Udal eta foru hauteskundeak. Elkarrizketa. Juan Mari Aburto. EAJren hautagaia Bilboko udalerako

«Bilbon zeozer egiten baduzu, atxilotua eta zigortua izan zaitezke»

Bilbo hiri segurua dela aldarrikatzen du Aburtok, baina nahi du «gaizkileek» jakitea zeozer egiten badute ez dela zigortu gabe geratuko. Haren ustez, «beharrezkoa» da polizia gehiago egotea hirian.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Zortzi urte egin ditu Juan Mari Aburtok (Bilbo, 1961) Bilboko alkatetzan, eta beste lau egiteko aurkeztu du bere burua alkatetzarako. EITB Focusen inkesten arabera, gehiengo osoaren atarian dago EAJ, baina ez du baztertu berriro PSE-EErekin gobernatzea.«Hauteskundeetara begira, konfiantzaz nago, geneuzkan proiektu guztiak aurrera eroatea lortu dugulako».

Zelan joan da agintaldia?

Agintaldi oso zaila izan da guztiontzat: gizartearentzat eta erakundeentzat. Azpimarratu nahi nuke zelan egin diogun aurre pandemiari: elkarlanarekin. Alderdi guztiak izan gara kapaz bakoitzaren iritziak eta ideiak alboan utzi eta akordioetara heltzeko. Pozik nago horrekin.

Zein da EAJren proposamena datozen lau urteetarako?

Ez zait gustatzen promesak egitea, baizik eta konpromisoak hartzea. Hiru lehentasun dauzkagu. Lehenik, pertsonak; pertsona guztiak, inor atzean gera ez dadin. Bestetik, auzoak. Bilbo 42 piezako puzzlea da, eta piezaren bat falta bada, ez dago polito. Auzo guztiek sentitu behar dute Bilbo honen parte; hiri orekatua behar dugu. Azkenik, garapen ekonomikoa eta kalitatezko enplegua. Gizarte kohesioa lortzeko, beharrezkoa da garapen ekonomikoa. Garapenak ez badakar gizarte kohesioa, ez dugu nahi garapenik.

Espainiako Etxebizitza Legeak leku batzuk tentsio eremu izendatzea aurreikusten du, alokairu igoerak mugatzeko. Izendatuko zenuke Bilbo tentsio eremu?

Legean agertzen da nola egin, errenta baldintzak, zailtasunak... Hori egiteko, Euskadik badu eskumena, estatua sartu barik. Hori esanda, ezin dugu aurreiritzirik eduki. Aztertuko dugu, eta ikusiko dugu, baina ezin dugu ahaztu Bilbon daukagun babes publikoko etxebizitza ratioa estatuko altuena dela. Euskadiko etxebizitza legea geneukan aurretik, baita diru sarrerak bermatzeko errentarekin lotuta geneuzkan etxebizitzaren prestazio osagarriak ere. Ezin dugu ahaztu etxebizitzaren arazoa konpontzeko tresna nagusia enplegu duina izan behar dela, ondo ordaindutakoa. Hortik aurrera, gure politikak alokatzera bideratu behar dira; ezin dugu babestu etxe baten jabea izatea. Laguntzak eman behar ditugu, eta etxebizitzak eraiki alokatzeko.

Zuen aurreko programaren puntuetako bat zen euskararen erabilera sustatzea Bilbon eta udalaren funtzionamendu hizkuntza izatea. Bete da?

Prozesu bat da, eta barrura begira hobetu egin da. Gero eta gehiago egiten dugu gure lana euskaraz, baina bide luzea daukagu aurretik. Kalean ere hainbat programa egin ditugu, merkataritzaren alorrean, familienean, kirolarenean... Gero eta jende gehiagok daki euskaraz; orain, erabilpena da erronka.

Basurtuko ospitaleko osasun langile ugarik zerbitzuaren «pobretzea» salatu zuten iaz, eta zuri eskatu zizuten euren alde egiteko. Zer iritzi duzu aferaz?

Argi esango dizut. Ez daukat behar den ezagutza jakiteko bihotzeko kirurgia egon behar den Basurtun eta Gurutzetan edo bateratuta egon behar den. Nik nahi dut bilbotar batek bihotzeko kirurgia behar duenean arreta onena eman diezaiotela. Ezin dira arazo artifizialak sortu. Ni Basurtuko ospitalea txikitzearen kontra nago; ospitale integrala izatea nahi dut. Elkarlanean aritu naiz[Gotzone Sagardui] Osasun sailburuarekin, eta aurreratu dezaket Basurtuko ospitalea handitu egingo dela hurrengo urteetan.

Hautagaitzaren aurkezpenean, zera esan zenuen: «Egurra gaizkileari. Jakin dezatela Bilbon atxilotu eta zigortu egiten zaituztela». Bilbo hiri arriskutsua da?

Ez nuke esango. Hiri segurua da, baina ez du esan nahi ez denik ezer gertatzen. Urtero ematen ditugu datuak, gardentasun osoz. Segurtasun hitzarmena alderdi guztiok sinatu genuen. Egin duguna alderdi guztiok egin dugu. 2018tik hona, 250 polizia gehiago jarri ditugu Bilboko kaleetan. Momentu honetan, 900 udaltzain daude. Indarrez lapurtzen dutenetatik, bitik bat atxilotzen dugu. Hortaz, Poliziaren efikazia izugarria da. Atxilotuak %233 ugaritu dira. Sendo ibiliko gara gaizkileen aurka, bainazigorgabetasuna ezabatu behar dugu. Harremanetan gaude epaileekin epaiketa arinak lortzeko. Gure asmoa da sentsazio hori ezartzea: Bilbon zeozer egiten baduzu, atxilotua eta zigortua izan zaitezke.

Basaurin, Iruñean, Ermuan, Donostian, Gasteizen... emakumeen etxeak daude. Bilbon ere eskatu dute talde feministek.

Bai, egia da, Bilbon ez dago. Programan jaso dugu datorren agintaldian eraikitzeko asmoa.

Aurreikusi duzue non?

Leku batzuk egon daitezke. Momentu honetan, Telefonicaren etxe bat aztertzen ari gara, Alde Zaharrean.

Iaz polemika egon zen Atxuriko saskibaloi kantxan lo egiten zuten etorkin adingabeen aferagatik. Udalak hesi batzuk ipini zituen, eta gauetan zarratzea erabaki. Egin diezue jarraipenik?

Zehazte aldera, ez ziren adin txikikoak: adin nagusiko gazteak ziren. Lehenik eta behin, areto futbolean eta saskibaloian jokatzeko eremu bat egin genuen Atxurin. Ezin zen behar den moduan erabili, pertsona horiek geratzen zirelako lo egitera eta euren beharrizanak egitera. 2019an, 203 leku geneuzkan etxegabeentzat. Orain, lau urte pasatuta, 539 dauzkagu, eta neguan, beste 276 gehitzen ditugu. Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuen Plangintzaren arabera, Bilbori 59 leku eskaintzea dagokio.

Etxegabeekin dugun konpromisoa izugarria da. Norbaitek ezagutzen badu gurea baino konpromiso handiagoa, esan dezala. Bilbok egin beharrekoaegiten du, baina udal guztiek egin behar dute gauza bera. Egiten dute? Arrigorriaga daukagu hortxe bertan. Bilbora pertsona asko etortzen dira beste leku batzuetatik. Guk ezin dugu muga barik eman arreta. Eta bikoiztu baino gehiago egin dugu lekuen kopurua. Hori esanda, Atxuriko pertsona guzti-guztiei arreta eskaini genien. Batzuek onartu zuten, eta beste batzuek ez. Auzokoen eskutitza daukagu, esanez ados zeudela udalarekin eta jarritako hesiekin.

SOS Arrazakeriak San Frantzisko auzoaren «militarizazioa» salatu zuen orain dela hil batzuk. Bertan ibiltzen den polizia kopurua egokia iruditzen zaizue?

Bertako auzo elkarteek dioskutepozik daudela Polizia euren kaleetan ikusiz. Nik ez dut militarrik ikusi handik, baizik eta udaltzainak eta ertzainak, eta esango nuke herritik sortutakoak direla. Haien lana da auzotarrak babestea. Horrexegatik uste dut beharrezkoa dela daukagun Polizia eta gero eta polizia gehiago izatea. Hiritarrek inkestetan esaten dute poztekoa dela gero eta polizia gehiago egotea Bilbon. EH Bilduk, PPk eta EPk ere beharrezko ikusi dute, hala zehaztu zuen-eta sinatutako segurtasun hitzarmenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.