Sezai Temelli. HDP alderdiko kopresidentea

«HDPren estrategiak eragin handia izan du estatuko aliantzetan»

Temellik uste du ezkerreko koalizioaren «arrakastari» esker Turkiako alderdi gehiagok «aurre egin» diotela Erdogan presidenteari. «Gaur egun, Turkian beste ekuazio politiko batzuei buruz hitz egin daiteke».

Estrasburgo
2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Estrasburgon (Frantzia) da Sezai Temelli HDP Herrien Alderdi Demokratikoko kopresidentea (Istanbul, Turkia, 1963), beste hainbat ordezkari kurdurekin batera, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen erregimenak hartu dituen azken errepresio neurriak salatzen. Turkiaren menpeko Kurdistango hiru hiri nagusietako alkateak kendu berri ditu Erdoganek, eta, joan den astelehenean bertan, Kulp herrikoa ere bai, HDPko hainbat ekintzaile eta kide atxilotzen zituen bitartean. Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren goi ganberak Selahattin Demirtasen kasua aztertu zuen atzo, Temelliren aurretik HDPko presidente izandakoarena. Presidentetzarako hautagai zen Demirtas, eta espetxean dute 2016az geroztik, nahiz eta aske uzteko erabakia emana duen Turkiako Auzitegi Konstituzionalak berak.

Zer iritzi duzu Turkiako Gobernuak zuen kontra hartu dituen azken erabaki errepresiboei buruz?

Politika demokratikoaren eremuan, beren aurkariei aurre egin ezin dietenek autoritario bilakatzeko joera dute, beren boterea eta autoritatea ez galtzeko. Larrialdi egoera da joera horren erakuslerik bistakoena. Larrialdi egoera iraunkorraren helburua HDP izan da, baina Turkiako esparru guztietara zabaldu da. Hain zuzen, 2015eko ekainaren 7ko hauteskundeetatik, herrialdea etenik gabeko larrialdialdian dago: langileei greba eskubidea debekatu diete; oposizioko kazetari eta idazleak atxilotzen dituzte; intelektualek eta akademikoek ikusezinak bilakatu besterik ez dute; eta denok gaude torturara eta errepresiora lotuak. Presiopean bizi dira Erdoganen erregimenaren mende jartzen ez diren sektore sozialak. Azken batean, larrialdi egoera deklaratzea edo ez deklaratzea legezko formalitate hutsa da. Testuinguru horretan, larrialdi egoeraren frogarik handiena da hiru hiriburu nagusietan ikuskatzaileak izendatu izana abuztuaren 19ko kolpe politikoaren ondoren.

Zein da zuen erantzuna larrialdi egoera etengabekoaren aurrean?

Politika demokratikoetan tematzea, presio egiteko eta legez kanpoko ekintza horien kontra joateko. Ez dugu sekula aldatuko gure ikuskera zabalagoa, zeina bake eskaera bat den. Bakerako eta demokraziarako esperantza Turkiako gizartera eramaten ari gara, eta, testuinguru horretan, gure errepublika demokratikoa errealitate bihurtzea nahi dugu, pertsonetan oinarritzen den politikaren bidez, eta horretarako oztopo nagusia AKP-MHP aliantza da [Erdoganen alderdia da AKP, eta indar ultranazionalista bat MHP]. Horregatik egingo diogu aurre aliantza horri, gainditu ahal izateko, aliantza demokratikoa eraikiz Turkiako sektore zapaldu guztiekin.

Azken neurriok uler daitezke Erdoganen botere osoaren ahultzearen seinale gisara?

Denbora darama Erdoganen erregimenak boterea galtzen. Gure eguneroko borroka handitu dugu, pazientzia demokratikoaz, eta lortu dugu erregimenak [Istanbulgo Udalerako] martxoaren 31ko bozak galtzea eta botere galera hori ikusgai bilakatzea. Hauteskundeotan, HDPren estrategia arrakastatsuak eragin handia izan zuen estatuko aliantzetan, baita AKP-MHPren barruan ere. HDPren arrakastari esker, oposizioko beste hainbat alderdik aurre egin diote Erdoganen botereari.

Gaur egun, Turkian beste ekuazio politiko batzuei buruz hitz egin daiteke, eta hori HDPren hauteskunde estrategia arrakastatsuari esker izan da. Gainera, agerikoa da erregimena krisi ekonomiko latzean dagoela, eta urtean milioi bat langabe berri sortzen ari dela. Errepresioa da zilegitasun demokratikoa galdu duen erregimenari geratzen zaion gauza bakarra.

Europara etorri den ordezkaritzaren buru zara. Zeri buruz hitz egiteko asmoa duzue?

Turkiak beste herrialde autoritario batzuen antzeko egoera bat bizi du. Arazo askori buruz hitz egingo dugu, baina, lehenik eta behin, Abdullah Ocalanen erabateko bakartzea jarriko dugu mahai gainean; haren espetxe egoerak zuzenbide nazionala eta nazioartekoa urratzen baititu. Bakartze egoera horrek auziari egoera baketsua ematea oztopatzen du, baina ez hori bakarrik; Ekialde Hurbilean bake ekarpena egiteko ere traba bat da. Egoera honek gure Europako solaskideei ere eragiten die. Jarrera irmo eta zorrotza hartu beharra daukagu. Ocalanen bakartzeak amaitu beharra dauka bakea bermatzeko Turkian eta Ekialde Hurbilean.

Zer espero duzue solaskide europarrengandik?

Oinarrizko eskubideen eta askatasunen urraketa etengabea dago Turkian, eta europarrei eskatuko diegu eskubide eta askatasunei buruzko kezkaz harago joan daitezela. Beste gai bat izango da politikari espetxeratuena: lotsagarriak dira haien sumarioak. Uste dugu gauza asko egin ditzaketela europarrek gure alderdiko aurreko kopresidente, parlamentari, buruzagi eta ekintzaileen askatasunaren alde.

Kurdistango egoerari buruz, berriz, nola laburbilduko zenuke egoera?

Abdullah Ocalanek egoerak bere horretan irauteko duen arriskuaz ohartarazi zuen, abokatuekin Imrali uharteko espetxean izan zuen azken hitzorduan. Nabarmendu zuen «estatu mentalitatea» bilatu beharra dagoela, elkarrizketa deiari erantzuteko gai izango dena. Estatuko mentalitate horietako batek Kurdistango auziari irtenbidea emateari uko egin dio ikuskatzaileak izendatuta gure udalerri nagusietan. Eta iraganetik gaurdaino ikusi dugu zein izan den errealitate kurdua ukatzeak duen erantzuna.

Kurduek erantzun argia eta demokratikoa eman diote AKP-MHP aliantzari, baina Erdoganen erregimenak ez du ulertu nahi, eta horregatik saiatzen da HDP baztertzen, gehiengo zabalez irabazi duen udalerrietan, Diyarbakir, Van eta Mardinen. Eta, era berean, Sirian, Turkia gerra hotsa zabaltzen ari da gero eta ozenago.

Nola erantzungo diozue egoera honi?

Errealitatea aldatzeko modu bakarra da elkarrizketan eta negoziazioan oinarritutako politikak sortzea. Datorren prozesua borroka-negoziazio dialektikaren bidez bideratuko dugu. Gure borroka zabaldu, indartu eta sakonduko dugu, Kurdistango auzia eta Turkiaren demokraziarena konpontzen saiatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.