Begoña Olaskoaga. 'Adimen gaitasun handiak eskola inklusiboan' ikastaroaren zuzendaria

«Gaitasun handikoek askotan irakasleen laguntza behar dute»

Ikasleen %20 ere izan litezke adimen gaitasun handia dutenak, baina gutxiago atzematen dituzte, Olaskoagaren esanetan. Genero arrakala ere hor dago: identifikatutakoen hamarretik zazpi mutilak dira.

GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Ez dira koziente intelektualean zenbaki bat gainditzen duten ikasleak soilik. Ez dira talde homogeneo bat, arazorik gabe eskolan emaitza bikainak lortuko dituztenak. Ikasle batek adimen gaitasun handia edukitzea askoz ere gehiago da. Ikasle horiek identifikatzeko gakoak eman zituzten atzo EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Adimen gaitasun handiak eskola inklusiboan udako ikastaroan. Begoña Olaskoaga (Donostia, 1959) ikastaroaren zuzendaria da, eta uste du ikasgeletan adimen gaitasun handiko ikasleak edukitzeak dakarren aniztasuna kudeatzeak mesedeak baino ez dakartzala: «Hauek ezagutzeak eta erantzuteak ikasle guztiei hobeto erantzuteko aukera ematen digu».

Zer da ikasle batek adimen gaitasun handia edukitzea?

Bere buruko baliabideak beste era batera erabiltzea: eraginkortasun handiagoarekin, konplexutasun handiagoarekin. Horrek, azkenean, ahalbidetzen du beste pentsamendu konplexuago bat izatea.

Horiek identifikatzea izaten da lehen mugarria. Nola egiten da?

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak abian jarriko du identifikazio prozesu bat eskola guztietan. Irakasleak galdera batzuen bidez joango dira behaketa bat egiten, eta ikusiko dituzte ikasle hauen ezaugarri batzuk. Momentu honetan, pilotajean dago, eta erabaki da hori egingo dela Lehen Hezkuntzako bigarren mailan, ikasleek 6-7 urte dituztenean, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailan.

Zein ezaugarri dituzte?

Interes bereziak, eta, normalean, galdera bereziak egiten dituzte. Askotan agertzen dira gai transzendentalekin lotutakoak: heriotza, zergatik sortzen diren gerrak... Horrek angustia ere sor dezake. Egon daiteke desoreka bat beraien adin mentalaren eta kronologikoaren artean, eta batzuetan beraien buruari ezin dizkiote erantzun sortzen zaizkien galderak. Beste ezaugarri bat da beraien pentsamendua ez dela hain lineala. Besteok gauza bat ikasten dugu, beste bat gero... Hauek berehala egiten dituzte loturak sarean. Batzuetan irakasleak planteatzen du gai bat, eta ikasle hauek nola berehala egiten duten sare moduko pentsamendu hori, lotzen dute irakaslearentzat urruti dagoen gai batekin. Orduan, irakasleak ez du ulertzen, eta esaten du: 'Ez, ez, horretaz ez gara ari'. Baina berarentzat gai hori hor dago.

Zer gerta daiteke?

Beraien buru funtzionamendua dela eta, berehala ikasten dituzte gauzak, eta errepikapena ez zaie gustatzen; erronkak behar dituzte burua martxan jartzeko. Aspertzen direnean, joan daitezke motibazioa galtzen, eta, azkenean, ez badute erantzun egoki bat jasotzen, eskola porrota ere etor daiteke.

Zenbat ikaslek daukate adimen gaitasun handia? Zenbat identifikatzen dira?

Aditu gehienek eta zenbait herrialdek diotenez, %5-%15 dira. Horiez gain errendimendu altuko ikasleak, motibazio handikoak... kontuan hartuta, %20ra ere irits daitezke. 2018-2019an ISEIk [Eusko Jaurlaritzaren Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundeak] egin zuen azterketaren datuen arabera, identifikatutako ikasleak ez ziren %1era iristen, eta horietako hamarretik zazpi ziren mutilak, eta hiru neskak. Aurtengo garapen goiztiarreko datuak jaso ditugu —2-5 urteko haurrei dagozkienak—, eta hor baieztatu dugu gutxi identifikatzen ditugula, eta, batez ere, neskak.

Zergatik?

Hipotesiak egiten ditugu. Ikusten dugu mutil adimentsua, eta, agian, neska ikusten dugu langilea, interesekoa... Gure buruan modu inkontzientean esplikazio hori egiten dugu. Mutilak gehiago nabarmentzen dira, eta, agian, gehiago jartzen dugu begirada beraiengan. Nahiz eta azken urteetan askoz gehiago hitz egin den honetaz, eta jendeak irakurri eta formakuntzak jaso dituen, oraindik mitoak eta estereotipoak hor daude.

Detektatutakoan, zer egiten da ikasleekin?

Batzuetan, familiek kanpoko kabinete batzuetara eramaten dituzte, eta pasatzen zaizkie proba psikometrikoak eta beste mota batzuetakoak. Eskolara ekartzen dute txosten bat diagnostiko batekin, eta, batzuetan, orientabide batzuekin. Eskolan identifikatzen direnean, proba eta galdeketa batzuk pasatzen zaizkie, eta, normalean, eskatzen dute berritzeguneko hezkuntza premia berezietako aholkulariak ebaluazio psikopedagogikoa egitea. Horren ondoren, dakigunean nolakoa den ikasle hori, jarduketa plan bat egin behar zaio. Horretan jasotzen da ikaslearen historia, zein ezaugarri dituen, eta hor hartzen dira hainbat erabaki. Izan daitezke gela mailakoak: ikuspegi inklusibo batetik, gelan ikasle guztientzat estrategia batzuk lantzea, aniztasunari erantzuteko estrategia orokor batzuk. Ezin denean horrekin guztiz erantzun, esku hartze espezifiko batzuk jaso edo antolatu behar dira. Beharrezkoa da eskola gisa esku hartze hori bere gain hartzea eta hurrengo urteetan mantentzea.

Ikastetxeak eta irakasleak prest al daude horrelako ikasleak artatzeko?

Nik esango nuke bidean gaudela. Ikusi da gero eta interes handiagoa dagoela. Gainera, 2018-2019an egin zen ikerketan ikastetxeei galdetu zitzaien zer-nolako jarrera zuten gai honen inguruko formakuntzaren aurrean. Ikusten da interes handia dagoela. Bazegoen halako sinesmen bat batzuen artean: 'Hauek adimentsuak dira, eta aurrera egingo dute'. Hori aldatzen ari da. Badira urteak ikasle hauek definitu zirela hezkuntza-laguntza beharrak dituzten ikasleak balira bezala. Badira batzuk laguntzarik gabe aurrera egiten dutenak, baina, askotan, irakaslearen laguntza eta esku hartzea behar dute. Batzuen kasuan, ez bada laguntza hori ematen, irits daitezke eskola porrotera, baina gerta daiteke potentzialtasun hori dagokion neurrian ez garatzea ere, eta, orduan, galtzea. Kontuan hartu behar dugu gaitasun horiek pertsonalak direla, eta, aldi berean, sozialak. Gizarteak behar du haien ekarpena aurrera egiteko.

Eskola jazarpena jasateko arrisku handiagoa dute?

Izan daiteke, ez bada arreta jartzen. Batzuetan, horrelako egoeran egoten dira desberdinak diren ikasleak. Hauek ere desberdin gisa ikus ditzakete: ez dute hitz egiten beraien moduan; interesak desberdinak dira; edo batzuetan bakarrik egoten dira, beraien pentsamenduetan barneratuta daudelako. Eskoletan lan egin behar da, aniztasuna denok uler eta errespeta dezagun.

Eusko Jaurlaritza hezkuntza lege berria ontzen ari da. Zer hartu beharko lukete kontuan?

Legeak dio ikasle guztien gaitasunak ahalik eta gehien garatzen lagundu behar dela, eta eman behar zaiela hezkuntza erantzun egokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.