Luis Gonzalez Reyes. Ekologistak Martxan-eko kidea

«Euskal industriak ezingo dio eutsi gaur egungo ereduari»

Aurrena, gutxitu, eta gero, eraldatu. Euskal Herriko industria aldaketa sakon baten atarian dagoela uste du Gonzalez Reyesek. Horri aurrea hartu eta enpleguan eta fiskalitatean politika ausartak egin behar direla dio.

EKOLOGISTAK MARTXAN.
jokin sagarzazu
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Energia gutxiago kontsumitu eta «benetan berriztagarriak» diren teknologiak erabiltzea: beste biderik ez du ikusten Luis Gonzalez Reyesek (Madril, 1974). Kimika doktorea da, eta Ekologistan Martxan erakundeko kidea. Adrian Almazan irakaslearekin batera, Hego Euskal Herriko ekonomiaren trantsizio ekosozialerako bide-orriaren proposamen bat deituriko azterketa egin du ELA sindikatuaren Manu Robles Arangiz fundazioarentzat.

Zuen txostenean ondorio hauek irakur daitezke: «Hego Euskal Herriko metabolismo ekonomikoa hilgarriro zaurituta dago». «Ezinezkoa izango da etorkizun hurbilean mantentzea». «Esparru kapitalistaren barruan ez dago irtenbiderik». Oso diagnostiko katastrofikoa dirudi.

Kapitalismoaren bilakaera bera da katastrofikoa. Diagnostiko honek inguruko edozein ekonomiarentzat balio dezake, baina hemen ere ondorio horietara iritsi gara datuen analisia egin eta gero. Dena den, euskal ekonomiaren gaur egungo metabolismoaren amaierak ez du zertan hondamendi bat eragin. Hasiera bat izan daiteke sistema justuago eta demokratiko batera igarotzeko.

Euskal ekonomiaren oinarriak zerbitzuak eta industria dira. Zuek, aldiz, proposatzen duzue «trantsizio konplexu baina presazko bat hastea nagusiki landa eremukoa izango den gizarte baterantz». Trantsizioa baino gehiago ez al da iraultza bat?

Bai, baina saihetsezina, desiragarria eta egingarria da.

Eta borondate nahikorik ba al dago horretarako?

Egia da gizartea ez dagoela prestatuta, eta argi dugu ez dela egun batetik bestera gertatuko, mailakatua izango dela. Baina prozesua definitu eta martxan jarri behar da, eta horrek politika jakin batzuk eskatzen ditu.

Nola hasi beharko litzateke?

Industria gutxituz eta eraldatuz. Euskal Herrian, ezbaian jarri behar da autogintzaren moduko sektore handien aldeko apustua. Horrek ez du esan nahi Iruñeko Volkswagen edo Gasteizeko Mercedes itxi behar direnik. Baina sektorearekin loturiko hainbat enpresa itxiko dira. Horietako asko dagoeneko arazoekin dabiltza. Azkenean, nahi ala nahi ez, oso denbora gutxi barru, autogintzaren sektorea gaur egun denaren zati txiki bat baino ez da geratuko Euskal Herrian.

Ezinezkoa al da industria garbiago bat?

Gaur egungo tamainan, ez. Adibidez, industria hori elikatzeko lur eremu handiak behar dira, haize errotak edo eguzki panelak jartzeko. Gainera, materialen aprobetxamendu handia behar da, eta Euskal Herriak ez du gaitasun teknikorik eta energetikorik horretarako. Horrek guztiak ez du esan nahi Euskal Herrian ezin denik industriarik egon, baina ezinbestekoa da gutxitzea eta moldatzea. Ekoizpen kate globaletatik kanpo dagoen industria bat ere garatu daiteke, tokikoagoa eta dibertsifikatuagoa; adibidez, altzariena eta elikagaiena. Baina gauza bat argi dago: Euskal Herrian ezingo zaio eutsi orain arte ezagutu den industria ereduari. Barneratu behar da garai hori amaitu dela.

Elikaduraren sektorea indartu behar dela diozue, eta lanpostu asko sor daitezkeela. Baina, Nafarroan salbu, pisu eskasa du. Nola egin daiteke aldaketa hori?

Pisu eskasa du diruaren aldetik, baina izugarria estrategikoki. Gure bizitzaren oinarria da elikadura. Ekonomia gure beharretara egokitu behar dugu, eta ez alderantziz. Sektore agroekologikoa funtsezkoa da larrialdi ekologikoari aurre egiteko, karbono isuriak murrizteko. Gainera, lehen sektorean errazagoa da energia berriztagarriak erabiltzea eta trantsizioa egitea.

Zuek aipatzen duzuen desindustrializazioak ondorio larri batzuk eragin ditzake: adibidez, milaka lanpostu galtzea eta zerga bilketa murriztea, eta erakundeek baliabide gutxiago izatea, besteak beste, gizarte politikentzat.

Horregatik diogu datorrenari aurrea hartu behar zaiola. Industria ezinbestean gutxituko da. Horren aurrean, hiru hitz gako daude: lanaren banaketa, aberastasunarena —beste zerga politika bat—, eta burujabetza ekonomikoa, zeina gure beharrak asetzeko gai izango den inguruko baliabideak erabilita.

Ez al da oso epe luzerako planteamendu bat?

Ez. Aurrean ditugun erronkak gainean ditugu jada: bi urte daramatzagu energia-hornidura arazoez hitz egiten. Erregai fosilen erauzketan maximoetara iritsi gara, eta beste lehengai batzuekin arazo handiak daude eta sortuko dira. Shock egoeretan, bi aukera daude: geldirik geratu edo erreakzionatu. Pandemian ikusi genuen gauza batzuk egin daitezkeela: osasuna ekonomiaren aurretik jarri genuen, eta horrek agerian utzi zuen produkzioaren zati handi baten beharrik ez dugula. Ikusi zen beste era batera bizi gaitezkeela. Egia da aldaketa handia dela, baina uste dut gaur egungo krisi egoerak bizkortu dezakeela.

Erakundeak bultzatzen ari diren green deal politiken artean eta zuek proposatzen duzuen desazkundearen artean, ez dago erdibiderik?

Elkarrekin bizi gaitezke, baina oinarri batzuk ezarrita. Gainera, eztabaidak begirada estrategikoa aberastu dezake, demokratizatu. Irtenbidea ez da green deal ala desazkundea. Errealitatea askoz ere konplexuagoa da, eta iragarri ezina.

Zein dira gutxieneko horiek?

Energia berriztagarri batzuen mugak mahaigaineratu behar dira. Parke horien inguruetan bizi diren herritarrei eragiten dizkieten kalteak neurtu behar dira, baita azpiegitura horien eraginkortasuna ere, ez baitute nahikoa energia sortuko gaur egungo metabolismo ekonomikoari eusteko. Gainera, aztertu behar da zer neurritan diren jasangarriak azpiegitura horiek; alegia, zer energiarekin ekoizten diren eta zer materialekin. Hori guztia mahaiaren gainean jarri ondoren, ondorioa argia da: energia kontsumoa murriztu behar dugu, eta benetan berriztagarriak diren teknologiak erabili behar ditugu. Zenbat eta nola, horretaz hitz egin behar da.

Eztabaida batzuk gatazka iturri bihurtu dira, eolikoekin loturiko egitasmo batzuk gelditzeraino, adibidez. Ezer ez egitearen kostua ere neurtu beharko litzateke?

Trantsizio epe honetan, egon daitezke nolabaiteko inpaktu ekologikoa izan dezaketen egitasmo onargarri batzuk. Gainera, elementu positibo batzuk sar daitezke: azpiegitura horien kontrol demokratikoa indartzea edo lortzen diren etekinak modu justuagoan banatzea. Arazoa da gaur egun ez dela horrela egiten; enpresa handien berriztagarri hiperteknologikoak izugarri hedatzen ari dira, eta burbuila bat sortzen ari da. Horren aurrean, logikoa da kontrako jarrerak gogortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.