra?

Egoeraren erantzule nagusia errepresioa da; hori argi dago. Baina, hori kontuan hartuta, alderdi politiko guztiek, eta gizarte zibileko kideok, oro har, erantzukizun bat dugu. Ez dugu mailarik izan. Publikoki ez dirudi, egia esan, baina guk [alderdien] jarrera aldaketa bat nabaritzen dugu, positiboa iruditzen zaiguna. Badago gogoa adostasun puntu batzuk bilatzeko. Guretzat, kontsentsu estrategikoa ezinbestekoa da erantzun kolektibo irmo bat emateko errepresioari, epaiari.

Zuek bezala, JxC eta ERC ere ekintza ez-biolentoen bidez desobedientzia zibila egiteaz mintzo dira. Baina ikusirik Tsunami Democratic dinamikari eman dioten babes osoa, badirudi desobedientzia hori herritarren bizkar utzi nahi dutela soilik.

Guretzat, desobedientzia zibila da borroka ez-biolentoaren tresnetako bat, eta dinamika hori babesten dugu. Ea nola garatzen den. Dena den, Omniumentzat, epaiaren erantzuna ez dira soilik herritarrak; ez da soilik kalera ateratzea, soilik herritarren ahalduntzea. Hori ezinbestekoa da, bai. Halere, desobedientzia ezin daiteke izan erantzun bakarra. Erantzun instituzional, politiko bat, ere eman behar zaio epaiari. U-1ean, mundu guztiak zekien zer rol zegokion: epaiaren aurrean gauza bera gertatzen da, eta bakoitzak jakin behar du nola erantzun, baina erantzuna ezin da izan soilik gizarte zibilarena. Omniumek bermatzen du erantzun zibil kolektibo argi bat egongo dela.

Duela hiru aste pasa, JxCko goi agintari batek BERRIAri hau esan zion off the record: «Errepublikaren Kontseiluan egin ahal izango dira Espainiaren jurisdikziopean ez dauden ekintza politikoak. Badakigu zeintzuk diren ondorioak...».

Errepublikaren Kontseilua oso garrantzitsua da, Puigdemont presidentea eta beste erbesteratuak egiten ari diren ekintza guztiak bezala. Bakoitzak egin behar duela uste duen hori egin behar du, eta Kataluniako instituzioek erantzun beharko dute dituzten tresnekin, herritarrok gure tresnekin erantzungo dugun bezala.

Eta instituzioek nola erantzun beharko lukete Omnium Cultural asebetetzeko?

Gu gutxirekin konformatzen gara, baina hori asko da: eragile politiko guztiek erantzun ona dela adosten dutena. Hori bai, Omnium ez da kikilduko ikusten badu norbaitek bere agenda politiko legitimoa lehenesten duela mugimenduaren osotasunaren gainetik.

Desobedientzia ekintzek balio beharko lukete, ERCko goi agintari baten ustez, estatua hitz egitera «behartzeko». Desobedientzia handia beharko litzateke horretarako, azkeneko bi urteotan Katalunian ikusi ez dena. Badago desobedientzia iraunkor baterako giharrik?

Epaia absoluzioa ez bada, uste dugu etapa berri bat hasiko dela, eta luzea izango dela. Estatuak errepresioaren bidea hartzea erabaki du, eta hasiko da garai ilun, luze bat, eta borroka ez-biolentoaren tresnekin defendatu beharko dugu. Estatuak erakutsi du indartsua dela, bai, baina Kataluniako herritarrek erakutsi dute ekinak direla, burugogorrak, eta demokrazia eta oinarrizko eskubideak arriskuan jartzen direnean herri bakar baten gisara jokatzen dutela. Konbentzituta gaude erantzuna argia, irmoa eta kolektiboa izango dela, eta iraunkorra ere bai.

Marta Rovira ERCko idazkari nagusi erbesteratuarentzat, «ezin da bide beretik jarraitu aldatu den testuingurura egokitu gabe». U-1etik bi urte pasatu direla, zer bideri jarraitu behar zaio?

Epaia absoluzioa ez baldin bada, estatuak errepresioaren, konfrontazioaren bidea hartuko du. Guk gizarte zibil gisa hitz egin dezakegu, eta erantzun dezakegu,U-1ean bezala, edo historian egin bezala, ekintza ez-biolentoekin; edo, beharrezkoa denean, desobedientzia zibilarekin. Beharrezkoa den guztietan gertatuko da; batzuetan ikusgarriagoa izango da, batzuetan ekintza zehatzagoekin, keinuekin, edo batzuetan munduari bira emango dioten mobilizazioekin, Diadarekin ziur gertatuko den bezala.

Epaiaren ondorenerako beste agertoki posible bat dira Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak. ERC esan eta esan ari da ez dituela baztertzen, baina Quim Torra Generalitateko presidenteak ez ditu nahi. Zer irudituko litzaizuke bozak aurreratzea?

Kontsentsuzko edozein erantzun instituzional irudituko zaigu ongi. Mahai gainean egokiena den irtenbidea jartzeko eskubidea du bakoitzak. Guk ez dugu horri buruz hitz egingo, ez dagokigulako, baina koherentzia eskatzen diegu alderdi politikoei eta erakundeei.

Elisenda Paluzie ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak uztail amaieran adierazi zuenez, hauteskunde posible batzuetan independentismoak botoen %50 gaindituko balu, aldebakarreko independentzia aldarrikapen bat egin beharko litzateke. Ados al zaude?

Biltzarreko kideek, alderdi politikoek bezala, beren bide orria dute, eta mahai gainean jartzen dute. Ausardiaz jokatzen dute, gai nabarmenak plazaratuz eta debate positibo bat sortuz. Omniumek ez du bide orririk; gure estrategia kontsentsuarena da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna