Maxime Laporte. SSJB elkarteko presidente orokorra

«Epaileak onartu du Quebecen eskubideen legea oinarrizkoa dela»

99. Legea eta Kanadako Konstituzioa bateragarriak direla ebatzi dutela gogorarazi du Laportek, eta, beraz, independentzia galdeketa batean botoen «%50 gehi bat» nahikoa izango dela emaitza onartzeko.

BERRIA.
ander perez zala
2018ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Hamazazpi urteko borroka luzearen ostean, Quebeceko independentistek albiste pozgarria jaso zuten apirilean: epaile batek arrazoia eman zien, eta ebatzi zuen bateragarriak direla Quebeceko Estatuaren eta herriaren oinarrizko eskubideen jardunari buruzko legea (99. Legea) eta Kanadako Konstituzioa. Keith Henderson Berdintasuna alderdiko buruzagi ohiak lege horren sei artikulu indargabetzeko borroka judiziala abiatu zuen 2001ean, eta, aurtengo epaia haren jarreraren aurkakoa den arren, helegitea jarri zion maiatzean. Beraz, helegite horren erabakiaren zain dago auzia egun. 99. Legearen defentsan izan da azken bi urteotan Maxime Laporte abokatu eta Societe Saint-Jean-Baptiste elkarteko presidente orokorra (Berthierville, Quebec, 1987).

Epaia «Quebeceko herriaren autodeterminazioarentzat historikoa» dela esan zenuen.

Geure buruari begira, lehen aldia da Ottawak izendaturiko epaile batek onartzen duela Quebeceko herriaren estatusa eta Kanadako Konstituzioa bateragarriak direla. Quebeceko Estatuari dagokionez, herriaren autodeterminazio eskubidea bermatzeko rolean bere burua indartuta ikusi du. Are gehiago, Claude Dallaire epaileak ebatzi du 99. Legea «oinarrizkoa» dela, eta, beraz, estatuko kide guztiek onartu beharko dute Quebeceko herriaren eskubide politikoen ituna .

Esaterako, epaileak legearen 4. artikuluaren legezkotasuna onartu du, zehazten duena « botoen %50 gehi bat» nahikoa dela galdeketan, eta, beraz, zeharka debekatu dio Kanadari bere Argitasunaren Legea gure 99. Legearen gainetik jartzea. Kanadako Auzitegi Gorenak 1998an ebatzi zuen Ottawak horren inguruan negoziatu beharko zuela, baiezkoak irabaziz gero. Argi dago porrota dela Kanada trudeauista-rentzat.

Zergatik erabaki zenuten defentsan parte hartzea?

2016an erabaki genuen prozesuan parte hartzea, iruditzen zitzaigulako Quebeceko Gobernuaren defentsa ez zegoela egoerak eskatzen zuen mailan. Politikoki, ez geunden ados abokatuen argudio leunekin, eta, juridikoki, uste genuen abokatuen legearen interpretazioa ez zetorrela bat legediarekin. Ikuspuntu estrategikotik, uste genuen Quebeceko Gobernuaren harrokeriak Kanadakoa indartuko zuela, eta hori arrisku handiegia zen.

99. Legea 2000. urtean onartu zenuten, eta Argitasunaren Legearen erantzuna izan zen.

Quebeceko herriaren oinarri demokratikoen aurkako erasoa zenez, Argitasunaren Legeak haserrrarazi egin zuen gure biltzarra, eta ganberak urte berean onartu zuen 99. Legea; erabaki ausarta izan zen. Urtebete geroago, lehen bost artikuluak eta 13.a indargabetzeko prozesua abiatu zuen Hendersonek, 1982ko Kanadako Konstituzioa urratzen zutelakoan. Argitasunaren Legeak beto eskubidea ematen dio Kanadako Komunen Ganberari «galdera eta emaitza argi baten» definizioari eta interpretazioari buruz. Eskubide hori baliatuta, Kanadako agintariek hainbatetan esan dute «%50 gehi boto bat» ez dela nahikoa izango aukera irabazlea onartzeko, eta ez dela nahikoa izango Ottawarentzat negoziazioak hasteko. Alegia, gutxienez %55a beharko litzatekeela. Hala ere, Kanadako Auzitegi Gorenaren arabera, «argitasun» nozio hori zentzu kualitatiboan ulertu behar da, eta, beraz, independentziaren aldeko «%50 gehi boto bat» hori nahikoa dela emaitza onartzeko. Aurreko bi galdeketetan, parte hartzea handia izan zen, ez zen arazorik izan, eta behar adina berme izan ziren.

Zuen sistema politikoan, biltzarrak du subiranotasuna. Beraz, autodeterminazioari buruzko erreferendum bat kontsulta bat da soilik ala, 99. Legeari esker, juridikoki loteslea da?

Ez, erreferenduma kontsultarako da soilik. Legegileek nahiago dute herri kontsulta erabili erreferendum hitza baino. Legezko ondorio zuzenik ez luke izango.

Quebec, herri gisa, existitzen al da juridikoki?

Nire ustez, eta beste hainbat juristen iritziz, bai. Lege honi esker, oihartzun handiagoa izan dugu. Kanadak ez du inoiz onartu nahi izan Quebeceko herriaren existentzia bere konstituzioan; Quebeceko herria, Quebeceko nazioa, gizarte ezberdina eta halako kontzeptuak ez dira agertzen. Kanadaren eta Quebecen artean hobi erraldoi bat dago, eta horren erakusle dira urteotako hainbat gertakari: Quebecek beto konstituzionala galdu izana 1980ko hamarkadan edo Ottawak konstituzioa aberriratu izana 1982an, gure biltzarrari hizkuntzaren inguruko eskumenak kenduz.

Quebeceko hauteskunde orokorrak urrian dira. Zer helburu dituzte alderdi subiranistek eta independentistek?

Tamalez, politikari independentistek lehentasuna ematen diote politikari izateari independentista izateari baino. Denbora pasatu ahala, borroka independentistaren mamia probintziako politikatik urrundu da, eta gobernua boteretik botatzea dute egun helburu. Horregatik da garrantzitsua nazio independentziaren moduko proiektu bati eustea eta proiektu hori herri mugimendu indartsu eta dinamiko baten esku egotea. Pierre Bourgault Nazio Independentziarako Batasunaren buruzagiak esan zuen bezala, hobe da bozak galtzea arima galtzea baino. Nik gehituko nuke arima galduta ere bozak gal ditzakegula.

Independentziari buruzko eztabaida agenda politikoan dago?

Eliteek, batez ere mediatikoek, ahal duten guztia egiten dute konbentzitzeko independentzia eskariak zaharkituta daudela. Alderdi independentistei dagokienez, badirudi beldur direla beren burua independentista gisa aurkezteko; eta, Kanadako agintariei dagokionez, ahal duten guztia egiten dute nazioaren auzia saihesteko, eta nahiago dute egiazko auziak esaten dieten gauzei eutsi.

Statu quo-ak ez du betirako iraungo. Gaston Miron gure poeta ezagunetako batek zioen bezala, «ez gertatzea ez da betirako izango»; batez ere jakinda quebectarren %35 eta %40 inguruk beti bozkatuko duela independentziaren alde. Gazteen artean ere, garai independentistarik bizi ez duten arren, asko dira Quebeceko herrialdea nahi dutenak. Ez dugu itxaroten jarraitzeko arrazoirik; gure borrokari eutsi behar diogu, batzuen axolagabetasuna eta besteen koldarkeria gorabehera.

Katalunian askotan aipatu da Kanadaren eta Quebecen arteko erreferendum adostuaren kasua. Han izan zinen urriaren 1eko galdeketan. Nola bizi izan duzu prozesu katalana?

Espainiako Erresuman gertatzen dena, izan Katalunian edo Euskal Herrian, gaitzigarria da. Urriaren 1eko galdeketan Gironan izan nintzen nazioarteko begirale gisa, Kataluniaren Independentziarako Udalen Elkarteak gonbidatuta. Egun horretan ikusi eta sentitu nuenak guztiz astindu ninduen. Pentsaezina eta lotsagarria izan da nazioartearen salaketa hotza. Hala ere, pozik nago hemen egin ditugun presioekin, gure biltzarrak aho batez gaitzetsi baitu Madril. Printzipio demokratikoei eraso egin diete, eta, beraz, hedatze filosofikoarekin, baita gure zibilizazioari ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.