Albistea entzun

Miren Guillo Arakistain. EHUko antropologia irakaslea

«Hilekoak erakusten digu biomedikuntza androzentrikoa dela»

Hilekoa ikertzeak gizartea aztertzeko bidea eman dio: osasun eta genero sistemak nolakoak diren ikusteko. Praktika «alternatiboak» ikusi arren, horietan ere «begirada kritikoa» izatearen beharraz ohartarazi du.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2020ko irailak 24 - Donostia

Hamar urte baino gehiago daramatza Miren Guillok (Elgoibar, 1983) hilekoaren politikak ikertzen, eta martxoaren 6an aurkeztu zuen guztiaren emaitza den tesia, justu konfinamendua hasi baino lehen. Hilekoaren politika eta kultura alternatiboen etnografia bat: genero-konfigurazioak, gorputz-ahalduntzea eta ezagutza kolektiboak jarri dio izena ia 500 orriko lanari. Bide luzea egin du horra iristeko: gorputza ardatz hartuta, 36 pertsona elkarrizketatu ditu modu sakonean eta hainbat garaitan, eta askotariko ekintzetan parte hartuz egin du behaketa lana.

Hilekoaren politiken etnografia bat egin duzu. Zer dira?

Gaiaren inguruan egiten diren tailerrak, sortu diren teknologia feministak, performanceak, kale ekintzak, erakusketak, bertsoak, konpresa lapurreta kolektiboak… Askotariko proposamenak.

Eta kultura alternatiboak?

Hilekoaren ideologia hegemoniko eta kultural nagusiak auzitan jartzen dituzten iruditegi alternatiboak, proposamenak eta gorputz politikak dira. Horietan sortzen dira ezagutza kolektiboen sorkuntzarako eta aldaketarako sozializazioetarako abaguneak. Nire hipotesia izan da gizartean gertatzen ari diren zenbait aldaketa aztertu ahal izateko modu pribilegiatu bat dela proposamen kritiko horiek aztertzea, osasunari, generoari eta kontsumoari lotuta, besteak beste.

Hilekoaren ideologia hegemonikoaz ari zara. Nolakoa da?

Badago kontzepzio nagusi bat jatorria daukana azken bi mendeetako mendebaldeko medikuntzako ikuspegian eta ikuspegi kultural kontserbadore batean, zeinak hilekoa negatibo eta estigma gisa ikusten duen: badago ezkutatzearen kultura bat. Eta korporazioek hori baliatu dute errentagarritasuna ateratzeko.

Baina hegemonia arau multzo bat da, eta oso arau ezberdinak aurki ditzakegu. Orain, adibidez, korporazioek oso ondo kaptatu dituzte diskurtso feministak: publizitatean ikus dezakegu hilekoa bizipen positibo bat balitz bezala erakusten dutela, baina egiten dute hilekoaren estigma sortzen duen desberdinkeria sozialaren testuingurua agerian utzi gabe. Hori ere hegemonia da: zerbait aldatzea, dena guztiz ez aldatzeko. Horregatik, oso garrantzitsua da etengabe begirada kritikoa edukitzea, oso bizkor aldatzen baitira kultura kapitalistaren diskurtsoak.

Zer desberdinkeriaz ari zara?

Hilekoaren ideologia bera baztertzailea da. Adibidez, master amaierako ikerketa egin nuenean, 2008an, bazeuden emakume zis zenbait hilekoa edukitzeko garaian zeudenak, itxuraz. Eta ikerketa horretan agertu ziren, arrazoi oso ezberdinengatik, hilekorik ez zuten emakume asko. Hori izan zen nire master amaierako lanaren muina: erakustea hor bazeudela genero ideologiekiko ikuspegi ezberdinak.

Hilekoaren arau hori, erabili izan dena askotan ahalduntzerako estrategia gisa —hau da, emakume guztiek hilekoa daukatela edo hori dela emakume egiten gaituena—, problematikoa da, emakume asko baitaude hilekorik ez daukatenak; eta badaude hilekoa daukaten gizonak, transgeneroak... Hilekoaren esperientzia askoz pluralagoa da, materialtasun biologiko, identitario eta kulturalari dagokionez.

Ez digute hori erakusten...

Hilekoaren azalpen biomedikoak sexu dimorfismoaren ideologian oinarritzen dira. Hori da mendebaldean gorputzak ulertzeko egon den modua: emakume eta gizonak oso modu polarizatuan azaltzea. Hori problematizatzea izan da asmoetako bat, eta askotariko esperientziak erakustea. Antropologiak erakusten digu kultura ezberdinetan oso modu ezberdinetan ulertzen direla gorputzak, eta hilekoa bera ere bai, noski.

Medikuntzak gutxi ikertu izan du hilekoa, ezta?

Oso gutxi. Ezjakintasunaren epistemologiaz hitz egin daiteke: zer ez dakigun eta zergatik ez den ikertu. Hilekoari buruz ikertu denean, ikertu da oso lotuta antisorgailuei edo ugalketa teknologiei, edo lanera begira, produktibitateari; eta oso gutxitan hilekodun pertsonen bizitzak hobetzeko. Gainera, ikerketa horietan izugarrizko pisua izan du industria farmazeutikoak.

Zer ikertu beharko litzateke?

Adibidez, jende asko izugarrizko minarekin bizi da, dismenorreak pairatzen ditu, edo endometriosia dauka. Ingurumen kutsadura eta disruptore endokrinoen eragina aztertzea ere beharrezkoa da. Hasi da pixka bat ikertzen, baina orain dela gutxi arte oso gutxi hitz egin izan da horretaz. Estigma desafiatzeaz gain, bizi baldintzak hobetzearekin lotuta dauden ikerketak beharrezkoak dira: ez da normala horrenbeste jendek edukitzea minak, ondoezak, eta horren gutxi ikertzea.

Zer erakusten du horrek?

Androzentrikoa, kapazitista, klasista eta arrazista dela sistema biomedikoaren tradizioa. Joera androzentriko ezberdinak daude: batetik, ikusezin egiten du gorputz batzuen osasuna —morbilitate diferentziala deitu izan zaiona—: gizon zurien esperientzia unibertsalizatzen du. Eta, bestalde, polarizatzeko joera du: etengabe emakume eta gizonen gorputzen ikuspegi diferentzialista ematen du. Ikuspegi horiek erabiltzen dira gero desberdinkeria sozialak eraikitzeko.

Ikertu dituzun kultura alternatiboetan bertzelako proposamenak agertzen dira. Baina ez al dute arriskurik dinamika berak erreproduzitzeko?

Kapitalismoak gaur egun badu diskurtso bat osasuntsu egoteaz, ondo egoteaz... Sustatzen du gorputzarekiko eta osasunarekiko kultu bat, eta baliatzen ari da ahalduntzearen diskurtso hori guztia, baina, betiere, ikuspegi indibidualetik eta kontsumoari lotuta. Horrek eragiten du gugan ere, eta horregatik behar dugu begirada kritikoa etengabe. Gure gizartean gorputz batzuek, ezagutza batzuek, pertsona batzuen osasunak... balio dute beste batzuek baino gehiago. Ez genero ikuspegitik bakarrik: arraza, klasea, gorputz ereduak... Hilekoa izan daiteke aukera bat hori plazaratzeko. Justizia menstrualari buruz hitz egiteko ere bai: badago jende pila bat ez duena sarbiderik hilekoa kudeatzeko dispositiboetara: kartzeletan dagoen jendea, etxegabeak... Hori plazaratzeko eta botere harremanak modu sakonagoan ikertzeko aukera bat izan daiteke hilekoa.

Subertsiorako aukera gisa ere landu duzu. Nola?

Adibidez, nazkaren performatibitatea deitu dezakegunaren gaian: aztertu ditut zenbait proposamen erabili dutenak odola modu subertsiboan. Historian erabili izan da nazka zenbait desberdinkeria sozial iraunarazteko, eta, hortaz, nazka esplizitatzeak ematen du aukera zalantzan jartzeko nazka horren iturria, eta interpelatzeko. Gizarte batean non hilekoa den zerbait ezkutatu behar dena, odola bisualki erabiltzea arau bat haustea da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Migrazio politiken aurkako protesta bat Irun eta Hendaia artean, Santiago zubian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Polizien jaiegunak, atxilotutako migratzaile kopuruaren arabera

Jone Bastida Alzuru

Agiri batek jasotzen du etorkin bat atxilotzeagatik hiru jaiegun lortzen zirela; bi atxilo hartuz, lau egun; eta hamar hartuta, bost. Baliogabetu egin dute Irungo komisariako agindua
Irati Tobar eta Amaia Urrutia LABeko kideak, Eusko Legebiltzarrean. ©EUSKO LEGEBILTZARRA

Lege proiektuaren «zehaztasun falta» kritikatu dute sindikatuek

Isabel Jaurena

Steilas, ELA, LAB eta Ikastolen Elkarteak proposamenak egin dituzte Eusko Legebiltzarrean
Gabiriako eskola txikia, artxiboko irudi batean. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Ikastaldeak %24 gutxiago izango dira 2032rako, Jaurlaritzaren arabera

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2032rako aurreikuspenak egin ditu txosten batean. Kalkulatu dute irakasleen %35ek erretiroa hartuko dutela ordurako

Postuei eustea nahi dute, hiru eskolak bat egin ostean

Berria

Donostiako Santa Teresa, Larramendi eta Jesuitina eskolak bateratuta, ikasgela kopurua murriztuko da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...