Albistea entzun

Mertxe Aizpurua. EH Bilduko diputatua

«Gauzak aurrera begira egin behar dira, ez oraina salbatzeko»

Aizpuruak adierazi du Espainiakoak aurrekontu sozialak direla, baina gogoratu du salbuespenezko egoera batean onartuko direla. Orain, koalizio subiranista ikus-entzunezkoen legeari eta lan erreformari begira jarri da.
KIKO HUESCA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2021eko abenduak 3

Mertxe Aizpuruak (Usurbil, Gipuzkoa, 1960) «lan karga handiko» egunak izan ditu Espainiako aurrekontuen gaineko elkarrizketa mahaiaren bueltan, baina «pozik» agertu da lortutako emaitzekin, batez ere, arlo sozialean eta kulturalean urratsak egiteagatik. Hala, Kongresuko EH Bilduren eledunak itxitzat jo ditu negoziazioak.

Nolako jarrera izan du gobernuak elkarrizketetan?

Ez da izan jarrera ezkorra. Errespetuz eta nahiko zintzo egin dira gauzak, argitasun handiarekin; behintzat, ez da egon azpijokorik. Egia da joera dutela gauzak azken muturreraino eramateko, denborak luzatzeko eta eurek kontrolatzeko. Nik uste dut lasaitasun pixka batekin hobe egin daitezkeela gauzak, baina beti gertatzen da hala. Azkenera arte ez dituzu jasotzen emaitzak, eta tiraka ibili behar duzu.

Eta, mahai horretan, zer lehentasun izan ditu EH Bilduk?

Arlo sozialari lotutakoak izan dira. Amiantoaren funtsa jarri genuen mahai gainean; aspalditik zetorren eskaera bat. Biktimek urte asko pasatu dituzte euren eskubideak errespeta zitezela eskatzen, eta horiei kalte ordainak emateko 25 milioi euroko konpentsazio funts bat martxan jartzeko eskatzen genuen. Onartu zuten. Gerora ere biribildu egin dugu akordioa. Orain, funtsa lortzeko tramitazioa desblokeatu behar da; bi hilabeteko epea adostu genuen horretarako.

Besterik?

Beste bat izan da ezkutu sozial iraunkorra finko bihurtzea, orain arte dekretuz dekretu luzatuz joan baita. Etxebizitza legean sartu, eta betirako izango dira bizitoki alternatibarik gabeko etxegabetzeen debekua eta ekonomikoki zaurgarriak diren familien alokairuetan aldi baterako etenak ezartzea. Horiekin, euskarari lotutako bat: ETB3 katearen emisioa Nafarroa osora hedatzea.

Otegik adierazi zuen presoak askatzeko kontuak babestu behar badira, hala egingo dela. Mahai gainean egon da gaia?

Aurrekontuen negoziazioan eskubide sozial eta ekonomikoak jarri ditugu mahaian, besterik ez.

Onartutako zuzenketetatik haratago, zer-nolako balorazioa egiten du EH Bilduk kontuez?

Ez dira gure estatuaren aurrekontuak, eta, noski, badaude gure gustukoak ez diren kontu batzuk. Hor daude Euskal Herritik bultzatutako abiadura handiko trenaren inguruko funts ekonomiko itzelak eta beste hainbat gai.

Arlo soziala, berriz, babestuta dago, eta inbertsio handiak aurreikusi dira; inoiz baino handiagoak. Esaten denean hauek direla sozialenak egia da. Baina egia da, era berean, salbuespenezko egoera batean gaudela. Europako funtsak hor daude, eta handik dirutza izugarria dator. Ikusi beharko da ea zer norabide hartzen duten. Orain, halako diru iturri izugarriak sartzen ari direnean, ez badira norabide zuzenean erabiltzen, zer gertatuko da sortzen diren lanpostu berri horiekin hemendik hiru urtera? Gauzak aurrera begira egin behar dira, ez oraina salbatzeko.

Ezker subiranistaren indarra nabarmendu duzue; hala nola ERCrekin eginiko agerraldi bateratuetan. Bien arteko aliantza fruituak ematen ari da?

Batera egin dugu aurrera, nahiz eta, batzuetan, bakoitzak bere bidea eraman. Ez genuen baldintzatu nahi negoziazio bat bestearekin. Horren onurak bistakoak dira. Guk lortu duguna euskal herritarron mesederako dela uste dut, eta ERCren akordioa ere katalanentzat oso ona dela.

Aurrekontuen inguruko zure azken hitzaldian eskuin unionistaren kontrapuntu gisa definitu zenuen ezker subiranista.

Eskuin unionistari aurre egiteko eta haren eragina oztopatzeko bermea gara, baita politika aurrerakoiak ateratzeko bermea ere. ERC eta gu gabe ezinezkoa da ezkerreko politikak abiaraztea.

Biek ere eztabaidaren erdigunean jarri dituzue euskaraz, katalanez eta galegoz eginiko ikus-entzunezkoak.

Hasieratik planteatu genuen gaia. Ikusita nola zetorren ikus-entzunezkoen legea, eta gobernuak presa zuela hura aurrera ateratzeko, ERCk, BNGk eta guk garbi utzi genuen lege hori ez genuela onartuko zetorren bezala. Hortik etorri da ERCk egin duen planteamendua. Haiek hartu zuten lekuko hori, baina guztiontzat izango du eragina. Legea tramitatzen denean ere elkarrekin joango gara. Hauspo ekonomizista batekin egina da; kulturalki ez da batere landu. Nabari da [Ekonomia ministro Nadia] Calviñoren departamentutik atera dela.

Ministroen Kontseiluak onartu du bere proiektua, eta ez du atzerriko plataformei hizkuntza kuotak ezartzeko asmorik.

Testuak gai horren inguruan esaten duena ez da onargarria, beste hainbat puntutan dioena ez den bezala. Inolaz ere ez dugu onartuko horrelako lege bat, eta ERCren eta gure botoak beharrezkoak dira hura aurrera ateratzeko. Guri dagokigunez, Pantailak Euskaraz-ek egindako eskaera guztiak defendatuko ditugu, eta prestatzen ari garen zuzenketak horren lekuko izango dira.

Horrez gain, tramitazio sorta garrantzitsu bat espero da datozen hilabeteetarako. Zer espero duzue gobernuaz?

Bultzaka aritu beharko dugu, bultza egin behar baita zerbait lortu nahi baduzu. Uste dute gauzak ondo daudela, batez ere PSOEn, eta presio handia egin behar da ikusarazteko zer aldaketa egin behar diren. Orain, lan erreformarena etorriko da. Ez dakit gauzak onartzeko denbora asko dagoen —urtea amaitzeko bi bilkura geratzen zaizkigu—, baina hura da hurrengo erronka.

Sei hilabete baino gehiago igaro dira lan erreforma indargabetzea adostu zenutenetik. Hizpide izan duzue azken egunetan?

Nahiz eta Podemosek oso argi eduki zer atera nahi duen, patronalak-eta egiten duten presioak dantza absurdo bat bilakatu du gaia. PSOEri ere nabari zaio eragin hori. Akordioa bulegoko kortxoan daukat jarrita, eta PSOEkoak edo Podemosekoak etortzen direnean erakusten diet: «Mahai gainean jarri genuen gaia, eta hor dago».Gure jarrera oso argia da, eta bukaerara arte mantenduko dugu. Aurrerako eraginarena, hitzarmen sektorialen prebalentzia... Horiek nahi eta nahi ez onartu behar dira.

Ez dugu sartu, ordea, aurrekontuen negoziazioetan. Ez zen erreala. Patronalarekin eta sindikatuekin tratatzen ari dira gaia, eta ongi iruditzen zaigu. Baina patronalak ez badu nahi, hura gabe egin beharko dira gauzak.

Lan erreforman ez ezik, non du jarria begia EH Bilduk?

Memoria demokratikoaren legea eta ikus-entzunezkoen legea garrantzitsuak dira, eta badaude gehiago ere. Erne egon behar dugu Europako funtsen ESEPEak [ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoak] adjudikatzen direnean. Horiek gobernu autonomikoek planteatzen dituzte, baina gure iritziak eragina du, eta hor ere jarraituko dugu lanean. Garrantzitsua da, eta Euskal Herritik denok norabide berean bultzatzea espero dugu.

Espainiako Gobernua erlaxa daiteke behin aurrekontu hauek onartuta?

Baliteke datorren urtean kontu hauek luzatzea eta kito. Dena den, datozen legeak garrantzi handikoak dira, eta hor gurekin kontatu beharko dute. Ezker independentistaren botoak lotuta eduki arte, dena da zalantzazkoa, eta ezin dute pentsatu dena nahi bezala aterako dutenik. Gauzak hobetu egin beharko dituzte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Rodolfo Martin Villa, atzoko hitzaldian, Madrilen. ©FERNANDO ALVARADO / EFE

Martin Villa: «Heriotzen erantzule politiko eta penala izan ninteke»

Jon O. Urain

Martxoaren 3ko hilketez, ministro ohiak ukatu egin du gobernuak «plan sistematiko» bat eduki izana
Alonsotegiko udaletxea. ©Monika del Valle / Foku

Alonsotegiko auzipetuek ez dute kartzelara joan beharko, akordioa lortuta

Berria

Bi urteko kartzela zigorra, hamarreko inhabilitazioa, eta 881.000 euro ordaintzea onartu dute, prebarikazioa, dokumentuak faltsutzea eta iruzurra aitortuta. EAJko alkate ohia zegoen auzipetuen artean

'“Bi arnas”: itxi gabeko zauria ama baten ahotsean' dokumentalaren trailerra

Dirua biltzeko kanpaina bat abiatu dute 'Bi Arnas' dokumentala osatzeko

Berria

Bi Arnas torturari buruzko dokumental bat da, eta Iratxe Sorzabal euskal preso torturatua eta haren ama Maria Nieves Diaz dira protagonistak. Gutxienez 7.000 euro bildu nahi dituzte.

Rodolfo Martin Villa: Forum Europako hitzartzea

Martin Villak aitortu du Martxoaren 3ko hilketen «erantzule politiko eta penala» izan litekeela

Jon O. Urain

Ministro ohiak ukatu du Espainiako trantsizioaren testuinguruan gertatutako hilketak plan baten parte izan zirela, eta memoria legeen aurka agertu da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.