Albistea entzun

Joseba Orueta. Kutxabank Gestioneko kontseilaria

«Denbora asko igarotzen dugu bezeroari egia esaten»

Inbertsio funtsetara bideratzen den aurrezkiaren kuota bikoiztu du azken hamar urteetan Kutxabankek. Oruetaren arabera, epe luzera begiratzea eta bezeroari «kea ez saltzea» dira arrakastaren bi gakoak.
MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko martxoak 28 - Bilbo

Bilboren ikuspegi ederra dago Kutxabank Gestionek Iberdrola dorrean betetzen dituen bulegoetatik. Baina Joseba Orueta (Getxo, Bizkaia, 1969) ez dago hara begira, mundu osora baizik, munduko bazter guztietan bilatzen baitu errentagarritasuna bere bezeroen diruarentzat. Ez doakio gaizki. Iaz, Espainiako sistemako bankuen artean funts gehien erakarri zituenen artean hirugarrena izan zen, neurriz bera baino askoz handiagoak izateagatik «beste liga» batean jokatzen duten bankuen atzetik. «Europa Ligakoen» artean, lehena da, eta inbertsio funtsetan dagoen diruaren ia %6 kudeatzen du, azken hamar urteetan kuota bikoiztu ondoren. «Euskadin %35-40 artean gaudela esango nuke, baina ez dago estatistika garbirik».

Iazkoa urte «konplexua» izan zen merkatuentzat, «oso gutxitan gertatzen den zerbait gertatu baitzen: errenta finkoa eta aldakorra, biak aritu dira gaizki». Merkatua beherantz doanean, Kutxabank Gestionek kuota irabazi ohi duela nabarmendu du Oruetak. Nola? «Agian naif samarra naiz, baina uste dut besteek baino hobeto egiten ditugula gauzak; denbora asko igarotzen dugu bezeroari egia esaten, ez dugu kea saltzen. Bezeroei esaten diet: merkatua behera doanean, gu ere behera joango gara; eta gora doanean, gora. Baina frogatu dezaket gai garela erorikoaren portzentaje txikiago bat jasateko, eta igoeraren zati handiago bat. Jaitsiera eragotzi dezakezula esaten badut, betetzerik ez daukazun espektatiba bat sortzen dizut, eta hortik dator etsipena».

Kutxabank Gestionek bankuaren sare komertziala erabiltzen du bere inbertsio funtsak saltzeko, eta Oruetak berak esku hartzen du. «Joan den astean izan nintzen Eibarko bulegoan, hango kudeatzaileekin hizketan eta gero hamar bezerorekin». Errentagarritasuna lortzeko bide bakarra epe luzera jokatzea dela azaldu zien. «Ezinezkoa da merkatuen gorabeherak kontrolatzea. Ni ez naiz gai pandemia bat iragartzeko, gerra bat Ukrainan... Ezin dut ezer iragarri, baina gai naiz epe luzera arrazoizko errentagarritasun bat ematen duten modeloak prestatzeko. Geure batez besteko bezeroari %5eko errentagarritasun espektatiba bat eskaintzen diegu; bermerik gabe, argi hitz egin behar delako».

Etekina izateko, «sistematikoa» izan behar da, «eta ez hautsi lehen arazoak daudenean». Merkatuetan bi jokaera irrazional daudela uste du Oruetak: «Bata da gauzak gora doazenean pentsatzea beti egingo duela gora. Bestea da larriena: izu une bat dagoenean, dena galduko dudala pentsatzea. Hori urrian egin dutenek %20 galdu dute».

Aurrezkia eta inbertsioa

Bankura bere aurrezkiekin doanak lehenik eta behin erabaki behar du zenbat diru behar duen gastuetarako, zenbat baztertu behar duen aurrezkirako —soldata halako lau edo bost, psikologoen arabera—, eta zenbat geratzen zaion inbertitzeko. «Urtebeterako helburu bat badaukazu esango dizut ez inbertitzeko. Beste tresna batzuk daude: gordailuak, letrak... Hori ez da nirea; nik plan bat egingo diot, epe luzera, eta dirua munduko herrialde guztietan inbertituko diot, errenta finkoan, aldakorrean, dibertsifikatua, sektore guztietan...». Oruetak uste du dibertsifikatzen baduzu ezinezkoa dela errentagarritasuna ez lortzea. «Nik inbertitzeko proiektuak bilatzen ditut. Oiartzungo gazte batzuek behar dute finantzaketa; nondik lortu? Bada, bankuetatik edo inbertsio funtsetatik. Proiektu batek huts egingo dizu, baina denak ez da posible; beti egingo dute aurrera proiektu onek. Begira, munduko inbertitzailerik ezagunena Warren Buffett da, eta lehengo egunean esan zuen soilik %60tan asmatzen duela. Sekulakoa da, ni erdiarekin asmatzearekin moldatzen naiz».

Edonola ere, Oruetak nabarmendu nahi du luzera begirako inbertsioa dela inflazioa garaitzeko modu bakarra. «Gordailuek, zor publikoaren bonuek, aurrezki kontuek... inoiz ez dute epe luzean errentagarritasuna lortuko. Urte batean egin dezakete, baina luzean ezinezkoa da».

Kutxabank Gestionen «produktu izarra» kartera delegatuak dira. «100.000 bezeroren aurrezkia daukagu funts talde horretan, eta agian 600 enpresa desberdinetan dute dirua. Hor dirua duenari ez diot aginduko urtebetean dirua bikoiztuko duela; arrazoizko espektatiba bat aginduko diot. Orain, batez besteko bezero batentzat, %70 finkoan eta %30 aldakorrean, urtero %5 agindu diezaioket. Hori epe luzeko inflazioaren gainetik dago».

Gainera, Oruetak gogorarazi du aurrezki horrek saskia handitzen duela urtero. «Badago nik bezeroei azaltzen diedan kontu bat: 72aren erregela. Zuk 72rengatik zatitzen baduzu epe luzean lor dezakezun errentagarritasuna, emango dizu zure dirua bikoizten duzun urte kopurua. 72 zati zazpi egiten baduzu, horrek esan nahi du hamar urtean bikoizten duzula dirua».

Kutxabank Gestionen funtsetan 278.000 aurrezleren diruak daude. Batez beste, 70.000 euro ditu bezero bakoitzak. «Diru hori gutxika bildu duen jendearen aurrezkiak dira. Zuhurtzia balio bat da; inbertsioen departamentua bezain garrantzitsua da arriskuen departamentua; goizero, aktibo guztien balioa baloratzen dugu»..

Aurrezki jasangarria

Kutxabank Gestionen funts guztiak jasangarri gisa erregistratuta daude. «Kudeaketa aktiboko funtsetan Europako lehenak izan ginen. Eta ez diogu izena aldatu funts bakar bati ere: ez dugu funts berderik, ez ditugulako horregatik saldu nahi. Kudeatzaile jasangarri bat izan nahi dugu; inbertsiorik onenak bilatzean, aldagai ekonomikoak ez ezik, jasangarritasun aldagaiak ere begiratzen dituen bat. Nola aukeratzen ditugu? Epe luzera irabaziak emateko espektatiba onak izatea, enpresa sendoa izatea... baina halaber begiratzen dugu haren karbono arrastoa, genero politika garatua izatea, gobernantza eredua...».

Oruetak onartu du ez dutela jasangarritasun kontuetan «taliban» jokatzen. «Oso gogor jartzen bazara genero kontuekin, ezingo zenuke Japonian inbertitu, han gizonezkoak baitira administrazio kontseilu guztietako kide guztiak. Egiten duguna da Japoniako enpresen artean genero politika aldatu nahi dutenetan inbertitu. Laguntzen ari zara horrekin? Baietz uste dugu. Japoniako enpresek ikusten badute Bilboko tipo batek ez duela haietan inbertitzen ez badute genero politikarik, agian zerbait egingo du».

Baina «marra gorriak» ere badituzte. «Ez dugu inbertitzen beren egoitza paradisu fiskaletan duten enpresetan, eta horretara ez gaitu inork behartu. Ez zitzaigun etikoa iruditzen».

Bezeroek erreparatzen al dioete jasangarritasunari? «Ez. Baina geuri berdin zaigu; erabaki dugu jasangarri izatea, eta eskaria etorri etorriko da. Gizakia hala da: urte txarra datorrenean planetaz ahaztu egiten gara. Erosketekin gauza bera da; inporta zaigu, baina ez dugu galdetzen nondik datorren arropa, badaezpada ere».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Onnera Groupen erakusmahai bat, industria azoka batean. ©BERRIA

Onnera Groupek lantegi berria zabalduko du Oñatin, 17 milioi euroko inbertsioa eginda

Aitor Biain

Garbigailu industrialak fabrikatuko dituzte, egungo ekoizpen gaitasuna handituta. Kooperatibak inoizko salmenta handienak lortu zituen iaz: 380 milioi euro denera.

Langile bat Haizea Winden lantegian, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Industriak ekonomiari bultzada eman dio urtearen hasieran

Iker Aranburu

Eustaten arabera, jardunaldi osoko baliokideak diren 3.400 enplegu sortu ziren lehen hiruhilekoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

 ©Joxean Apeztegia

Enpleguak indarrez egin du gora maiatzean: 8.000 kotizatzaile gehiago

Iker Aranburu

Hego Euskal Herrian, apirilean baino 1.558 langabe gutxiago zeuden. Hirugarren hilabetez jarraian marka hautsi du afiliatuen kopuruak, eta dagoeneko 1,3 milioitik gora dira.

Fagor Ederlaneko langile bat, Bergarako fabrikan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Azkenean, legean jaso gabe geratu da kooperatibisten kotizazio eredua

Aitor Biain

Pentsioen erreformaren tramitazioa baliatu nahi zuten eredu mistoa testuari eransteko, baina ezbaian geratu da legealdia eten denez. Bazkideek Gizarte Segurantzan eta Lagun Aron kotizatzen dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.