Monica Vega. Banca Armada kanpainako kidea

«Bankuak aliatu perfektuak dira arma enpresentzat»

Bankuek gatazka armatuetan duten esku hartzea aztertu du Vegak, Banca Armada kanpainaren barruan. Bankuen inbertsioak salatzea dute helburu, baita jendeari egoeraren inguruko informazioa ematea ere.
ENDIKA PORTILLO / FOKU

Karmele Uribesalgo Alzola -

2019ko otsailak 1
Banca Armada (Banka Armatua) kanpainako kidea da Monica Vega (Bartzelona, 1984). Herrialde Katalanetan bakegintzan aritzen diren ikerketa zentro eta GKE batzuek jarri dute martxan. Finantza entitateek armen industriarekin duten erlazioa aztertu dute. Bankuek armak ekoizteko egiten dituzten inbertsioak salatu nahi dituzte. Horrez gain, herritarrei egoeraren berri emateko lanetan ere aritzen dira. Kanpainaren barruan, Nola finantzatzen da gerra? izeneko hitzaldia eman berri du Vegak Gasteizen, Gerrarako eusko label armak jardunaldietan.

Derrigor egin beharreko galdera: nola finantzatzen da gerra?

Gerretarako beharrezkoak dira armak, eta enpresak arduratzen dira horiek ekoizteaz. Bankuen laguntza behar izaten dute ohiko operazioak egiteko eta produkzio ildo berriak sortzeko; hain zuzen ere, arma berriak ekoizteko, azpiegiturak hobetzeko eta merkatu berrietara esportazioak egiteko. Horrez gain, bankuen helburuak dibertsifikatu egin dira, eta oinarrian dituzten interesez gain, izaten dute beste asmorik. Hori dela eta, aliatu perfektua dira arma enpresentzat, eta hor inbertsioak egiten dituzte.

Nondik eskuratzen dute bankuek armagintzan inbertitzeko dirua?

Bost modutara finantzatzen dituzte bankuek arma enpresak. Lehena, bonuen bidez: enpresek jaulkitzen dituzte, eta dirua interes batekin itzultzen die bezeroak; bankuak dira kudeatzaileak. Bigarrena, inbertsio funtsen bitartez: bezeroek akzioak izaten dituzte enpresetan, eta horietako batzuek armak fabrikatzen dituzte. Hirugarrena, esportazioetatik eskuratuz: gobernuek epe luzerako ordainketak egiten dituzte armak erostean. Ondorioz, enpresek bankuen kredituak eta aseguruak behar izaten dituzte. Laugarrena zuzenena da, enpresaren produkzio lanetarako kredituak ematea baita. Eta azkena, akzio partaidetzen bidezkoa: bankuak enpresaren akzioak ditu, eta, beraz, erabakiak hartzeko eskubidea dauka. Azken finean, enpresaren parte da.

Zergatik interesatzen zaie bankuei armetan inbertitzea?

Oso negozio errentagarria da: irabazi handiak ateratzen dituzte. Gainera, bankuen finantzaketarik gabe, enpresek ezingo lituzkete ekoitzi fabrikatzen dituzten lau armetatik hiru. Izan ere, Espainiako Estatuko armagintza enpresen zorpetze ratioa %73koa da.

Zer egin dezakete bankuetako bezeroek eragozteko haien diruarekin armak finantzatzea?

Bezeroek galdetu egin dezakete ea inbertsio funts horretako dirua zertarako erabiliko den, eta horren arabera erabaki. Gainontzeko guztia ezin dizute bermatu. Norbere dirua armagintzarako erabiliko ez dela ziurtatzeko modu bakarra da dirurik ez izatea kontu horietan. Bestalde, armetan inbertitzen duen bankuren batean akzioak izanez gero, ordezkaritza Banca Armada kanpainari uzteko aukera dago: armagintzari eskainitako finantzaketa salatzera joango gara gu. Horrek ez du bermatzen egiteari utziko diotenik, baina kontuak erakutsi behar dizkigute.

Banku etikoetan, ordea, bezeroek badakite zertarako erabiltzen den haien dirua.

Banku etikoen printzipio bat gardentasuna da: bezero moduan jakin dezakegu zein proiektutan inbertitzen duten. Normalean webguneetan argitaratzen dute informazioa, baina bestela ere, bezero moduan, kontu horiek eskatzeko eskubidea daukazu. Besteak beste, inbertsio sozialak eta ingurumenekoak egin ohi dituzte.

Euskal Herriak badu loturarik arma industriarekin?

Espainiako Estatuan bost enpresa identifikatu ditugu bankuen finantzaketa dutenak: Navantia, Indra, Maxam, Oexia eta Sener. Maxamen barruan Expal dago [Explosivos Alaveses]; gaur egun enpresa hori Burgosen dagoen arren, Arabakoa da. Bankuei dagokienez, BBVA da lehenengoa sailkapenean. 2011. eta 2017. urteen bitartean 3.000 milioi euroko inbertsioa egin zuen armagintzan. Inbertsio baxuagoekin, baina lehen hogei bankuen artean daude Caja Rural —hamasei milioi euro— eta Kutxabank —ia hiru milioi euro—.

Urrian, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Saudi Arabiari egindako arma salmenta baten alde egin zuen, lanpostuak babestu nahi zituela argudiatuz. Zer iruditzen zaizu jarrera hori?

Demagogia da. Egia da armarik ekoizten ez bada, beste produkturen bat fabrikatu beharko dela. Badago non egin hobekuntzak, hala nola teknologian. Enpresek denon onerako produktuak ekoitz ditzakete. Falazia bat da esatea lanpostuak galduko liratekeela.

Lanpostu guztiak etikoak dira?

Krisian gaude, eta ni ez nintzateke ausartuko esatera familia batek non egin behar duen lan. Hala ere, posible den neurrian, printzipio etikoak kontuan izanda, hobeto funtzionatuko luke munduak. Izan ere, hartzen ditugun erabaki guztiak politikoak dira; jokatzeko modua, arropa eta elikagaiak erosteko lekua, baita dirua non gordetzen dugun ere. Gure kontsumitzeko era aldaketa sozialerako tresna izan daiteke. Herritar moduan, ongi erabaki behar dugu zer egin; ez dugu gerren konplizeak izatea nahi.

Euskal Herrian ekoitzitako armen %80 esportatu egiten dira; NATOren gerra operazioetarako erabili ohi dira, esaterako. Gainontzean, Saudi Arabiara, Turkiara, Israelera eta Egiptora ere bidaltzen dituzte. Zer ondorio du horrek?

Azken urteetan, areagotu egin dira gatazka armatuak. Bartzelonako Unibertsitateko Bakearen Eskolaren arabera, 2002an 25 gatazka armatu zeuden munduan, eta 2017 amaieran, 33. Geroz eta arma gehiago egon, gordinagoa da gerra, eta larriagoak dira ondorioak. Gaur egun intentsitate handiko hamahiru gatazka armatu daude —urtean 1.000 hildako baino gehiago eragiten dituzte—. Hilketez gain, gosea, azpiegituren suntsipena, bortxaketak eta indarrez egindako lekualdatzeak ere eragiten dituzte. Kanpainan nabarmentzen ari gara Europara iristen ari diren pertsonak guk finantzatutako gerra batzuetatik ihesi dabiltzala: gatazkarik egon ezean, ez lukete ihes egingo. UNHCR-ren arabera, 68 milioi pertsona baino gehiago lekualdatu dira, baina milioi bat besterik ez da iritsi Europara.

Zer gertatu da lekualdatu diren gainontzeko 67 milioiekin?

Ikusezin egin dituzte. 68 milioitik 40 milioi herrialde barruko lekualdatzeak izan dira. Gainerakoak inguruko herrialdeetan gelditzen dira, eta, normalean, horietan ere pobrezia eta gosea izaten dira nagusi. Horrek argi uzten du kontua dela non jartzen dugun fokua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna