Elias Jaua. Venezuelako presidenteorde ohia

«AEBek diseinatutako plana etapaz etapa ari da betetzen»

Jauaren ustez, Venezuelako krisiaren «berritasuna» da AEBak gobernu chavistaren aurkako «ekinaldiaren lehen lerroan» kokatu direla. Haiek «ezkutatu gabe» aritzea «aparteko» mehatxutzat dauka ministro ohiak.
ORLANDO BARRIA / EFE

Jon Artano Izeta -

2019ko urtarrilak 31
Elias Jauak (Caucagua, Venezuela, 1969) kargu garrantzitsuak izan ditu Hugo Chavez eta Nicolas Maduro presidenteen gobernuetan. Errepublikako presidenteorde izan zen 2010 eta 2012 artean, eta, horrez gain, 2000 eta 2018 artean guztira sei ministerioren buruzagi izan da. Irakaslea eta soziologoa da ofizioz.

Zer ari da gertatzen Venezuelan?

Atzerritik, AEBetatik sustatutako estrategia bat erabiliz, herritarrek aukeratu ez dugun presidente bat inposatzeko ahaleginean ari dira.

Ezagutzen al duzu Juan Guaido?

Ez. Tira, diputatu nintzenean, noizbait hitz egin genuen, baina Guaidok ez du ibilbide deigarririk egin politikan... orain arte.

Zein da oposizioaren bide orria?

Nicolas Maduro presidentea agintetik botatzea. Azpimarratu beharra dago Maduro iragan maiatzaren 20an egindako hauteskundeak irabazi zituelako dela presidente. Hauteskunde horietan hiru hautagaitza arrunt desberdin izan ziren, eta hautespen unibertsal, zuzen eta sekretu bidez aukeratu zuen herriak, gehiengoz, Maduro. Horregatik du berak presidente izateko zilegitasuna, eta egunotan bera ordezkatzeko egiten ari diren saiakera estatu kolpe ahalegin bat da.

Zergatik dio oposizioak boz haiek ez zirela garbiak izan?

Parte ez hartzea erabaki zuten, oposizioko hiru agintari ezgaituta zeudelako, auzibideak zituztelako, edo zigor administratiboak. Argudioa baino gehiago, aitzakia izan zen. Hara: bere burua errepublikako presidente izendatzen duen Guaido horrek, adibidez, ez zuen inolako eragozpenik presidentegai aurkezteko; ez zuen hala egin.

Venezuelan gertatzen ari den guztian zer rol dute AEBek?

Ekinaldiaren lehen lerroan daude: hori da berritasuna. Eta horrek aparteko mehatxua dakar Venezuelarentzat. Beti egon izan dira gobernua ezegonkortzeko ahaleginen gibelean. Orain, baina, publikoki ari dira, ezkutatu gabe, beren indar ekonomiko eta militarra erabiliz Maduro kentzeko. Oposizioko kideak eta AEBetako funtzionarioak iaztik aritu dira batzarrak egiten, eta estatubatuarrek gidari direla diseinatu dute plan hau... etapaz etapa betetzen ari dira plana, bide batez esanda. Gure herrialdearen baliabideak arpilatzen ari dira, eta Guaidoren esku utziko dituzte. Guaido bera ari da gure presidente legitimoaren eskumenak usurpatzen.

Gobernuak, fiskalburuak, Auzitegi Gorenak, armadak… estatu-kolpe saiakera salatu dute. Zergatik ez da kalean chavismoaren erreakziorik sumatzen?

Chavismoa era antolatuan mobilizatzen da. Urtarrilaren 23an bertan hiru mobilizazio handi egin zituen Caracasen. Eta, geroztik, barnealdean egunez egun egiten ari den mobilizazioekin, bere indar politikoa erakusten ari da chavismoa. Mugimendu baketsu eta demokratikoa da gurea, eta bere kideok diziplina gaitasun handia dugu; probokazioetan ez erortzeko kontzientzia garatzetik datorkigu hori. Ez gara zakur borroketan hasiko. Horixe nahi baitu oposizioak. Chavismoak ez du sekula jarrera belizistarik izango.

Nazioarteak izan duen erreakziotik zerk eman dizu arreta?

AEBen presioak. Zorionez, Nazio Batuen Erakundea osatzen duten herrialde gehienek ez diete men egin Estatu Batuen aginduei. Aldiz, tamalgarria da garrantzi historiko, politiko eta ekonomiko handia duten herrialde zenbaitek hartu duten bidea. Urtarrilaren 23an Venezuelan piztutako gatazka politikoari irtenbide bat emateko elkarrizketaren alde agertu zen Europa. 48 orduren buruan, iritzia aldatu, eta legez kanpoko ultimatum trauskil bat eman diote Venezuelako Gobernuari bozetara dei dezan... Europako Batasunak ez du autoritaterik horretarako, inondik inora!

Astea amaitu orduko, Europak zilegitasuna aitortuko dio Guaidori. Zein jokaleku aurreikusten duzu epe ertainera?

Tristea da Europako Batasunak bere esku zuen bitartekari lanari uko egin izana. Venezuelarron arteko elkarbizitza sustatu behar lukete Europatik. Hori da hemen gehienok nahi duguna. Zorionez, Mexikoko eta Uruguaiko gobernuen jarrera heldu eta errespetuzkoak ere entzun ditugu; Lopez Obradorren eta Tabare Vazquezen gobernuek proposatutako bidea da alternatibarik egokiena. Madurok sarritan egin du elkarrizketarako gonbita. Oposizioarekin mahai bueltan jarri, eta akordioa lortzen saiatu behar genuke, herritarron arteko gerra eragozteko. Edo are okerragoa litzatekeen AEBen eraso militar bat eragozteko.

Oposizioa estatu kolpea egiten ari dela diozue, baina hala ere haiekin biltzeko prest zaudete?

Azken bost urteotan sarritan eseri izan gara negoziatzera, beti gobernuaren ekimenez. Dominikar Errepublikan akordio garrantzitsu bat lortzeko zorian izan ginen. Eztabaidatutakoaren %90ean ados geunden, arlo jakin batzuetan: instituzioen errekonozimendua, bozen prozesuetarako bermeak, agenda ekonomiko nazional bat... AEBek eragotzi zuten akordioa. Maiatzeko hauteskundeetan oposizioko alderdi guztiek parte har zezaten hitzarmena prest genuen, ados geunden alde guztiak, baina Etxe Zuriak parte ez hartzera behartu zituen.

Oraintxe bertan, gauzak dauden bezala, oposizioa elkarrizketarako prest izan daitekeela uste al duzu?

Oposizioaren barnean bada gutxienez sektore bat, inportante samarra, ez duena gerrarik nahi. Talde horretakoei ez zaie ondo iruditzen Estatu Batuen misilei esker ezartzea presidente bat. Izan diren elkarrizketa prozesu guztietan egon naiz, eta badakit batzuei ez zaiela ondo iruditzen egunotan gertatzen ari dena... oposizio osoarekin hitz egin ezin baldin bada, agian sektore abertzaleenarekin, helduenarekin bilatu beharko litzateke elkarlana.

Badirudi gobernuak oso zaila duela gauzak lehengora ekartzea... munta handiko kontuetan men egin gabe, behintzat.

Konfrontazioak labirinto batera eraman gaitu, eta herrialde agintaritzari dagokio, bai gobernuari eta bai oposizioari, labirinto honetatik ateratzeko mekanismoak bilatu edo sortzea. Horretarako, oposizioak autonomia berreskuratu behar luke, Washingtondik, edo Bogotatik, edo Madrildik datozkien aginduen arabera jokatu beharrean. Eta gobernuak ere jarrerarik irekiena behar luke hitz egiteko, hori bai: gure proiektu historikoaren oinarriei uko egin gabe, pixkanaka eta demokratikoki eraiki ditugulako, eta bidean hauteskundeak irabaziz. Egia da gure prozesu iraultzailearen sorburuan herri matxinada bat eta geroago matxinada militar bat izan zirela, baina bozak irabaziz iritsi ginen gobernura, eta hauteskundeak irabaziz mantendu gara. Odol gehiago isurtzea nahi ez genuelako egin genien uko armei, eta kontsekuente izan gara orduz geroztik.

Zein litzateke egoera leuntzen hasteko lehen urratsa?

Lehendabizi, Maduroren zilegitasuna aitortu behar lukete, eta autoizendapenaren erokeria horri uko egin... hitz batean, konstituzioari errespetua eduki. Konstituzioaren barnean edozertaz hitz egin genezake; badira erremintak halako gatazkak konpontzeko. Nazio akordio bat lortzen saiatu beharra dago atzerritik muntatu duten erasoa eraisteko.

Zertan izango da krisi hau hemendik aste gutxira?

AEBek diseinatutako plana bere batean doa. Gobernua zigortu dutela diote, baina herritarrek ordainduko dute. Diodanez, etapak aurreikusitako hurrenkeran betetzen ari dira: formalitateak lehendabizi, nazioarteko erakundeetara jotzea eta abar; gero enbargoa dator, eta horretan ere hasi dira, atzerrian ditugun gure baliabideak lapurtzen; eta, geroxeago, presioa handituko dute, enbargo komertziala ezarriz, adibidez... Zu eta biok hizketan ari garen bitartean, AEBetako Gobernua PDVSAri ostutako baliabideak Guaidoren esku jartzen ari da, Ingalaterrako Bankuak Venezuelako banku zentralaren urre erreserbak konfiskatu ditu... Eta, jakina, Trump jaunak esan duen moduan, esku hartze militarra ere erabil lezakete. Benetako mehatxua da hori. Eta hor Europaz gogoratzen naiz, gurekiko harreman estuak izan dituzten herrialde horietaz: Portugalek, Espainiak, Italiak... zer egingo lukete Venezuelan atzerriko armada bat sartuko balitz? Edo bonbardatuko balute? Nola zurituko lukete? Herrialde honek ez du inor mehatxatu, ez dago gerran...

Indar armatuetako kideek Madurori bizkarra eman diezaioten ahaleginean ari da oposizioa.

Iaz armada printzatzeko hiruzpalau ahalegin egin zituzten, gutxienez. Porrot egin zuten. Erantzun instituzional irmoa eman izan dute militarrek, bortxakeria erabili gabe auzitara eraman dituzte gaizkileak. Barne bakea hautsi nahi dutenei aurre egin izan diete beti. Gure independentziaren eta bakearen jagole dira.

Nola jar lezake gatazka konponbidean gobernuak?

Ausardia, kemena, inteligentzia eta sormena erabiliz. Iparramerikarren erasoaren gaineko garaipenik handiena bakea izango da. Herrialdea suntsitzea, defendatzeko bada ere, ez da sekula garaipen bat izango iraultzaileontzat. Bakea nahi dugu, duintasuna izango duen bake bat, gure independentzia errespetatuko duen bake bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna