Julia Marti Comas. OMAL behatokiko ikertzailea

«Inpaktu handiko proiektuetan ari dira euskal enpresak»

OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak Mexikon eta Kolonbian euskal enpresek darabilten jokabidea aztertu du, eta ondorioztatu du praktika asko aldarazi behar direla haien jardunean.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Juanma Gallego.
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Txosten banatan, OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak aztertu du zer presentziaduten euskal enpresek Mexikon eta Kolonbian kokatutako zenbait proiektu handitan, eta zer-nolako jokabidea duen Eusko Jaurlaritzak horiei dagokienez. Erakunde horretako ikertzaile Julia Marti Comasek (Bartzelona, 1989) salatu du gaiaren inguruan «eraikita dagoen kontakizuna» ez datorrela bat errealitatearekin.

Zer aztertu duzue txostenetan?

Mexikon eta Kolonbian egiten ari diren eta euskal enpresen parte hartzea duten megaproiektuak aztertu ditugu. Saiatu gara ohiko analisietatik aldentzen. Izan ere, BBVA, Iberdrola eta besteren jardunari aspalditik erreparatu diogu, baina, horiez gain, badira beste hainbat enpresa txikiago. Bigarren mailan daude, baina, halere, garrantzitsuak dira gai honi dagokionez: Sener eta Elecnor, adibidez.

Arreta berezia jarri duzue Jaurlaritzaren jardunean...

Bai. Jaurlaritzak enpresen nazioartekotzeari begira duen politika eta enpresen jarduna bera aztertu ditugu. Horrela, irudi orokor bat izateko moduan egon gara. Ezin izan dugu askorik sakondu Jaurlaritzak nazioartekotze prozesuetarako ematen dituen diru laguntzetan, baina hori ere bada gai garrantzitsu bat.

Euskal enpresetan arreta jarrita, uste al duzue hemendik eragin daitekeela herrialde horietan arazoak arintzeko?

Hor bi plano paralelo daude. Batetik, Jaurlaritzak nazioartekotzeaz egiten duen kontakizuna dago. Horren arabera, enpresek nazioartera jotzea modu bat izan daiteke krisitik ateratzeko, eta hazkundea eta lehiakortasunaren mesedetan da. Helburu hori lortzeko, besteak beste, diplomazia ekonomikoa, eragin politikoa, diru laguntzak, misio komertzialak eta inteligentzia lehiakorreko txostenak baliatzen dira. Bestetik, nazioartekotzen diren enpresak daude. Hor, logikoena da diru laguntza publikoei erreparatzea, baina konturatu gara horiek arazoaren zati txiki bat besterik ez direla. Aintzat hartu behar da, adibidez, zer eragin politiko lortu nahi den. Gainera, badira zuzeneko laguntzak jasotzen ez dituzten enpresak, baina, halere, esparru horretaz guztiaz baliatzen direnak. Hor ere zantzuak aurki ditzakegu, eta horiek lagungarriak dira kontakizun hau guzia desmuntatu ahal izateko.

Zertan datza kontakizun hori?

Nazioartekotzea beti positibotzat hartzen du kontakizunak, eta bide horretan jarraitu behar dela dio. Esaten da euskal enpresak modu etikoagoan ari direla munduan, ardura handiagoz, beste enpresek agertzen ez duten jokabide bat erakutsiz. Bada, oraindik ez dugu horren gaineko daturik, baina, ikusi dugunagatik, errealitatea da euskal enpresa asko parte hartzen ari direla inpaktu handiko megaproiektuetan.

Berez, nazioartekotzearen beraren aurka zaudete, ala etikarik gabe jardutearen aurka?

Momentuz, gaiaren bueltan argi pixka bat egiten saiatu gara. Nazioartekotzea ona den ala ez ebatzi ahal izateko, analisi gehiago egin beharko lirateke; adibidez, jakiteko zer gertatzen ari den deslokalizazioekin, edo enpleguen galerarekin.

Zergatik aukeratu dituzue Mexiko eta Kolonbia?

Euskal enpresen nazioartekotze politikan lehentasunezko herrialdeak direlako. Modu berean, han giza eskubideak sistematikoki urratzen dira, eta enpresa-inpunitate kasu larriak jazo dira. Batez ere Mexikon euskal enpresa asko daude, eta herrialdea lehentasuna da Jaurlaritzarentzat. Kolonbian, euskal enpresen presentzia berriagoa da, baina azken urteetan interes handiagoa egon da herrialdean. Han, euskal instituzioak kooperazioaren alorrean lanean ari dira, eta horrek eman digu aukera politika publikoen koherentzia aztertzeko. Alde batetik, giza garapena lehenesten da; babesa ematen zaie giza eskubideen alde aritzen diren eragile defendatzaileei. Baina, beste aldetik, enpresen nazioartekotzea sustatzen ari da, bi diskurtso horiek gurutzatu gabe. Kolonbiari buruzko txostenean, argi geratzen da ez direla neurriak kontuan hartzen ari euskal enpresak ez daitezen inplikatuta egon halako eskubide urraketetan. Zertarako landu elkartasun politika bat, gero ez bagara gai elkartasun horrekin koherentea izango den politika ekonomiko bat martxan jartzeko?

Gaia landuko duen euskal zentro bat sortzeko eskatzen duzue. Zer egingo luke?

Enpresa Transnazionalen eta Giza Eskubideen Euskal Zentroak giza eskubideen urraketen salaketak jaso, ikertu, eta komunitateei laguntza emango lieke. Laguntzeko mekanismoak asmatu behar ditugu, inpaktu horiek izan dituzten komunitateek ezin baitute gehiago itxaron.

Zer sektoretan ari dira euskal enpresak?

Mexikon, sektore energetikoan eta automobilgintzan, batez ere. Arlo energetikoan, gero eta pisu handiagoa dute energia berriztagarriek. Mexikon, euskal enpresak daude Oaxacako megakorridore eolikoan, eta BBVA proiektua finantzatzen ari da. Lur komunalak legez kanpo pribatizatu dituzte han, eta ez da errespetatu herri indigenek aurreko kontsulta informatua izateko duten eskubidea. Oposizio soziala erreprimitu egin dute, batez ere horren aurka azaldu diren emakumeak. Oso esanguratsua da: energia berriztagarria izan arren, aurreko eredu estraktibista bera da. Indigenek pobrezia energetikoan jarraitzen dute,sektore energetikoaren pribatizazioaren ondorioz prezioak igo baitira.

Pribatizazio horri ere euskal kutsu bat antzeman diozue.

Hala da. Euskal ordezkari publikoak Mexikoko agintariekin bildu dira, euskal energia enpresak sartzea errazte aldera. Ez dakigu zer adostu zen bilera horietan, baina Mexikoko agintariek eskertu egin zuten euskal enpresek erreforma energetikoan izandako parte hartzea. Halako praktikek funtzionatzen duten moduaren isla txikiak dira horiek. Funtsean, nazioartean, euskal enpresek tokian-tokian erabiltzen diren praktika berak dituzte.

Nolakoa da egoera Kolonbian?

BBVAk Hidroituangoko proiektu hidroelektrikoa finantzatu du; proiektuak arazo ugari eragin ditu. Adibidez, 2018an, presak gainezka egin zuen. Errepresio handia egon da proiektuaren aurka azaldu diren komunitateen aurka, eta zenbait eragile erail dituzte. Oro har, euskal enpresak errepresioan zuzenean inplikatuta ez badaude ere, halako ondorio larriak dituzten proiektuetan sartuta daude. Hortaz, ezin dituzte besterik gabe eskuak garbitu.

Zer eskatzen diezue euskal instituzioei?

Lehiakortasunaren alde egin beharrean, giza garapenaren eredu jasangarri baten alde egin dezatela. Protokoloak ezar ditzatela, eta enpresen jokabidea azter dezatela. Giza eskubideak errespetatzen ez dituzten enpresei diru laguntzarik ez emateko ere eskatzen dugu. Bestalde, eztabaida publikoa egin behar da gaiaren inguruan. Kasurik larrienetan, urgentziazko neurriak hartu behar dira, eta, hau zailagoa izan arren, zigorrak ezartzeko mekanismoak ere aztertu behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.