Itziar Gastearena. Alaveseko jokalaria

«Berriz bizi nahi dut Lehen Mailak dakarrena, bideaz disfrutatuz»

Alavesek denboraldiaurre bikaina egin du, eta sentsazio berak eduki nahi ditu Lehen Mailako debutean. Itziar Gastearenak «bide berri honetaz ikasteko» gomendatu die gainerako taldekideei.

ALAVES.
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Joan den denboraldian Alavesek igoera eskuratu izanak garrantzi are handiagoa du Itziar Gastearenarentzat (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1993). Lortutako helburuak, taldearentzat ez ezik, harentzat ere badu balio berezia: hiru urteren ondoren, Lehen Mailan jokatuko du berriz. Alavesek Betisen aurka hasiko du sasoia, igandean, etxean (12:00).

Denboraldiaurre bikaina osatu duzue: sei garaipen, berdinketa bat, eta porrot bat.

Multzoa mantendu dugu, eta fitxaketak etorri dira, aire freskoa. Denboraldiaurre ona egin dugu; pixkanaka hobetuz joan gara. Athleticen aurkako finalean, aurreko urteko Alaves zein zen erakutsi genuen. Mentalki oso prestatuta gaude, eta fisikoki ere lan ona egin dugu.

Hala ere, Euskal Herria Kopako finala galduta, zapore gazi-gozoa gelditu al zaizue?

Lagunarteko bat baldin bazen ere, kopa lortu nahi genuen. Realaren kontra erakutsi genuen zeintzuk ginen; merezita irabazi genuen. Athleticen aurka, lehen zati oso ona egin genuen, eta bigarreneko azken minutuetan partida joan egin zitzaigun. Horrek ukituta utzi gintuen, baina oso harro nago taldeak egin zuenarekin.

Finaleko bigarren zatiak zalantzak sortu al dizkizue denboraldi hasierarako?

Ez dut uste. Bigarren zatian, sistema aldatu genuen, eta ez ginen hain ondo moldatu; baliteke kostatu izana. Ikasteko balio izan zigun. Beste sistema batean jokatzen badugu, txipa azkarrago aldatu behar dugu. Egindako akatsek ikasteko balio behar dute.

Hiru hilabete bete dira igoera egunetik. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Badirudi denbora asko pasatu dela. Egun hori izugarria izan zen. Oso gogor lan egin genuen denboraldi osoan, COVIDa zela eta. Poza sentitzen dut egun horrekin gogoratzen naizen bakoitzean.

Amesten al zenuen igoerarekin Alavesera heldu zinenean?

Lehen egunetik, igotzeko apustua egin zuten. Lan eginez lortu genuen, eta gure saria eskuratu.

Betis izango duzue aurkari igandean. Nola ikusten duzu taldea?

Oso gogotsu gaude. Talde berria gara maila honetan, eta gauza gutxi ditugu galtzeko. Demostratu gura dugu zertarako igo garen. Hiru puntuak lortzen saiatuko gara. Etxean jokatzen dugu, eta zaleek bultzada handia emango digute. Positiboa da jendea futbol zelaian izatea, pixkanaka bada ere.

Nola ikusten duzu aurkaria?

Erritmo biziko partida izango da; horregatik, burua hotz izan beharko dugu. Fisikoki lan ona egin dugu, eta prest gaude debuterako.

Bederatzi jokalari berri dauzkazue taldean. Taldea luzeagoa izateak esan nahi du exijentzia handiagoa dagoela, ezta?

Fitxaketek intentsitatea ekarri dute taldera, Lehen Mailan ibilitako jendea etorri baita, eta horrek esperientzia ematen digu. Fitxaketa hauekin ikusten da Alavesek gure taldearen alde egiten duen apustua, eta merezi dugula erakutsi behar dugu.

Horietatik bostek atzeko lerroan jokatzen dute. Titular ikusten duzu zeure burua?

Aurreko denboraldian asko jokatu nuen, baina horrek ez du ezer esan nahi aurtengo sasoirako. Gauzak oso zail izango ditugu, entrenatzaileak erabakitzen baitu nork jokatuko duen. Badakit zer lan egin behar dudan.

Zer eskatu dizue Mikel Crespo entrenatzaileak denboraldi honetarako?

Lasai jokatzea. Normala da urduri egotea Lehen Mailan izateagatik, eta, beraz, baliteke akatsak egitea horregatik. Aurreko urteko jokoa hobetu, eta maila berrira moldatu behar dugu.

Zertan bereizten da sasoi honetako Alaves aurrekoarekin?

Bi taldeak nahiko antzekoak dira. Lehengo urtean, presioa geneukan; irabazteko beharra geneukan, mailaz igotzeko. Uste dut presio horrek kalte egiten zigula. Baina aurten lasaiago gaude: ez daukagu ezer galtzeko. Beste taldeek pentsa dezakete ahulagoak garela, baina gure indarguneak erakutsi behar dizkiegu.

Eibar al daukazue adibidetzat?

Hori da. Ez zeukaten ezer galtzeko, partidaz partida hobetuz joan ziren, eta defentsan oso ondo aritu ziren. Bide horretatik joan nahi dugu.

Uste duzue aukera izango duzuela sasoi honetan Mendizorrotzan jokatzeko?

Ez dago gure esku. Jokatu behar baldin badugu, jokatuko dugu. Baina ez gara horretan pentsatzen ari. Gozatu nahi dugu.

Berriz jokatuko duzu Lehen Mailan. Nola gogoratzen duzu Realean egon zinen garaia? Izan ere, kapitaina ere izan zinen.

Lehen Mailan egotea polita eta gogorra da, denbora asko kentzen dizulako eta fisikoki ere gogorra delako. Liga hobetzen ari da, eta jokalariok prestatuago gaude. Esfortzu handiagoa eskatzen du.

Lagun asko aurkari izango dituzu. Berezia izango da, ezta?

Futbolean hainbeste urte zabiltzanean, jende asko ezagutzen duzu. Nirekin ibilitako askorekin gogoratzen naiz, eta polita da haien aurka jokatzea, haiekin egoteko aukera ematen baitit.

Pozgarria izango da Lehen Mailako taldeen laurdenak euskaldunak izatea, ezta?

Oso positiboa da euskal futbolarentzat eta emakumezkoenarentzat. Lau euskal talde Lehen Mailan egoteak izugarrizko ohorea ematen dio Euskal Herriari. Eta atzetik datozen neska guztientzat ere oso lagungarria da. Espero dugu Osasuna ere Lehen Mailan izatea datorren denboraldian.

Zer eskatzen diozu denboraldiari talde moduan?

Esperientzia honetaz disfrutatzea, askok inoiz ez baitute jokatu Lehen Mailan. Bide berri honetaz disfrutatzeko eta ikasteko esango nieke; entrenamendu eta bidaia guztiekin. Ea hurrengo urtean bide beraz gozatzeko aukera daukagun.

Eta pertsonalki?

Berriz bizi nahi dut Lehen Mailako esperientzia, bideaz disfrutatuz. Beste adin bat daukat, lehen gazteagoa nintzen, eta gauzak beste modu batera ikusten nituen. Besteei ere disfrutatzen lagundu nahi diet.

Nola bizi izan duzu barrutik emakumezkoen futbolaren profesionalizazioa?

Aurrerapauso handiak eman dira lan hitzarmen kolektiboarekin. Klub batzuk guztiz sartuta daude profesionaltasun horretan, eta beste batzuk lanean dabiltza, pixkanaka gauza bera lortzeko. Nahiz eta ni guztiz profesionala ez izan, espero dut atzetik datozenek baldintza onenak izatea eta merezi dutena edukitzea.

Ekainera arte daukazu kontratua. Hitz egin al duzu klubarekin?

Oraingoz, ez. Oraindik goiz dela uste dut. 28 urte dauzkat, eta beste gauza batzuetan pentsatzen nabil. Irakasle izateko ikasi nuen, eta arlo horretan lan egin nahi dut, baina ez daukat ezer pentsatuta. Urtea nola doan ikusi behar dut, eta ea Alavesek nirekin jarraitu nahi duen ala ez ikusi. Aurrerago argituko da dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.