Lourdes Contreras. Soziologoa eta feminista

«Elkarrizketarako abaguneak zabalduko direla espero dugu»

Perun, feministek Pedro Castillo hautagaiaren alde bozkatu zuten. Nahiz eta jakin Peru Libre alderdia kontserbadorea dela genero gaietan, Contrerasek uste du behetik gora helduko dela «benetako aldaketa».

CECILIA VALDEZ.
Cecilia Valdez
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Soziologoa, feminista, komunitateko kidea eta Lushcapampako (Peru) nekazarien batzordeetako kidea da Lourdes Contreras. Lushcapampa eta Puña —han jaio zen Pedro Castillo presidente hautatua— Cajamarcako eskualdeko bi herri dira. Contrerasek eta Castillok eskualdetik ezagutzen dute elkar, eta biak dira nekazarien batzordeetako kideak. Datu hori garrantzitsua da, Contrerasen arabera, zenbait gai aztertzeko orduan: besteak beste, Castilloren ibilbidea, oinarriek haren hautagaitzari emandako babesa—baita haren proposamenekin erabat ados ez daudenena ere—, eta historikoki bazterrean egon diren herritar taldeen eskaerak.

Zer dira nekazari batzordeak?

Gure eskubideak defendatzeko gure lurraldean jaiotako erakunde autonomoak gara. Justizia administratzen dugu gure komunitateetan, estatuarekiko solaskideak gara, komunitateko bakea bermatzen dugu, eta gure herria hezten dugu. Ohiturazko zuzenbidean oinarritzen gara. Gure herriek onartzen dute justizia egiteko modu hau, baina estatua ere hasia da aitortzen. Konstituzioko 49. artikuluak justizia administratzeko jurisdikzio erakunde gisa onartzen gaitu, OITko [Lanaren Nazioarteko Erakundea] 169. hitzarmenak bezala. Hala ere, estatua jazarri egiten zaigu, diotelako nekazariak eta indigenak izanik ez garela gai justiziaz erabakitzeko. Horregatik eskatzen dugu nazioaniztuna izango den eta gure lurraldeetako justizia errespetatuko duen batzar konstituziogile bat.

Nortzuk dira Peruko feminista komunitarioak?

Peruko Macronorteko Emakumeen Mundu Martxarekin bat eginda gauden feministak gara. Iparraldeko makroeskualdean, gure xede nagusia da ekintzailetza kapitalista, patriarkal eta neoliberalari aurre egitea, eta gure gorputz-lurren alde borrokatzea. Erakunde horretako kide dira mota askotako emakumeak: batzordekideak, indigenak, nekazariak, herritarrak, hiritarrak eta abar. Aniztasun horretan, feministatzat, komunitateko kidetzat eta herritartzat daukagu geure burua.

Zuentzat ere ezustea izan zen Castillok lehen itzulian hainbeste boto lortu izana?

Ez; Pedro Castillo ezerezetik sortu dela esaten den arren, hori ez da egia. Bada prozesu honetan oso garrantzitsua den zerbait, nahiz eta nazio mailan ikusezin egin duten, eta hori da Castillok urteak daramatzala nekazarien batzordeetan lanean. Batzordekidea da, nekazaria eta nekazaritza eremuetako irakaslea. Herri heziketa estrategia hori da, oinarrietatik eraikitzen dena, eta lurraldeetan zabaltzen; eta hark betidanik egin du lan hori. Horrek ez zaitu ospetsu egiten, baina guk eremu horietatik ezagutzen dugu: borroketan eta erresistentzia prozesuetan parte hartu du. Lehen itzulian, nire herrian, nik banekien %90ek Castilloren alde bozkatuko zutela, eta, orokorrean, baita eskualdean ere. Aldaketa beharrak eragin du Castilloren aldeko botoa. Nekatuta gaude gure gorputzen eta lurren aurkako indarkeriari aurre egin beharraz, eta gure lurrak indarrez kentzen dizkigutenez. Kriminalizatu egiten gaituzte ura edo bizitza defendatzeagatik. Gure herriak ordezkatuko dituen norbait behar dugu, gure herrietatik datorren norbait, horrek aldaketa bermatu ez arren.

Uste duzue Castillok bultzatu egingo dituela aldaketa horiek, kontuan izanik zer-nolako baldintzetan agindu beharko duen?

Ondo ohartuta gaude Castillo agintera heldu dela baina ez duela botererik. Uste dugu, era berean, aldaketak emakumeok lortuko ditugula, gure oinarriak antolatuz. Elkarrizketarako abaguneak zabalduko direla espero dugu. Eskatzen duguna da batzorde konstituziogile berri bat osatzea: hori da gure aldarri nagusia. Horretarako ari gara gure oinarriak sendotzen eta beste erakunde batzuekin hitz egiten.

Nola irudikatzen duzue prozesu hori, kontuan izanik Castillok hitzeman zuela erreferendum bitartez izango zela, eta ez duela horretarako beharrezko babesik Kongresuan?

Bi aukera daude: bat da erreferendum baten bitartez egitea, eta bestea da herriak eskaera bat aurkeztea, sinadurak bilduz. Bietarako ari gara prestatzen. Badakigu indartsu eta ondo antolatuta egon behar dugula, Peru Libre alderdi patriarkal eta kolonial bat dela, goitik beherako azpiegitura duena, eta parametro horien aurka joko duela, eta emakumeok jasango dugula kalterik handiena, beti bezala.

Izan duzue kontakturik Castillorekin edo haren alderdiko norbaitekin, hark bozak irabazi zituenetik?

Lehen itzuliaren ondoren, zenbait bileratan parte hartu genuen; Peru Librek beste hainbat erakunderekin antolatu zituen bilera horiek, datozen ehun egunetarako egitasmo bat proposatzeko. Gu, feminista gisa, beste feminista batzuekin harremanetan gaude nazio mailan, prozesu konstituziogile baterako akordio bat lortzeko.

Castilloren jarrera oso kontserbadorea da generoarekin eta emakumeekin lotutako gaietan. Zer iritzi duzue horri buruz?

Peru Librek jarrera fundamentalista eta kontserbadorea du, baina Castillok erantzukizuna du erakunde jakin batekiko. Batzordekide gisa, berak badaki nola egiten diren gauzak batzarretan. Espero dugu hitz egiteko prest egongo dela, aurrez beste hautagaiak ez bezala. Jarrera hori bera da eskubideak aldarrikatzeko aukera emango diguna. Aldaketak oinarrietatik etorriko dira; izango dira aldaketak estatuaren jokabideetan, baina borroka erakundeek bultzatuko dute. Badugu itxaropena Castillok gure herrien eta emakumeon eskubideak bermatuko dituela.

Harremanetan zaudete Abya Yalako (Amerikako jatorrizko herriak) beste lurraldeetako feministekin?

Castillo Peru Libreko kide izateak erakusten du badela nolabaiteko elkarlana boterean. Kezkatzen gaitu gobernua neoestraktibista bilakatzeak, Bolivia eta Ekuadorko ezkerreko gobernuekin gertatu den moduan. Castillok esan du Congako meatzaritza proiektuak —borroka eta erresistentzia proiektu enblematikoetako bat— ez duela aurrera egingo, baina Cajamarcan badira beste hamazazpi proiektu martxan jartzeko prest daudenak, eta ez dakigu zer gertatuko den. Trantsizio ekonomiko baterako eredu bat pentsatu behar dugu. Gure gorputzak eta gure lurrak eguneroko borroka batean daude. Asko partekatu dugu Boliviako eta Ekuadorko kideekin haien prozesuetatik ikasteko, gertuen ditugunak direlako. Modu berean, orain, prozesu konstituziogilerako, Txileko kideak ditugu erreferente, eserleku ugari lortu baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.