Alazne Apalantza. Fisioterapeuta

«Gernu ihesa ez da soilik erditu diren emakumeen arazoa»

Gernu ihesari buruzko tabu handia dagoela uste du Apalantza fisioterapeutak: «Emakumeon arazoa delako». Prebenitzeko biderik onena gaiaz hitz egitea eta norbere gorputza ezagutzea dela uste du.

EMEKI.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Alazne Apalantzak kontsulta itxi eta desinfektatu behar izan du koronabirusagatik (Errezil, Gipuzkoa, 1985), eta, anabasaren erdian, ia ahantzi egin zaio gernu inkontinentziaren eguna igaro dela: martxoaren 14an izan zen, justu Hego Euskal Herrian konfinamendua ezarri zutenean. Fisioterapeuta da Apalantza, eta Tolosako Emeki osasun eta zaintza gunean egiten du lan, psikologo, hezitzaile, emagin, pediatra eta nutrizionistekin batera. Emakumeen osasunean espezializatuak daude: «Etapa ezberdinetan laguntza fisiko eta emozionala ematen diegu».

Ikerketa batek kaleratu berri du emakumeen %80k aitortu dutela gernu ihesa dutela edo izan dutela inoiz. Zergatik gertatzen da?

Hainbat motatako inkontinentziak daude, eta kausa ezberdinak dituzte. Gehien ikertu dena esfortzuan metatzen den gernu ihesa da: izan daiteke kirola, inpaktuak, saltoak, korrika, pisuarekin saltoak egitea... Baina baita eztul eta doministiku egiten dugunean ere, edo barre asko egitean. Zoru pelbikoaren funtzio garrantzitsu bat da organoak bere lekuan mantentzea funtzio egoki bat izan dezaten. Inkontinentzia funtzionaltasun gabezia bat da: zoruak ja ez ditu organoak eusten esfortzuetan, eta esfinterraren funtzioari kalte egiten dio.

Zoru pelbikoaren arazoa da soilik?

Ez. Lauko dantza baten modukoa da: sabaia diafragma litzateke; sabelaldeko muskulatura, aurrealdean; bizkarrezurra eta lunbarrak, atzealdea; eta zoru pelbikoa behean edukiko genuke. Kasu askotan, zoru pelbikoaz harago, sabeleko inkonpetentzia bat ere gertatzen da. Zeren zoru pelbikoaren funtzio oso garrantzitsu bat sabelaldetik datozen presioak kudeatzea baita. Ikusi behar da norbanakoan funtzio horiek mantentzen diren.

Gizonek ere badute zoru pelbikoa. Zergatik aipatzen da emakumeen kasuan batez ere?

Emakumeen zoru pelbikoak, gure ugalketa aparatuarengatik, hiato gune bat dauka: alegia, aurrealdea ez dago hain tapizatua. Gizonezkoen kasuan, zakil-barrabilak kanporantz izateak egiten du pubisetik kokzixera azpialde hori guztia tapizatuago egotea.

Eta horrek eragiten du emakumeen gernu ihesa?

Bai. Pelbisaren aurrealdean organoak ditugu, eta, gainera, zulogune bat: bagina. Orduan, diseinuarengatik, presio horiek ez badaude ondo kudeatuak eta aurrealdera baldin badoaz, umetokia bultzatua da kanal baginalera,maskuria baginaren goialdeko pareta horretara, eta maskuria eta uretra zanpatuak izan daitezke, eta erori.

Hormonek ere eragiten dute, zeren zoru pelbikoaren %20 muskulatura baita, eta %80, ehun konektiboa. Hori, alde batetik, genetikaren menpekoa da, berezkoa, eta, bestalde, elikaduraren menpekoa. Badira emakumeak soilik gernu ihesa dutenak zikloko garairen batean. Edo hilerokorik gabe daudenean, edo alderantziz. Edo menopausian.

Umeren bat izan duten emakumeak aipatzen dira maiz, baina ez dute haiek bakarrik, ezta?

Haurdunaldian sabelaldea aldatu egiten da; aldatzen da diafragma, bizkarrezurra, eta zoru pelbikoa bera ohituta ez dagoen zama bat jasaten ari da aste luzez... Erditze prozesuan, berdin: erditze prozesurik egon den edo ez, ebakuntza bat izan den, haurrak bidaia hori nahiko bizkor egin duen edo denbora asko egon den hor aurrera eta atzera... Horiek guztiak gehigarriak dira: arrisku faktoreak. Baina ezin pentsatu soilik erditu diren emakumeen arazoa dela: emakume gazte asko ditugu gernu ihesa dutenak. Izan zaitezke 20 urteko emakume oso elastikoa, edo gehiegi tonifikatutako zoru pelbiko bat eduki dezakezu, gogortuegia. Oso adin ezberdinetan kasuistika oso ezberdina ikus dezakegu.

Uste baino gehiago dira?

Duela ez askora arte esaten zen hirutik batek edo hamarretik hiruk zutela. Eta beti aipatzen nuenbenetan egia erantzungo bagenu —lotsa eta taburik gabe— eta benetan kontziente bagina —emakumeei ez baitzaie iruditzen hori gernu ihesa denik— gehiago izango liratekeela. Aipatu dituzun ikerketako datuak errealagoak dira. Inportantea da ikusaraztea zein ehuneko handia den, eta nola denok edo asko gauden hor.

Zergatik dago tabua?

Emakumeon arazoa delako. Belaunaldiz belaunaldi isilik pasatu da, eta, orain, gizarte modernoago eta heziketa irekiagoak izanagatik, oraindik apurua ematen du esateak 20 urterekin konpresa batekin bizi behar duzula. Uste dut asko hori dela: norberak onartzea, alde batetik, eta, bestetik, besteei kontatzea. Inork ez digu txikitatik azaldu garbiketa nola egin, zer neurri hartu... Emakumeok oso profil kuriosoa gara horretan: isilean eramateko gaitasun handia daukagu, sufritzekoa. «Zertarako esango dut? Jartzen dut oihal bat nire kulerotxoan, eta, tira, ez du garrantzirik».

Iragarkietan gero eta emakume gazteagoak jartzen dizkigute, pentsatzeko hori dela normala: produktu hori jarri, eta kito. Esan beharrean, prebenitu daitekeela. Zainketa bat izan beharko luke: gorputzeko beste atalekin egiten dugun bezala. Orduan, egin dezagun entrenamendu bat gauza horiek babesteko, eta albo kalteak saihestu edo behintzat minimizatzeko, ezta? Merkeagoa da, gainera! Ez da gero: «Ala, ebakuntza bat!». Ez.

Tabuan bizitzeak arazo psikologikoak dakartza?

Noski. Pertsonalki, harreman sozialetan, lanean eta esfera afektibo-sexualean, izugarri. Horrek esan nahi du: «Ni ez noa mendira, zeren badakit bustiko naizela...». Edo sumatzen dut hori ahul, eta nire gorputza ez ezagutu edo ez maitatzea arlo sexualean... Edo, lanean, imajinatu bilera garrantzitsu batean zaudela, eta bat-batean sentitzen duzula... Pentsa nola baldintzatzen zaituen! Pixoihal batekin sentitze hori denbora guztian... Ja tabua sortzen duen zona bat baldin bada, gainera gainetik estalki bat jartzea... Inoiz ez dugu pentsatzen zenbaterainoko mugak sortzen dituen: elbarritasun bat da.

Zer egin daiteke prebenitzeko?

Lehen pausoa hitz egitea da: inportanteena da jakitea zer den. Kuriosoa da sexualitatea nola bizi dugun gure gorputza ezagutu gabe. Plazerean ezagutzeko lehenik plazeretik kanpora ezagutu behar dugu, ezta? Zer naiz, nolakoa naiz, hori daukat, horrela lantzen da, zer arrisku faktore dauzkat... Eta, gero, kasuan-kasuan, zoru pelbikoa nola daukat? Adibidez, animalia jatorriko proteinarik jaten ez duen pertsona pila bat gaude, eta, inongo epairik gabe, emakume horiek jakin dezaten, adreiluak galtzen ari dira. Orduan, agian, osagarriekin lagundu beharko diogu. Edo bulego batean hamar orduz eserita dagoen emakume bat, bizkarra okertuta, sabela deskonektatuta... arrisku faktore bat da. Beharrezkoa da gorputz bakoitzaren kontzientzia piztea eta profesionalek lan pedagogikoa egitea gizartearekiko eta, bereziki, emakumeekiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.