Albistea entzun

Teresa Echeverria Vallejo. Erizaina, sexu indarkerian aditua

«Arreta drogan jarrita, biktima txarrak eta onak sortzen dituzte»

Emakumeen sumisio kimikoaz baino, Echeverriak nahiago du drogen eraginaz baliatuta egindako sexu indarkeriaz aritu, alkoholarena barne. Biktimen prozesuak ulertu behar direla uste du Bartzelonako erizainak.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2022ko ekainak 21

Sumisio kimikoaz eta emakumeen aurkako sexu indarkeriaz mintzatzera gonbidatu zuen orain hiru aste Iruñeko Udalak, izen bereko jardunaldi batzuetara, baina hasieratik jarri zuen baina Teresa Echeverria Vallejok (Bartzelona, 1956). Bartzelonako Ospitale Klinikoko indarkeria batzordeko erizain aholkularia da, eta hiri bereko Erizaintza Elkargoko indarkeria eta osasun programako erizaina. Gertutik ezagutzen ditu indarkeria pairatu duten emakumeen prozesuak.

Zer da sumisio kimikoa?

Gu ez gara sumisio kimikoaz aritzen, termino horren mediatizazioak dena nahasi baitu. Droga kontsumoaren efektuen eraginpeko indarkeria sexualaz hitz egiten dugu guk: ezberdina da.

Zein da ezberdintasuna?

Sumisio kimikoarekin, droga arraro eta ilunen mitoa eta estereotipoa sortu da, edarian botatzen direnena, baina batzuk izan daitezke farmako oso normalizatuak. Eta, aparte, erabat borondatez kontrakoa den indarkeria sexual mota bat sortzen du, kontrolaezina gainontzeko indarkeria sexualen aldean: eragotzi zitezkeenak, bereziki alkoholaren kontsumoaren kasuan, edo izan ez duzun bertzelako erresistentzia batekin. Guri interesatzen zaiguna da indarkeria sexuala artatzea, edozein izanik ere hura eragiteko erabilitako estrategia: droga zure borondatearen kontra ematea, alkohol kontsumo gehiegizkoa sustatzea, edo oportunista bat izatea eta indarkeria sexuala praktikatzea zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen kontra, mozkor daudela baliatuta.

Zer arrisku du droga arraroen estereotipo hori erabiltzeak?

Indarkeria sexualaren perbertsio bat gertatzen da: arreta erasotzailearengandik kendu eta biktimarengan jartzen da, eta erabili den mekanismo horretan. Indarkeria sexualaren transzendentzia deszentralizatzen da hala: hots, badela erasotzaile bat, delituak egiten dituena pertsona baten aurka, eta erantzukizun guztia daukala. Eta pertsona hori oso kaltetua gelditzen dela eta interbentzio eta indarberritze prozesu oso luze eta garrantzitsuak behar dituela. Bistan da drogak erabili egiten direla borondatea murrizteko, baina hori ez da funtsezkoena. Komunikabideek, arreta drogan jarrita, biktima onak eta txarrak sortzen dituzte herritarren inkontzientean. Errealitatetik oso urrun dago, eta antiterapeutikoa da.

Ez dira hainbertze erabiltzen droga horiek?

Orain, sumisio kimikoaren sailkapen irizpidea aldatuko dugu, eta aipatuko dugu drogen kontsumoaren pean egindako indarkeria: asko igoko dira ehunekoak, aisialdi denboran alkoholaren eta drogen borondatezko kontsumoa oso zabaldua baitago, bereziki gazteen artean, eta zaurgarritasun faktore izugarria baita. Sumisio kimikoaren datuak oso egonkorrak dira, eta ez dira garrantzitsuenak indarkeria sexualen metodoen artean: kasuen %25-%30 inguru dira. Ez da gutxi, baina kasuen %75etan bertzelako estrategia batzuk erabili dira.

Ohikoagoa da alkoholaren eraginpekoa, adibidez?

Uste dut gogoeta garrantzitsu bat izanen dela: kontsumoei buruzkoa, zaurgarritasunari buruzkoa. Garrantzitsua da prozesu hauek ulertzea, hobeki barneratzeko errekuperazioaren konplexutasuna: errua maiz kontu hauei lotuta egoten da.

Nolako zailtasunak sortzen dira erasoak drogaren eraginaren pean gertatzen direnean?

Zailtasunak ez dira nabarmenki ezberdinak bertzelako testuinguru batean erasotzen dietenen aldean. Eraso sexual bat pairatu dutenen errekuperazioa konplexua da beti, ez baita soilik landu behar biktimarekin: harekin lotuta dauden bertze elementu oso garrantzitsu batzuk ere landu behar dira.

Zein, adibidez?

Familia, testuinguru soziala, judikatura; eta gizarteak erantzun dezala modu azkar, eraginkor eta sendoan erasotzailearen aurka. Errekuperazioak beti ditu hiru aspektu horiek: poliedrikoa da.

Normalean zailtasunak ingurunetik datoz?

Elkarreraginean daude: segun eta zer ingurune daukazun, segun eta familia eta lagunak nolakoak dituzun... Pertsonei erakutsi behar zaie biktimari ulertzen, biktimaren prozesuak batzuetan oso luzeak baitira, eta oso ezegonkorrak. Gorabeherak daude, kiribilak... Familiak normalean ez daude prest horrelako egoera batean esku hartzeko: osasun publikotik eta gizarte zerbitzuetatik erraztasun guztiak eman behar zaizkie.

Amnesia eragiten duten drogak hartuz gero, zer zailtasun ekar dezake jasandako erasoa ez oroitzeak?

Gai konplikatua da, ez baita izaten ez duzula deus oroitzen, baizik eta ez duzula dena oroitzen, edo ez duzula zati handi bat berehala oroitzen. Ondotik, segur aski, memoria hori berreskuratuz joanen zara. Eta, prozesu horrek, zeina luzea eta mingarria baita —etengabe gertaerara zaramatzaten flashbackak baitira—, denbora behar du. Hori guztia gerta dakizuke droga kontsumitzeagatik edota inpaktu psikologikoa hain handia izan daiteke, ezen pertsona amnesia batean sar baitaiteke, hala nahi izan gabe. Shock horrek eragiten du garun ordenatu bat, geruzatuta dagoena, bat-batean sartzea nahas-mahas batean non dena distortsionatu eta desantolatzen den.

Zer egin behar da halakoetan?

Memoriari denbora eman behar zaio, pertsonak erreakziona dezan, egonkortu dadin, oroitu dezan. Egoera pixkanaka azaleratuz joanen da, eta, hortik aurrera, errazagoa izanen da puzzlea berrosatzea. Sekula egin behar ez dena da oroitzapena presionatzea, ze anitzez estres handiagoa sortuko dute, are gehiago desantolatuko dira, eta gauzak nahasi eginen dituzte. Eta nahaste horretan sortzen da pertsonaren sinesgarritasun falta.

Sistema judiziala prest dago biktimaren prozesurako?

Progresiboki prestatzen ari da, baina oso mantso.

Nola prebenitu daitezke halako erasoak emakumeen askatasuna mugatu gabe?

Debate konplikatua da. Jakitun gaude gizartean arrisku anitz daudela, eta ez gaude hargatik egunero paranoia batean, gure bizitza hankaz gora jartzeraino. Hori ez da gertatu behar aisialdiarekin ere, baina egoera orekatu behar da, norbere babesari eta zaintzari dagokienez: zuk ere ardura daukazu zure segurtasunean.

Zer erran nahi duzu?

Zuk badakizu ongi sentiarazten zaituzten zer mekanismo erabil ditzakezun momentu jakin batean norabait jo ahal izateko. Sistemak bermatu behar digu leku guztietara nahi dugunean eta nahi dugun bezala joateko segurtasuna, baina hori suposizio teoriko bat da, praktikan existitzen ez dena. Beraz, babesten ez gaituen sistema baten biktimak izanen gara sistematikoki. Presio egin behar da bermeak izateko, gure askatasunarekin zorrotzak izan, baina zaintzaile izan, aldi berean.

Nola?

Hori da eztabaida.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Emakume bat maskararekin paseatzen, Donostian. ©GORKA RUBIO/FOKU

COVID-19arekin hildakoak eta positibo eman dutenak gutxituz doaz etengabe

Jone Arruabarrena

Astetik astera, nabarmen jaisten ari dira kopuruak; oraingoan, 31 hildako izan dira, eta 1.881 positibo.

Aragoiko kanala. ©Javier Cebollada / EFE

Hilik aurkitu dute atzotik desagertuta zegoen Ribaforadako bizilaguna

Berria

Zaragozako Novallas (Aragoi) herrian aurkitu dute 82 urteko gizonaren gorpua.

Tuterako Santanak, artxiboko argazkian. ©TUTERAKO UDALA

Hil egin da Tuterako entzierro batean larri zauritutako gizona

Berria

74 urte zituen, eta uztailaren 26ko entzierroan zauritu zen.

BU-520 errepideko 2. kilometroa, Burgos ©Google Maps

Hiru gazte hil dira asteburuan trafiko istripuz

Lide Egizala Urteaga

Barakaldoko 20 urteko bi gazte hil ziren larunbat gauean. Igandean, berriz, Astigarragako gazte bat hil zen Pirinioetan, moto istripu batean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...