Maite Bergara Iraeta. Irungo alarde parekideko jenerala

«Ilara osoak ditugu neska gaztez beterik; handitzen ari gara»

Hazten jarraitzen dute; horixe dute pozik handiena egun Irungo alarde parekideko arduradunek. Jeneral berriak, Bergarak, harro eta hunkituta hartuko du bihar oraindik aldarri ere baden desfile horren gidaritza.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
arantxa iraola
Irun
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Irunen eta Hondarribian (Gipuzkoa) alarde parekideen inguruan maiz hedatu diren arbuio mezuen eragin gaiztoaren itzala argi ikusten da Maite Bergara Iraetaren (Irun, 1971) bizipenetan ere. Osooso maitea du jaia haurra zenetik, alarde parekideen aldeko aldarria loratu zenetik —irteteko lehensaioa orain dela 23 urte egin zuten— haren aldeko jarrera izan zuen, baina urteak behar izan zituen desfilatzen hasteko: espaloia utzi, eta soldadu janzteko. «Hamalau urte dira desfilatzen hasi nintzela», azaldu du. «35 urte konplitu nituenean hasi nintzen. Ez zen erabaki erraza izan; beldurra ematen zidan. Nire inguruan jende asko betikoa da: familian, lagun taldean... Oso gogorra egin zitzaidan». Behin urratsa egin da, ordea, irmo atxikita jardun du alarde parekidean, eta aurten jenerala izango da. Hunkituta dago:«Benetako ohorea da».

Zer osasun du egun Irungo alarde parekideak? Eta haren inguruan zer giro dago?

Handitzen ari gara. Eta herrian ja giroa askoz ere lasaiago dago; ulertzen gaituzte, eta ulertzen gaituzte begiratzen gaituztelako. Jende asko denbora luzeegian egon da bizkarra ematen. Orain,ja ez dira horrenbeste hori egiten dutenak. Aurten, jeneral gisara, entsegu askotan egotea egokitu zait: horrelakorik ez dut ikusi.

Jeneralaren rola aski garrantzitsua da alardean. Zer harrera sentitu duzu alarde parekidearen aldekoak ez diren zure ingurukoen artean? Abegikorra?

Aldaketa izugarria ikusi dut nik hor. Mirari bat ere iruditzen zait. Benetan. Nahiz eta jendea beste pentsamendu batekoa izan, ni zoriontzera etorri da, ni agurtzera. Ez nuen espero horrenbesteko harrera ona... Aldatzen ari da giroa, pausoak agerikoak dira. Gazteen belaunaldiak aldaketa handiak ekartzen ari dira. Hainbatek jada erabakitzen dute gurekin etorri nahi dutela; eta gurekin etorri nahi dute, gainera, ez militantziaz, baizik eta ondo pasatzen dutelako gurekin. Hori gertatzen ari da familia guztietan, eta zer egin ez dakitela geratzen ari dira etxe askotan. Izan ere, ulertu egin behar dute, eta onartu. Aldaketa hor dago: gertatzen ari da. Eta nik neuk ez nuen horrenbeste zorion mezurik espero. Gauza itsusi samarrak ere gertatu zaizkit, baina oso gutxi izan dira; gehienak izan dira ezusteko onak. Benetan.

Gizartean aldaketa agerikoa dela diozu. Baina oraindik inoiz ez dizue harrerarik egin Irungo alkateak. Alarde baztertzailea San Juan plazan dagoela, hortxe egoten da. Zuekin, ez. Mingarria da, noski, zuentzat hori...

Bi alarde daude, eta guri bizkarra ematea oso-oso gaizki iruditzen zaigu. Irundar asko gara. Berak jakingo du: berari galdetu.

Ezuste handia litzateke bihar balkoian ikustea. Iruditzen zaizu keinu horrek balioko lukeela egun dudatan dagoen jende asko zuen alde ipintzeko?

Izan daiteke. Keinu bat da: keinu inportante bat. Baina, niretzat, inportanteena hitz egitea da; ez egun hauetan, baizik eta urte osoan, data hauek heldu aurretik. Baina orain arte, esaterako, ez da inolako elkarrizketarik egon: ez du nahi. Eskatu zaizkio bilerak, behin baino gehiagotan, baina ez du nahi, edo jartzen dituen baldintzak ezin ditugu onartu.

Kontuan hartu ere ez zaituztetela egiten esan daiteke?

Bai. Gu harentzat ez gaude. Beste alardeari harrera egingo ez balio, tira, esan daiteke ez diola inori egiten. Baina besteei bai eta guri ez? Zergatik? Iaz, 1.400 lagun izan ginen desfilatzen, eta, gero, jende asko dago gure alde, edo guregandik gertu. Harrerarik ere ez?

EAJko ordezkaritza bat izan zen iaz Irungo udaletxeko balkoian zuen desfilea ikusten. Irudi berria izan zen. Alde horretatik,bihar zer jazoko den badakizue?

Ez dakigu ezer. Ikusiko da. Tira, balkoira etorrita egiten ari dira egin behar dutena. Ordezkariak dira: egin behar dute, eta hortik pausoak eman behar dituzte.

Alarde baztertzaileko jeneralak udal bozetarako kanpainan alderdietako zerrendaburuei gutun bat bidali zien, eta auzian zer jarrera duten argitzeko eskatu zien. Berehala erantzun zuten EAJk, PSEk eta PPk, eta babesa azaldu zioten desfile horri. Mingarria izan da hori ere zuentzat, ezta?

Bai, mingarria, eta ez hori bakarrik: lotsagarria ere bai. Niretzat bai, behintzat. Nor uste du dela alarde baztertzailea antolatzen duen batzordeak politikariei kontu eske jarduteko? Mesedez! Ematen du hemen gauzarik garrantzitsuena dela alardea: haien alardea, eta politikariek egiten eta esaten dutela alarde baztertzailekoek nahi dutena.

Deigarria da zuen alardean gaztetasuna. Jende gazte asko erakartzen duzue. Zer giro antzeman duzue entseguetan?

Ilara osoak ditugu neska gaztez beterik. Ikustekoa da. Handitzen ari gara; handitzen ari gara, batez ere, neskekin. Mutilekin ere bai, baina batez ere neskekin; kuadrilla osoak sartzen ari zaizkigu. Pozgarria da; izan ere, horiek dira etorkizuna: guk daukagu etorkizuna. Eta neska horiei ezin diezu esan ezin dutela atera: ez dute ulertuko. Ikusi dute bi alarde daudela, eta erabaki dute parte hartzea. Kito. Ez dago besterik.

Batean parte hartu ezin, eta bi alarde daude gaur egun. Bakarra egotea gustatuko litzaizuke?

Nola ez. Baina zuk orain neska bati ezin diozu esan espaloira joateko: mende honetan, ez da hori ulertzen. Guk alardea egiten dugu gure eskubidea delako, eta ahal dugulako; askotan erakutsi dugu.

Irungo jaiei buruzko berrietan usu gailentzen da normaltasunaren ideia, gatazkarik ezarena...

Gertatzen diren gauza batzuk ez dira batere normalak. Esaterako, bada jendea jaietan elkarrekin hitz egiteari uzten diona gai honen harira: hori ez da normala. Besteari urteko egun guztietan begiratu behar diozu aurpegira. Ez da batere normala gure desfileari bizkarra ematea ere. Bada beste kontu bat: ez da hitz egiten gaiaz. Betikoak gehiengo izan dira, eta burbuila batean egon dira, beste inorekin hitz egin gabe auziaz. Gazteak, ordea, hori aldatzen ari dira: gauzak ezberdinak dira orain. Baina poliki doa, egia da hori. Irunen, esaterako, soilik hiru edo lau erakusleiho egongo dira apainduta gure aldeko argazki eta irudiekin: mingarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.