Koronabirusa. Petrolioaren merkatua. Antonio Aretxabala. Geologoa

«Bukatu egin da hazkunde amaigabearen garaia»

Koronabirusak petrolioaren merkatuan eragin handia izango duela dio; bereziki, haustura hidraulikoaren teknikan ari diren enpresek oso egoera zaila izango dutelako. Desazkunde garaiak datozela iragarri du.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
inaki petxarroman
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Antonio Aretxabala (Vigo-Galizia, 1963) geologoak gertutik erreparatzen die petrolioaren gailurraren gaiari eta erregai fosilen errekuntzak eragiten duen berotze globalari. Egungo egoeratik ikasgai bat atera behar delakoan da: «Desazkunde materialerako eta hazkunde pertsonalerako zein kolektiborako garaiak datoz».

Petrolioaren kontsumoa amildu egin da. Aurrena Txinan eta gero Europan zein Ipar Amerikan. Norainokoa izango da erorikoa?

Jarduera ekonomikoaren geldialdiak beti ekarri ohi du energia kontsumoaren beherakada bat. Badakigu gure ekonomia erregai fosilen menpekoa dela (%85), eta, beraz, jarduera ekonomikoa erortzen bada, beherakada proportzionala izaten da. Beti hala gertatu da. Ekonomialari batzuek aldarrikatzen duten energiaren desmaterializazioa erraz desegin daitekeen gezurra da.

Zergatik?

Jarduera industriala eta teknologikoa ezin da ordezkatu ehuneko ehun baliabide berriztagarriekin, eta, gainera, ezin da erabat elektrifikatu. Adibiderik argiena garraioa da. Hori borroka galdu bat da. Bestalde, BPGa [barne produktu gordina] zor berriarekin finantzatzen ari dira, errendimendu materiala eta energetikoa handitu gabe, eta hori, ikuspegi geologiko huts batetik begiratuta, zorra hurrengo belaunaldiei uztea da.

Baita gutxiago kontsumitzen duten beste herrialde batzuei ere, ezta?

Hala, materialen ekoizpenaren hazkundea eta energia kontsumoa tokiko kalkuluetatik ezaba ditzakete. Ikatz, gas, petrolio edo uranio gehien kontsumitzen duten prozesu industrial kutsatzaileak kanpora ateratzen dituzte horrela. Txinak rol hori jokatu du azken bi hamarkadetan. Baina horrek ez gaitu eraginkorrago bihurtu, menpekoago baizik. Lehiakortasunak diru sarreren eta desberdintasunen hazkundea ekarri du. BPGaren hazkundea gutxi batzuen mesedetan gertatzen ari da, eta, langile gehienen erosahalmena gutxitzen ari da.

Osasun krisiak eragindako momentuko geldialdia da hau, edo ondorioak izango ditu gero ere?

Zalantzarik gabe, ondorioak izango ditu. Hemendik kapitalismo finantzario neoliberalaren bukaerara arte, gero eta ohikoagoak izango dira halakoak, geratzen diren ustiategien itzulkin tasaren beherakadaren ondorioz. Ez dakigu zer gertatuko den, aurrekaririk gabeko egoera baita hau. Orain arte merkatua arautzen zuen eskariaren eta eskaintzaren arteko dinamikak aurrerantzean ez ditu ezarriko ez prezioak ez erabilgarritasuna. Baina ziurra damugarik gabeko hazkundearen garaia amaitu egin dela, eta, neurririk hartu ezean, pobreziaren zabaltzea izango da gizartearen buruhausterik handiena.

Hegazkingintza sektoreak epe luzeko kalteak izan ditzakeela ari dira ohartarazten adituak.

Garbi zegoen halako egoera batean erortzen lehenetako bat izango zela, hamarkada bat baino gehiago daraman uzkurtze testuinguru batean, gainera. Nire iritziz, ez da sekula iritsiko 2004 eta 2008 artean izan zuen jarduera guztia berreskuratzera. Urrutiko herrialdeetara hegan egitea kapitalismo fosilistaren ikurra zen, baina orain murrizte garaia dator.

Errusiaren, Txinarn, AEBen eta Saudi Arabiaren arteko tentsioak zer ondorio izan lezake petrolioaren merkatuan?

Hegemonia gerra bat dago, eta AEBak daude egoerarik txarrenean. Txina munduko sabela da, eta metabolismo ekonomikoa haren araberakoa da. Urte gutxian hornidura sarearen jabetza hartu du, eta ez du askorik behar planeta osoa ezer gabe uzteko. Errusiak abantaila bat du: ikatz, gas eta petrolio alorrean buruaskia da, eta ez du inoren laguntzarik behar. Haren petrolioa ez da Saudi Arabiarenaren kalitate berekoa, baina nahikoa da LPPEari [Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea] eragiteko eroso joka ez dezan.

Eta ABEak?

AEBek urtero munduko petrolioaren eta beste baliabide batzuen laurdenak behar ditu bere ekonomia xahutzaileari eusteko. Frackingari esker behar zutenaren erdia lortu dute, baina beste herrialde batzuei erosten segitzen dute, adibidez, Venezuelari. Frackingaren hil urreneko esperientziak kapital kopuru itzelak suntsitu ditu azken asteotan, eta ehunka enpresa galbidean utzi, aurrez inoiz izan gabeko egoera batean. Itzulkin tasak horren txikiak dira, ezen erauzteko ateratzen duten adina petrolio erretzen baitute hura ateratzeko. Egoera horretan bota du Saudi Arabiak 12 milioi upelen hordagoa. Aditu bakar batek ere ez du sinetsi. Epe luzera urre beltzak ez dauka ez konponbiderik ez ordezkorik.

Berotegi gasen isurketak murriztu egingo dira, egoera horren ondorioz.

Nabaritu ere ez da egingo. Industria aurreko CO2 metaketaren mailara itzultzeko mendeak beharko dira, isurketa guztiak oraintxe geratuta ere.

Eta klima aldaketaren aurkako borroka, zertan geratuko da?

Jarduera eteteak ekosistema batzuk biziarazi ditu. Baina, bitxikeria horiek alde batera utzita, klima kaosa berrelikatze fase positibo batean sartuko zen segur aski, eta ohitu beharko gara fenomeno meteorologiko gogorretara. Trantsizio energetiko justuaren alde lanean hastea asko kosta izan zaigu, eta ez gara ados jartzen, kontsentsu ideologikoa falta zaigulako. Klima aldaketara egokitzeak lan pedagogiko eta informazio ugari beharko ditu. Norbanakoek jakin beharko dute ahalik eta modurik iraunkorrenean bizi beharko dutela. Duela hamarkada batzuk trantsizio leunago bat martxan jar zaitezkeen, baina, orain, traumatikoa izango da.

Nondik etor daiteke irtenbidea?

Bi aukera ditugu. Edo onean ekiten diogu desazkundeari, edo txarrean ekiten diogu, gatazka sozialekin, erregimen totalitarioekin, askatasunen kontrolarekin eta gerrekin. Arazoa etxe barruan daukagu. Petrolioak historian aurrekorik ez duen anomalia bat ere ekarri duelako, kapitalismoaren eskutik: indibidualismoa. Hori ere bukatzen ari da.

Iruditzen zaizu, 2008ko krisiaren ondoren bezala, errebote efektua izango dela isurketetan pandemia pasatutakoan?

Aurrekoaren irakaspena ez badute ikasi, saiatuko dira. Pedro Sanchezek aurrekoan zioen gobernuak beharrezko neurriak hartuko dituela energia elektrikoaren eta gasaren zein petrolioaren hornidura bermatzeko. Bermatu zertarako eta zeini? Pobreziarekin bukatu nahi bada, adostasun zintzo bat eta epe luzeko inbertsioak beharko dira. Inbertsio horiek merkatu ikuspegitik kanpo bakarrik egin daitezke, ikuspegi kolektibotik, eta hazkundea alde batera utzita. Murrizten ari den aberastasuna banatzeko testuinguru bat lortu beharko dugu.

Ohiko egoerara itzuliko garela esaten ari dira agintariak.

Ez dute eurek ere sinesten. Aipatzen duten normaltasun horrek ekarri gaitu hona. Luze joko liguke azaltzea zergatik gauden hemen, hidrokarburoen geologiaren ikuspegitik. Baina planetaren geologiak ez du berdintasunaz ulertzen. Gizakiak asmatu zuen termino hori. Lurrak daukan guztia eman digu, eta ezin zaio gehiago eskatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.