Albistea entzun

Abel Arkenbout. Toxico Watch fundazioko toxikologoa

«Dioxina kutsadura etengabe neurtu behar da fidagarria izateko»

Herbehereetako erraustegi berrienaren kutsadura aztertzen aritu dira hainbat zientzialari. Haien analisiek kolokan jarri dute enpresen datuen fidagarritasuna, baita darabilten prozedura ere.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2019ko apirilak 12

2011n jarri zuten martxan Harlingengo erraustegia, Herbehereetan. «Punta-puntako teknologiakoa» zen, agintarien esanetan. Enpresak egindako kontroletan —urtean bi egunetan—, behin bakarrik gainditu zuen ezarritako kutsadura muga. Toxico Watch fundazioa beste lagin batzuk hartzen hasi zen, epe luzeagoan eta ia etenik gabe —urtean 20.139 orduz—, eta beste datu batzuk aurkitu zituen: inguruko arrautza, belar eta lurrak PCB eta PBDD dioxinaz eta furanoz kutsatuta zeuden. Geroztik, Frisiako Gobernuaren babesarekin egin dituzte ikerlanak. Abel Arkenbout aritu da horietan. Hernanin (Gipuzkoa) izango da bihar, euren lana azaltzeko.

Harlingengo plantatik bi kilometrora neurtutako belar eta arrautzetan dioxina eta furano kutsadura handia topatu duzue. Zer diote agintariek?

Erakutsi dugu erraustegiaren inguruko belaze eta arrautzetan legeak ezarritako dioxina maila erruz gainditu dela. Frogatu dugu, gainera, dioxina horiek erraustegiko labeetatik ateratzen diren berak direla. Plantaren inguruko eztabaida politiko eta juridiko asko izan dira, eta bozetan ere presente dago gaia; alde bateko zein bestekoen jarrerak muturtzen ditu. Irakurri berri dut gure udal gobernuaren podcast bat gai honetaz, eta tristura handia ematen dit ikusteak alde handia dagoela zientziak eta arauek diotenaren artean. Ezjakintasun horren ondorioz, industria programa politiko guztiak baldintzatzen ari da.

Eta zer diote erraustegiaren arduradunek?

Enpresak ondorio okerrak atera ditu neurketen inguruan. Erraustegiari erreparatuta, kontu asko daude hobetzeko. Egungo hondakinak nahasketa kimiko konplexuak dira, eta arazo handiak ematen dituzte guztiz suntsitzeko. Beraz, desagerrarazi beharrean, nahi ez diren bestelako osagai arriskutsuak sortzen dituzte errausterakoan; esaterako, dioxinak.

Zergatik hasi zineten laginak hartzen erraustegiaren inguruko etxaldeetan?

Toxico Watchek dioxina maila handiak topatu zituen arrautzetan, eta horrek arreta handia piztu zuen hedabideetan. Hasieran, jakina, erraustegiak ukatu egin zuen bera zela kutsaduraren sortzailea, eta orduan galdera hau egin genuen: errekuntza ondo badago, zergatik ez duzue erakutsi nahi erraustegia ez dela kutsaduraren eragilea? Galdera horri esker, aukera izan genuen gobernuarekin eta enpresaren arduradunekin batera lantalde teknikoetan jarduteko.

Konpainiaren neurketa puntualetan, kutsadura apala zen, baina, kontrolak modu iraunkorrean egin ahala, emaitzak aldatu egin ziren. Zergatik?

Plantaren urteko jardueraren %0,1 neurtzea oso adibide ona da ikusteko nola lehenesten diren oinarri zientifikorik gabeko kontrolak. Ausaz egindako neurketen kalitatea oso eskasa da, eta, gainera, kontrolak noiz egingo diren ere aurretik jakiten du enpresak. Horren ondorioz, neurriak hartzen ditu, eta epe jakin horietan ez ditu erretzen hondakin konplexu eta arriskutsuak.

Jabetu zarete kutsadura handia izaten dela labeak martxan jartzerakoan. Ezin dira kontrolatu abiatze horiek?

Kontu teknikoa da, eta konpon daiteke, baina prezio bat dauka. Errekuntza prozesuaren urrats teknikoei erreparatzen bazaie, pauso batzuk ez dituzten betetzen, kostu ekonomikoengatik. Adibidez, iragazkiak ez jartzea da dirua aurrezteko sarritan erabiltzen duten trikimailu bat. Bestalde, eta hori ere ikuspegi tekniko batetik, erretzeko linea bat baino gehiago eduki behar dira martxan, geraldiak saihesteko. Azkenik, ez lukete inoiz huts egin behar. Aztertu ditugun hutsegite guztiak eragotzi zitezkeen.

Matxura edo ezohiko gertakari horiek oso kutsatzaileak izaten dira. Sarritan izaten al dira?

Ikerketetan ikusi dugu sarritan gertatzen direla, ofizialki urtean bostetan baino gehiagotan. Epe luzeko datuak xehekiago begiratuz gero, askoz ere arazo gehiago izaten direla ikus daiteke. Arazoak izaten dira azido klorhidrikoarekin, korrosioarekin, kedarrarekin, hautsarekin, errauts hegalariekin eta beste hainbat gauzarekin. Ezinezkoa da hondakinak erabat desagertzea. Hondakinak erraustea arazo handi bat da oraindik ere.

Dioxinak, toxikoak eta arriskutsuak izateaz gainera, ez dira desagertzen eta pilatuz joaten dira. Zein da irtenbidea?

Hasteko eta behin, halakorik ez sortzea. Eta horrek esan nahi du errausketak akasgabea izan behar duela. Herbehereetako erraustegi modernoenak bakarrik ikertu ditut, eskura dauden teknikarik onenak (BAT) eta ingurumen jarduerarik onenak (BEP) aintzat hartuta. Stockholmgo Itunak erraustearen ondorenerako ezarritako aire kutsaduraren eta tenperaturen kontrol irizpideak oinarri hartu ditugu, eta ikusi dugu haiek ez direla betetzen ari Herbehereetan.

Zergatik uste duzu beharrezkoak direla ikerketa independenteak?

Ikerketa zientifiko independenteak guztiz beharrezkoak dira, eta ez dira batere errazak izaten lortzeko. Horregatik, Toxico Watchen hauxe egiten dugu: harremanak bideratu, batzordeetan parte hartu, eta gure ikerketen emaitzak nazioarteko parametroetara egokitu.

Zubietako erraustegiaren kasuan, agintariek diote teknologiarik aurreratuena izango duela, eta, beraz, dioxina eta furanoen isurketak oso txikiak izango direla. Sinesgarria da?

Antzeko gauzak entzun izan ditugu hemen ere. Harlingengo erraustegia aurkeztu zutenean, esan zuten Europako mendebaldeko onena zela, state of the art mailakoa. Hau da, enpresari eman zion kutsadura muga legezkoa baino hamar aldiz txikiagoa zen, baina kontua da neurketak zuzen egin behar direla. Hau da, aurrez iragarritako 6-8 orduko neurketak ez dira onargarriak isurketen berri jakiteko. Fidagarria izateko, dioxina kutsadura etengabe eta epe luzean neurtu behar da, eta ez bertan behera utzi matxurak eta geraldiak izaten direnean.

Egin dituzue neurketak Harlingenen ez ezik beste erraustegiren batean ere? Zer-nolako emaitzak izan dituzue?

Eskura izan ditugu beste erraustegi batzuetako datuak; esaterako, Belgikako batzuetakoak. Arazoa da neurketak eten dituztela matxurak, geraldiak eta berrabiatzeak izan direnean. Eta guztiz beharrezkoa da neurketak ez etetea, erraustegi berrietan matxurak daudenean izaten diren dioxina isurketak oso handiak baitira, eta arau ofizialen menpe egon behar baitute. Itzali-piztu horietako batean, 5-10 miligramo dioxina isur ditzake. Hau da, erraz gaindi dezake urte osorako baimenduta duen 5 miligramoren muga.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Miravalles-Redin ikastetxe, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroak batxilergoko ituna eten die ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeei

Ion Orzaiz

Hezkuntza Departamentuaren esanetan, Opus Deiren bi eskolek, Miravalles-Redinek eta Irabia-Izagak, «ez dituzte betetzen itunerako baldintzak»

Pilar Alegria PSOEko eledun eta Hezkuntza ministroa, gaurko agerraldian. ©FERNANDO ALVARADO / Efe

Sexu askatasunaren legea aldatzeko proposamen bat aurkeztuko du PSOEk Espainiako Kongresuan

Maite Asensio Lozano

'Soilik baietz da baietz' legearen aurreko zigorrak berreskuratu nahi ditu Espainiako Justizia Ministerioak, baina Berdintasun Ministerioko iturriek zehaztu dute erreforma batek ez dituela geldiaraziko kondena berrazterketak, eta legea ondo aplikatzean dagoela giltza; horretarako, «premiazko» neurri sorta bat proposatu du. 

Haurren futbol partida bat. ©Maialen Andres / FOKU

«Arrazakeria» salatu dute Arrigorriagan jubenilen futbol partida batean gertatutakoarengatik

Edu Lartzanguren

Haur sikh bati buruko zapia kenarazi nahi izan dio epaileak, eta Federazioak 300 euroko isuna jarri dio taldeari

Donostia ospitaleko zerbitzuburuen protesta, abenduan. ©Jon Urbe / FOKU

Donostia ospitaleko zerbitzuburuek protestan segituko dute negoziazioa «bideratuta» egon arte

Julen Aperribai

Elkarretaratzea egin dute gaur ere Donostia ospitaleko atarian. Azken bileraren aktarekin batera, «kronograma» bat bidali zioten Osakidetzako zuzendaritzari, eta erantzuna jasotzeko zain daude.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.