Emilio Santiago Muiño. Antropologoa

«Deskarbonizazioa ez da izango teknologien ordezkatze huts bat»

Trantsizio ekologikoa luzea izango dela ohartarazi du Santiago Muiñok, baina hurrengo urteetan hartzen diren erabaki politikoek baldintzatuko dute norabidea, eta geroari baikor begiratu ahal zaion edo ez.

BERRIA.
inaki petxarroman
2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Emilio Santiago Muiño (Ferrol, Galizia, 1984) antropologia sozialeko doktore eta iraunkortasunerako trantsizio prozesuetako ikertzaile eta aditua da. Eusko Legebiltzarrak martxan duen deskarbonizazioari buruzko batzordean arituko da bihar. Bertatik pasatuko den azken aditua izango da. Gero, txostena idazteari ekingo diote batzordeko kideek.

Zer ideia helaraziko diezu Eusko Legebiltzarreko ordezkariei?

Nagusiki, trantsizio energetikoaren eta deskarbonizazioaren zeregina ez dela teknikoa. Ez da teknologien ordezkatze huts bat, baizik eta askoz prozesu konplexuagoa. Harreman sozioekonomiko, politiko eta kulturalen eraldatze bat izango da.

Beraz, kontua ez da teknologia fosila berriztagarriarekin ordezkatzea bakarrik?

Ordezkapen hori egin beharra dago, baina, horrez gain, kontuan eduki behar da teknologia berriztagarriek mugak dituztela, eta horren ondorioz oso zaila dela gure egungo bizimoduaren jarraipen huts bat bermatzea. Eraldatze teknologiko horrekin batera, egiturazko aldaketak egin behar dira alor askotan: garraioan, elikaduran, lurralde antolaketan, imajinario sozialetan...

Ohartua izango zara diskurtso horrek urduri jartzen dituela ordezkari politiko batzuk.

Bai, baina nire ardura da, gai hauetan aritzen den gizarte zientzialari moduan, eztabaida puntu honetan irekitzea.Energiak eta klimak gaitasuna dute gizartearen atal guztietara hedatzeko, eta, beraz, ezin da ingeniaritza huts moduan kudeatu gai hau. Horregatik, eraldatzea eskatzen dute gure ohiko bizimoduan, hau da, nola antolatzen dugun ekoizpena eta kontsumoa. Hori horrela izanik, bakoitzak ikusiko du zer erantzun politiko, sozial eta ekonomiko ematen zaion horri.

Trantsizio energetikoa hasi dela esango zenuke?

Esango nuke oso luzea izango den prozesu baten hastapenean gaudela. Prozesu honek ez du iraungo ez hamarkada bat eta ez bi, nahiz eta hurrengo urteak oso garrantzitsuak diren. Ekar ditzakeen aldaketa politiko-sozialak, baldin eta zientziak eskatzen digun neurrikoa bada, tirabira asko sortuko ditu. Lehen urrats hauen arabera, baikortasun handiagoa edo txikiagoa eduki ahal izango dugu. Baina, oraingoz, panorama itsusi samarra da, eta COP bakoitza horren froga da, hau da, porrot politiko iraunkor bat zientziaren deialdi gero eta alarmistagoen aurrean.

COP26 amaitu berri da, eta erregai fosilen ardura aipatu da lehen aldiz, oso modu ahulean bada ere. Ez al goaz mantsoegi?

Badugu arriskua ez iristeko garaiz zientziak eskatzen digun helmugara, zeren urtetik urtera gero eta txikiagoa da trantsizio ordenatu baterako aukera. Oso esanguratsua da COP26an lehen aldiz aipatu izana erregai fosilak klima aldaketaren eragile gisa. Erakusten du eztabaida politikoa ze poliki doan, zientziaren aldean. Aurrerapenak badira ere, gero eta utopikoagoa iruditzen zait pentsatzea tamaina honetako erronka bati hel diezaiokegula bizi garen bizimodua aldatu gabe.

Desazkundearen beharra planteatuko duzu parlamentuan?

Hau dena justizia sozialean oinarrituta egin nahi badugu, funtsezkoa da ekonomiaren arlo materiala murriztuz joatea. Belaunaldien, herrialdeen eta gizarteen arteko justizian oinarritu nahi badugu prozesu hau, asumitu beharko dugu murrizketa batzuk egitea. Edozein moduz, planetaren muga batzuk jada gaindituta daudela jakinda, murrizketa horiek bestela ere gertatuko dira. Baina, horiek oso modu ezberdin batean banatu daitezke, hartzen diren neurri politikoen arabera. Azken 200 urteotan hazkunde ekonomikoa ulertzeko izan dugun moduak ez du zentzurik ekologikoki beteta dagoen planeta batean.

Zer esan nahi du horrek?

Funtsean, gizarte iraunkor eta justu batek antolatu behar duela hazkunde ondoko gizarte bat, izango diren murrizketak erabakiz. Ikuspegi asko daude horri buruz, eta eztabaida asko egin daitezke, baina ezinbestekoa da deseskalatze bat ekonomiaren arlo materialean.

Energia eta lehengai eskasia pandemiaren ondorio da, edo egiturazkoa?

Uste dut nahasketa bat dela. Pandemia ondorengo inbutu batzuk badaude, izandako etenaldiaren ondorioz. Baina uste dut egiturazko osagaiak ere badaudela, eta zerikusia dutela planetak dituen muga fisikoekin. Gogoratu behar da 1980ko hamarkadatik gizakien kontsumoak gainditu egin duela Lur planetaren lehengoratzeko ahalmen biofisikoa. Hau da, biosferak eman diezagukeenaren gainetik bizitzen daramatzagu lau hamarkada. Hori, jakina, hainbat modutan azaleratzen ari da; tartean, hornidura arazo material eta energetikoak.

Energia trantsizioa egiteko material batzuk eskas direla aipatu dute egile batzuek. Zein da alternatiba, adibidez, errekuntzako autoak ezin badira elektrikoekin ordezkatu?

Alor honetako literatura zientifikoak dio politika ofizialetan diseinatutako trantsizio energetikoak agortze itxura hartzen duela ezinbestekoak diren lehengai batzuetan. Hau ez da argazki finko bat. Trantsizio hori nola antolatzen den, joko gehiago edo gutxiago eman dezake. Ez da gauza bera zure asmoa izatea dauden errekuntzako auto guztiak ordezkatzea, edo ibilgailu pribatuaren erabilera gutxitu eta garraio publikoa indartzea. Mineralen erreserbak askoz joko gehiago ematen du bigarren hipotesi horretan. Horregatik da garrantzitsua faktore politikoa eta soziala. Arazoak ditugu mineralekin, baina arazoa dugu, batez ere, jarraipen sutsua planteatzen duten hipotesietan.

Materialen berrerabilera eta birziklatzea sustatzeak ate batzuk ireki ditzake?

Gure eredu ekonomikoa zaharkitze programatuaren gisako jarduera irrazionalez gainezka dago. Hori aldatu egin daiteke, baina, hala ere, energia berriztagarriek kostuak dauzkate: ingurumenekoak, materialak, sozialak... Beraz, meategi bat edo parke eoliko bat jarri nahi duten udalerrietako herritarrek kontra azaltzeko eskubide legitimoa dute. Ez aipatzearren zenbait herrialdetan diren lan esplotazio jarduerak, edo baliabideak lortzeko izan daitezkeen gatazkak. Gizarteak planteatu behar du ea zenbat energia kontsumori uko egiteko prest dagoen kostu horietako batzuk saihesteko. Eztabaida garden eta demokratikoa behar dugu.

BPGaren hazkundetik askatuko balitz ekonomiaren neurketa, agian, errazagoa izango litzateke eztabaida hori, ezta?

Ezinbestekoa da ekonomiaren kontabilitate ekologiko bat ezartzea. Informazioa osatuko duten adierazle ekologikoak behar dira, eta politika publikoak adierazle biofisiko horien arabera antolatu: erosketa publikoak, plangintzen helburuak... Edozein kasutan, BPGaren hazkundearen obsesio hori gure ekonomiaren funtzionamenduaren beste dinamika sakonago batzuen erakuslea da, eta hori konplexuagoa da. Epe luzera, baina, helburu horretara jo beharko da, mundu ekologikoki bete batera iristeko. Zabaltze ekonomia bat baino gehiago, euste ekonomia bat beharko dugu.

Ekonomia zirkularra, alegia.

Termodinamikak ez du aukerarik ematen birziklatze perfektua lortzeko. Baina, behintzat, Alicia eta Antonio Valerok dioten moduan, espiralezko ekonomiabat beharko genuke, materialen erabilera ahalik eta gehien luzatuko lukeena... Horrek ekoizpen prozesu osoa berrantolatzea eskatzen du, eta ez dator bat indarrean den berehalako etekinaren logikarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.