Albistea entzun

Jose Ignacio Asensio. PSE-EEko Gipuzkoako ahaldungai nagusia

«Euskararekin ez dugu arazorik; nazionalistak joko arriskutsuan dira»

EAJ «EH Bildu baino abertzaleago» azaltzeko ahaleginean dabilela uste du Asensiok; jeltzaleekin azkenaldian dituen ika-mikak «ez dira itxurak egiteko».
ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko maiatzak 19 - Donostia

Gipuzkoarrek «zer dioten ikusi arte» zain egoteko eskatu du Jose Ignacio Asensiok (Tolosa, Gipuzkoa, 1966), baina aurreratu du EH Bilduk ez dituela «printzipio etikoak» betetzen, eta bozen osteko itunei begira marra gorria dela hori PSE-EErentzat.

EAJrekin dituen ezadostasun ugari azaleratzen ari da PSE-EE; haren itzalak zuen marka estaliko ote duen beldur zarete?

Gobernu akordio bat izan dugu, eta ondo joan da. Baina eduki berriak sortu dira. Ingurumenaren zergan, adibidez, ez dugu haren alde egin, ez delako bermatu helburu finalista.

Badira beste hainbat...

Bai, udatik hona EAJren leialtasunak behera egin du, eta bere kasa hasi da. Gure desadostasunak ez dira estrategia, ez da itxura egitea.

Kasualitatea da ika-mika horiek hauteskunde garaian hastea?

PSE-EEk bere izaera dauka, bere programa eta bere iritziak. EAJn urduri daude. Batzuetan ez dute adostasunetara iritsi nahi, eta oso jarrera ideologikoetan aritzen dira. Badirudi EH Bildu baino abertzaleago azaldu nahi duela EAJk.

EAJk bere soslai abertzalea indartu egin duela esaten ari zara?

EAJk ez du hitz egin zortzi urtean ez erabakitzeko eskubideaz, ez independentziaz, eta politika orokorreko azken osoko bilkuran Markel Olanoren hitzaldia ikusi besterik ez dago ohartzeko aldaketa bat dagoela: erabakitzeko eskubidea atera zuen kapelatik. Zergatik? EH Bildurekin lehian daudelako eta urduri daudelako.

Erraustegian kutsadura delitua egin ote den ikertzen ari da justizia. Zer gertatzen ari da?

Egoera normala da, eta zaborren kudeaketaren arazoa erabat konpondu dugu. Orain zortzi urte, Gipuzkoaren zati bat zintzilikarioz beteta zegoen, atez atekoari lotua. Oraindik ere badira batzuk, nahiz eta ez diren iristen lurraldearen %6ra. Herritarrak pozik daude, oro har, gure kudeaketarekin. Ez dut ikusten ezinegon handirik, batzuk egongo diren arren. Zubietako azpiegitura egin dugu, eta zabortegiak itxi, eta hori zoriontzeko modukoa dela uste dut.

Zertarako ikertzen ari da orduan justizia?

Noizean behin gertatzen dira eta gertatuko dira, zoritxarrez, zenbait akats. Baina egin diren salaketak baztertu egin dira. GuraSOSek 20 baino gehiago egin ditu, eta denak bertan behera geratu dira.

Baina kutsadura delituen ikerketa hor dago...

Ikertzea gauza bat da, eta epai bat egotea beste bat. Epai guztiak gure aldekoak izan dira, denak, eta ikerketa horrekin ere gauza bera gertatuko da. Zerbait gaizki egiten bada, partzuergoa daukagu. Isunak jarri behar baditu, isunak jartzen ditu. Eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE gaude ordezkatuak hor.

Lurraldeen arteko desorekari erreparatzen diote aldiro PSE-EEko ahotsek, eta Donostiako ESIaren auzia horrekin lotu dute batzuek. Zer diozu zuk?

Egoera larria da, eta ez bakarrik Donostiako ospitalean. Bidasoko ospitalea, Zumarragakoa, Mendarokoa, lehen arreta... Tolosako ospitalea egingo zutela esan zuten duela lau urte ere, eta ez dute harri bat jarri oraindik. Ahaldun nagusi naizenean, lehen deia Sagardui sailburuari egingo diot, esateko ezin duela beste alde batera begiratu arazo horien aurrean.

Markel Olanok beste alde batera begiratu du?

Behar den lekuan jarri behar dugu gai honetan, funtsezko zerbitzuei buruz ari gara eta. Ez dut pentsatu nahi lurraldeen arteko desberdintasunak daudela eta hemengo zerbitzuak Bizkaira joango direla. Ahaldun nagusi gisa ez nuke hori onartuko.

Osasunari loturik, zaintza azaltzen da erronka handien artean Gipuzkoan. Nola finantzatu beharko da zerbitzu horien gastuen gorakada?

Hemendik hamar urtera baliabide gehiago beharko ditugu: gastua %20 edo %30 igo daiteke, eta PSE-EEren proposamena da aurrekontuen erdia behintzat gizarte zerbitzuetarako balia dadila. Hori bermatzeko, erreforma fiskala beharko dugu, noski.

Ezkerrekoa dela dio PSEk, baina EAJrekin eta PPrekin adostu zuen azken erreforma fiskala. Kapitala asko babesten duen sistema aldatu egin behar da?

Ez nago ados ikuspegi horrekin. Fiskalitatea ez da hainbeste aldatu, eta progresibotasuna babestu da. Egia da orain berrikusi egin beharko dugula, lan errentak eta BEZak sarreren %80 direlako; baina lehen ere antzera zen. Fortuna handien zerga adostu genuen Bildurekin duela hamar urte, eta 57 milioi sartzen ziren; gero, ondareen zerga ezarri genuen, eta 11 milioi gehiago biltzen dira. Dena den, Espainiako aberastasunaren zerga hona ekartzea nahi dugu, baita bankuei eta energia konpainiei jarri dizkieten zergak ere.

Lan errenten aldekoa izango da datorren erreforma?

Progresibotasuna bultzatuko dugu, eta zerga berriak nola kudeatu erabaki beharko da. Eta sozietate zergan %15eko tasa erreala ezarri beharko da, bilketa osoaren %6 bakarrik baita.

PSE-EEk zergatik ez du babestu aldundiak Uliazpiko hizkuntza eskakizunen inguruko epaiari jarritako helegitea?

Herritarrek beren arreta euskaraz jasotzeko eskubidea dute, eta Uliazpiko epaiak ez dio aurkakorik. Ez ditu hizkuntza eskubideak zalantzan jartzen. Lan eskubideak jarri dira dudan, hori bai. Abertzaleak nahasketa handian dabiltza. Hizkuntza soslaia lanpostu guztietara ezin dela zabaldu dio epaiak. Langileak kaleratu ditzakete, izan ere, hizkuntza eskaera lanpostu guztietan ezarri delako. %70ean eskatzea normala izan daiteke, euskara eskubideak bermatzeko, baina ezin dira lan eskubideak zalantzan jarri. CCOOk eta UGTk ondo azaldu dute.

Espainiako justizian oldarraldi bat dago, ordea, euskararen ezagutzaren eskaeraren aurka.

Nazionalistak joko arriskutsu batean sartzen ari dira. Guk ez dugu inolako arazorik euskararekin: zaindu egin behar da, eta erabilera zabaldu. Beste kontu bat da lan eskubidea zalantzan jartzea. Eskubide guztiak bermatu behar dira.

Aurreratu duzu ez duzula «Bilduren kaosa» ekarriko bueltan. Beraz, Eider Mendoza izango da ahaldun nagusia, ezta?

Ez. Itunak egiteko hiru irizpide ditugu: egonkortasuna, programa sozialdemokrata eta printzipio etikoak. Ikus dezagun herritarrek zer dioten. Ikus dezagun ez ote duten aliantzarik egingo EAJk eta EH Bilduk. 2007an, PSE-EEk irabazi zituen hauteskundeak, eta EAJk nazionalisten arteko akordio bat egin zuen. 2011n, EAJk Bilduri utzi zion gobernatzen.

Ez gatoz, ordea, PSE-EEk eta PPk osatutako Jaurlaritza batetik...

Gipuzkoarren eskarniorako egin zutela zioten batzuek, eta ikusi genuen zer-nolako paralisia eta kaosa eragin zuten.

Iriartek argi izan behar du ez duela zuen babesa izango?

Ez du betetzen gure irizpideetako bat, izan ere.

Zein?

Irizpide etikoa. Ez dute esan hiltzea gaizki egon zela. Orain ere ikusi dugu nola egin dituzten zerrendak.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Arkaitz Rodriguez, atzo, Arrasateko Uarkape frontoian eginiko hitzaldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Sortuk abagunea baliatu nahi du Madrilen nazio auzia jorratzeko

Iosu Alberdi

Alderdi independentistak VI. Nazio Konferentzia egin du, eta militanteek aurrera begirako plan politikoa onartu dute. EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi dute

Josu Urrutikoetxea, 'No me llame Ternera' dokumentalaren une batean. ©

Auzi bat, ikuspegi desberdinak

Enekoitz Esnaola

Josu Urrutikoetxeak gehienbat ETAren hilketei buruzko galderak erantzun behar izan ditu 'No me llame Ternera' dokumentalean; maiz aipatu du «sentitzen» duela. Gainetik jorratu dute «gatazka».

 ©BERRIA

Torturak blaitutako irail hura

Gotzon Hermosilla

Egunotan 30 urte beteko dira Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro Espainiako polizia indarren eskuetan zeudela hil zirenetik. Haien kasuek argitu gabe jarraitzen dute.

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Sanchezek lortuko du inbestidura aurrera ateratzea»

Gurutze Izagirre Intxauspe

Erronka nagusiak gizarte gaietan daudela uste du Anduezak, eta horretarako politikak garatzea da Alderdi Sozialistaren lehentasuna. Nazio auzia ez dago gizartearen kezken artean, haren aburuz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Xabier Martin

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...