Udal eta foru hauteskundeak. Elkarrizketa. Maider Etxebarria. PSE-EEren Gasteizko alkategaia

«Ez dut akordiorik baztertzen; batzearen aldekoa naiz»

PSE-EEren Gasteizko alkategaiak dio «herritarren ongizatea hobetzeko» xedez egingo dituela akordioak bozen ostean. Uste du Espainiako Gobernuak martxoaren 3ko oroimenezkoan egon beharko lukeela.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
«Ilusio handiarekin» eta «gogotsu» aurkeztu da Maider Etxebarria (Gasteiz, 1976) Gasteizko alkategai posturako. Ez dago kezkatuta inkestek diotenarekin, eta PSE-EEk 2019ko hauteskundeetan espero zituen emaitzak baino askoz hobeak lortu zituela gogoratu du: «Inkestak? Ez naiz fio. Duela lau urte lau zinegotzi ematen zizkiguten, eta alkatetza lortzeko zorian egon ginen». Gaztelaniaz erantzun ditu BERRIAren galderak.

Madrilen PSOEren gobernua egoteak eraginik izan dezake herritarren botoan?

Zaila da hori jakitea, baina espero dut onerako izatea. Madrilgo gobernuak egoerarik kalteberenean dauden pertsonen ongizatea hobetzeko neurriak hartu ditu, eta sinetsita nago jendeak hori aintzat hartuko duela botoa emateko orduan.

EAJrekin batera agintzen duzue Gasteizen, gutxiengoan. Pozik?

Azken hamarkadetako legealdirik zailenetakoa izan dela uste dut. Izurriak eta Ukrainako gerrak sortutako krisi energetikoak baldintzatuta egon da, baina udal gobernuak ez du inor atzean utzi. Lehenetsi egin ditugu osasuna, gizarte zerbitzuak eta suspertze ekonomikoa, eta gauzak ongi egin ditugu, zaurgarrienak babestuta.

Nahiko esanguratsuak izan dira gobernuko bi bazkideen artean izan dituzuen polemikak.

Ikuspuntu politiko zeharo ezberdinak ditugu bi alderdiok, baina gai izan gara gure desberdintasunak gainditzeko eta gure interesen aurretik herritarren ongizatea jartzeko.

EAJ-PSE ituna berriz egitearen aldekoa zara?

Zuhurtziaren eta soseguaren aldekoa naiz. Kudeaketa oso serioa egin dugu, eraginkorra. Gauzak ongi egin ditugula azaldu behar zaie herritarrei, eta, hortik aurrera, herritarrek erabakiko dute zer nahi duten. Maiatzaren 28aren ostean erabakiko dugu zein den Gasteizek behar duen gobernurik hoberena.

Ezkerreko itun bat posible ikusten duzu?

Ez dut akordiorik baztertzen; ni batzearen aldekoa naiz. Herritarrek zer dioten entzun nahi dut lehenik erabakiak hartu aurretik. Herritarren ongizatea hobetzea da nire asmoa.

Madrilen, PSOEk eta EH Bilduk akordioak lortu dituzte. Han posible izan dena zergatik ez da gertatu Gasteizko Udalean?

Norberak esan beharko du zergatik ez den gai itunak egiteko. Enpresa pribatuan bada teoria bat esaten duena akordioak nahi eta nahi ez lortu behar direla. Ni saiatu naiz ideia hori hemen aplikatzen, eta harro esan dezaketakordioaren bidez lau aurrekontu aurrera ateratzea lortu dugula Elkarrekin Gasteizekin. Alderdi bakoitzak bere buruari galdetu beharko dio zergatik ez den gai izan akordioak lortzeko.

Hurrengo alkateak euskalduna izan beharko luke?

Bi hizkuntzak koofizialak badira, denek jakin beharko lituzkete biak. Baina nik ingelesaren aldeko apustua egingo nuke, munduan zehar mugitzeko ezinbesteko hizkuntza da, eta ni, munduko herritarra naizen aldetik, ahalik eta hizkuntza gehien ezagutzearen aldekoa naiz. Nire lanean alemana, frantsesa eta ingelesa erabili izan ditut, eta, orain, euskarazko profila gehiago definitzen ari naiz. Urte asko daramatzat euskara ikasten. Azken hiru urteotako oporrak barnetegi batean eman ditut nire seme-alabekin. Euskara ikastea familia osoaren apustu bat da, ez soilik nirea.

Emakumea izango da hurrengo alkatea. Politika feministak garatu beharko lituzke?

Alderdi sozialista da historian egon den alderdirik feministena eta aurrerakoiena. Niretzat, feminista izatea giza izaerarekin doan zerbait da, eta nire ibilbide pertsonalak eta profesionalak erakusten dute. Emakume izateak ez du esan nahi feminista eta aurrerakoia izatea; sozialista izateak, ordea, bai.

Gasteizko Udalak alokairuzko etxebizitza parke propio bat izan beharko luke?

Hainbeste gauza izan beharko genituzke... Joan gaitezen urratsez urrats, has gaitezen eraikitzen hitzartu ditugu alokairu sozialeko 960 etxebizitza horiek,eta hortik aurrera jarrai dezagun alokairuzko politikak bultzatzen.

Etxebizitza legea konponbidearen parte izango da?

Noski. Lege historiko bat da, eta ez du eskumenik urratzen. PPk etxebizitzaren inguruan duen ikuspuntutik erabat aldentzen da lege hau: guretzat, etxebizitza beharrizan bat da, eta PPrentzat, luxuzko ondasun bat.

Zer iritzi duzu Aranako klinika zaharrean eraiki nahi den errefuxiatuen zentroak sortutako polemikaz?

Politikoki oso erabilera maltzurra egin da gai honekin. Non geratu dira gizatasuna eta elkartasuna? Asko haserretzen nau elkartasunez hitz egiten duten alderdiak abagunea iristean denean ezkutatzeak. Euskal ereduaz ari dira batzuk, baina, aizue, hau da Europak egiteko esaten ari zaiguna! Solidarioak izateko konpromisoa hartu dugu Europarekin, eta hori ekintzekin erakutsi behar dugu, ez soilik hitzekin. Euren herrialdeetatik ihes egin behar izan duten pertsona horiei harrera egin behar diegu.

Alderdiek ez ezik, hainbat auzo elkartek ere kezka agertu dute zentro horrekin. Babestu Gasteizek eskatu du mendeko pertsonentzat izatea.

Ulertzen dut hainbat elkartek bestelako zerbitzu batzuen alde egin nahi izatea. Alde horretatik, uste dut egoitzen eredua berrikusi behar dugula. Pandemiak agerian utzi zuen zainduak direnak eta zaintzen dituztenak jartzen dituen eredua behar dela.

Martxoaren 3ko biktimek esan dute Espainiako Gobernuak barkamena eskatu beharko lukeela oroimenezkoan parte hartu nahi badu.

Uste dut gauzak nahasten ari direla. Espainiako Gobernuak aurrekontua jarriko duen heinean, logikoa da memorialean parte hartu nahi izatea, eta haren borondatea da patronatuan parte hartzea. Uste dut denek parte hartzeko eskubidea dutela. Ez dugu ahaztu behar, gainera, 1976ko martxoaren 3ko gertakarietan egon ziren pertsona asko sozialistak izan zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.