Korsika. Ghjuvan Battista Arena. Core in Fronteko hautetsia

«Parisen blokeoaren ondorioa da kaleko indarkeria politikoa»

Independentista da Arena. Mesfidantza handiz hartu du Gerald Darmaninen etorrera, eta orain arte demokrazia ukatu izana egotzi dio Parisi. Uste du Frantziako Estatuak egoera «usteltzera utzi» duela.

BERRIA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Bastia
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Patrimonion (Korsika) duen mahastia utzi, eta Bastiara etorri da Ghjuvan Battista Arena (Bastia, Korsika, 1980). Core in Fronte alderdi ezkertiar eta independentistako hautetsia da Korsikako Asanblean. Frantziako Estatuaren «etengabeko mespretxuaren» ondoriotzat jo du azken egunotako giroa. Indarkeria politikoaz, Korsikaren geroaz eta abiatu berri den negoziazio faseaz aritu da BERRIArekin.

Zer uste duzu emanen duela Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroaren bisitak?

Beste alderdiekin lanean ari gara elkarrizketak nola eraman behar ditugun ikusteko. Formaren aldetik, eta edukiaren aldetik ere bai. Oraingoan formak garrantzia handiagoa izanen baitu edukiak baino, batez ere gazteriari dagokionez. Gazteek elkarrizketetan parte hartu behar dute, horiek izan baitira protesten abiapuntuan. Eta onartu behar dugu: zazpi urteko demokrazia zikloarekin baino aitzinapauso gehiago lortu ditugu hamar egunez iraun duen matxinada batekin. Paris demokraziaz trufatu baita zazpi urtez.

Zehazkiago, azken hilabeteetan Pascal Lelarge prefetak izan duen jarrera salatu duzue.

Lelarge prefetak ia debekatu digu korsikeraz hitz egitea Korsikako Asanblean, Corsica Ferries enpresarekiko zorra Asanblearen gain utzi du estatuak, eta preso politikoen egoera usteltzera utzi du. Funtsean, zazpi urte dira gutaz trufatzen dela estatua, prefeten bidez. Eztitze keinuak egin ditugu klandestinitatearen amaierarekin. Baina Frantziako Estatuak mespretxua besterik ez digu erakutsi. Urteak badira mespretxuzko keinuak heldu direla bata bestearen gibeletik.

Yvan Colonna presoa hiltzen saiatu izanak tentsioa areagotu du.

Ez dakit Frantziako Estatua den horren gibelean, baina gauza bat argi da: hiru preso politiko horiek ez hurbiltzeagatik gertatu da gertatu dena. Betidanik galdetu dugu haien hurbiltzea, are gehiago azken bost urteotan, horretarako eskubidea baitute. Sua piztu duen pindarra izan da.

Iragan astean, DPS estatusa kendu zien Jean Castex Frantziako lehen ministroak hiru preso korsikarrei. Zer diozu?

Ea, Frantziako Gobernuko kideek hobe lukete Zuzenbide klaseak berrikustea. Azken bost urteetan, Frantziako Gobernuak esplikatu digu ezin zuela ezer egin gure preso politikoen alde, auzitegien esku baitzen afera. Eta, bat-batean, DPS estatusa kendu die lehen ministroak. Botereen arteko bereizketarik ez da, orduan.

Zer erran nahi duzu?

Frantziako Gobernuak duela eskua afera horretan: botere judizialaz ontsa futitzen dira. Giza eskubideen herrialdea dela Frantzia? Ezdeuskeria baizik ez da! Ez dut erranen zer heinetako maltzurkeria den hilzorian dagoen preso bati DPS estatusa kentzea.

Frantziako Gobernuak dio giroa lasaitzeko hartu duela erabakia. Alta, istiluek segitu dute...

Indarkeria baliatzea leporatzen digute, baina Parisek ez du errespetatzen demokrazia. Zazpi urte dira nazionalistek hauteskundeetan bozen gehiengo osoa lortzen dutela. Gero, Frantziak ez du harritu behar gazteria karrikan delako. Ni ere oldartua naiz, eta erranen nuke gazteek pazientzia handia izan dutela egoera honekin. Baina orain, aski, basta.

Gazteek bultzatu dute mugimendua. Zer adierazten du horrek belaunaldi horretaz?

Gazteak dira lehen lerroan; politizatuak dira. Eta karrikako indarkeria baliatu dute: baina ez dituzte saltokietako erakusleihoak hautsi. Suntsitu dituzten egoitzak Frantziako Estatuaren sinboloak izan dira denak. Horrek erran nahi du gazteria politizatua dela.

Negoziazioak irekitzeko baldintza «lasaitasunera itzultzea» da, Darmaninen arabera.

Hori guk erabaki beharko dugu, ezta? Ez dut sekula kondenatuko azken egunotan karrikan pasatu dena. Erran bezala, Frantziako Estatua izan da indarkeria lehenik baliatu duena. Ez gaituzte errespetatzen.

Zer dago, zehazki, mahai gainean?

Prozesu politiko duin bat behar dugu; eta ez bakarrik keinu sinboliko batzuk. Datozen hamabost egunotan ez bada egiazko egutegirik, eta ez bada berehala autonomia osoa lortzen, gaizki joanen dira gauzak. Zeren eta Colonnaren heriotza ofiziala ere beharko baitute kudeatu ondoko egunetan. Ez bada ezer ateratzen negoziazio horietarik, aski dute karrikara atera direnekin mintzatzea. Matxinada izanen da Parisen solaskide bakarra.

Ez badute sufragio unibertsalak eman duenarekin mintzatu nahi, karrikarekin mintzatu beharko dute. Eta, orduan, ez dizkigute polizia unitateak igorri beharko, tankeak baizik.

Giroa gaiztotu daitekeela, alegia.

Ikusiko dugu zer aterako den. Dena den, nik argi dut: ondoko egunetan gertatzen denaren arabera, prest naiz Asanblean eta Patrimonioko Herriko Etxean [auzapeza da] dimisioa emateko. Mahai gainean da, eta Frantziako Estatuaren jarreraren arabera hartuko dut hartu beharreko erabakia. Estatuak ez badu Korsikako herria errespetatzen, karrikara aterako naiz gazteekin batera, Frantziako Bankua erretzera, adibidez. Parisen blokeoaren ondorioa da indarkeria politikoa. Zer egin behar dugu bestela? Bozen %110 lortu?

Hain zuzen ere, nazionalistek gehiengoa dute Korsikako Asanblean.

Bi zerrenda autonomisten eta bi zerrenda independentisten bozak batuz, hautesleen %70era heldu gara. Beraz, Parisen blokeoa are ulertezinagoa egiten zaigu; badira zazpi urte aitzinamendurik ez dela izan, nahiz eta hiru hauteskundeetan nazionalistek irabazi duten.

Estatus bereziko lurralde kolektibitatea nahikoa ote da?

Ez, noski. Osoki autonomoak izan nahi dugu berehalakoan: Polizia, Justizia eta armada ez ezik, beste guzia ere kudeatu nahi dugu. Guk egin behar ditugu legeak. Independentista gisa, Korsikako Asanblea gure Asanblea Nazionala da. Kasurako, militante batzuek nahi zuten Frantziako Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkez gintezela, baina guk, independentistok, zer eginen dugu Frantziako instituzioetan? Berdin zaigu. Gure lekua Korsikako Asanblea da, ikuspegi lokal batetik, baina baita nazioarteko ikuspegitik ere, Europako paisaian egoteko.

Nola ikusten duzu geroko Korsika?

Biharko Korsika eraikitzen ari gara. Gure lurretan bizi nahi dugu; gure haurrei etorkizun hobe bat eskaini nahi diegu. Ezin dugu onartu gure jendea debalde sakrifikatzea. Eta, horretarako, gure herria behar dugu. Badakit nik ez dudala ezagutuko Korsika independentea; nire semeek agian bai. Dena den, badakit ezin garela egunetik biharamunera independenteak izan, baina hori lortzeko jardun behar dugu. Oraingoz, zera behar dugu: estatus berezia azkartzea.

Premiazkoa da gure lurrak babesteko, gure kultura babesteko eta gure haurren etorkizuna babesteko. Ondotik, behar bezala izaten ahalko gara burujabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.