Ander Lipus. Antzerkigilea eta Artedrama konpainiako kidea

«Sareak sortzeko eta antzerkigintza ikasteko gogoa dago»

Astelehenean abiatuko dira Artedrama konpainiaren XVII. antzerki topaketak, Aulestin. Herriko aretoan ez baizik frontoian izango dira emanaldi guztiak aurten, eta larunbatera bitartean egingo dituzte.

ANDER LIPUS.
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Pandemiaren eraginez irailera atzeratu ondoren, Pazko astean egingo dituzte ostera ere Aulestiko (Bizkaia) antzerki topaketak. Urtez urte egitasmoa sendotzen ari dela uste du Ander Lipus antzerkigile eta Artedrama konpainiako kideak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1971), baina, dioenez, oraindik ere lana dago egiteko. Hamalau izango dira ikasleak, eta sei irakasleak: Ander Lipus, Edurne Azkarate, Eneko Gil, Laura Penagos, Jon Ander Urresti eta Ainhoa Artetxe. Aurrez izena emandako ikasleek zortzi orduko ikastaroak izango dituzte egunero, eta askotariko ikuskizunez gozatzeko aukera izango da udalerrian, astelehenetik larunbatera.

Aurten, berriro ere, Pazko astean egingo dituzue topaketak. Ari da pixkanaka normaltasuna itzultzen?

Hala dirudi. Pandemiaren eraginez, azken bi urteetan irailera atzeratu behar izan genituen, baina, zorionez, ez ziren bertan behera geratu, eta egin ahal izan genituen. Hori da garrantzitsuena. Pandemia aurreko dinamiketara itzultzeko gogoz gaude.

Zer berritasun izango ditu aurtengoak?

Aulestiko topaketek bi zutabe nagusi izaten dituzte. Barrura begira, ikastaroak egiten ditugu, eta aurten sei irakaslek hartuko dute parte. Aldatuz joaten dira urtero, eta aurten ere hala izango da. Horietako batzuk, gainera, lehenengoz arituko dira irakasle lanetan, eta, alde horretatik, gaztetasuna azpimarratuko nuke. Bestetik, kanpora begira, publikoak euskarazko sorkuntza lanak ikusteko aukera izango du, eta horietako bakoitzean aldatuz joango da emanaldia, estetika, iruditeria...

Nola aukeratzen dituzue irakasleak?

Euskarazko antzerkia egiten dugun gehienok elkar ezagutzen dugu. Urte osoan haien piezak ikusten ditugu, eta bereziak edo desberdinak diren horiek aukeratzen ditugu Aulestira ekartzeko. Batzuetan penaz geratzen gara talde batzuk kanpoan geratzen direlako, baina dena ekartzea ezinezkoa da. Antzezlanetan parte hartzen duten artistak aritzen dira normalean irakasle lanetan, eta publikoak haien lanak ikusteko aukera ere izaten du.

Eta ikasleen aldetik nolako harrera izan duzue?

Matrikula ireki eta bi egunera beteta zegoen ikasleen zerrenda. Oso pozgarria da jendearen erantzuna. Urtero bezala, hamalau laguneko taldea osatu dugu, eta egia esan, jende nahikotxo geratu da itxaron zerrendan. Seinale ona da: sareak sortzeko eta antzerkigintza ikasteko gogoa dago.

Nolako harremanak sortzen dira topaketetan?

Halako topaketek aukera ematen dute elkarren arteko sareak sortzeko eta euskal antzerkigintzan gabiltzanok pixka bat gehiago ezagutzeko. Euskal Herri osoko jendea elkartzen gara, eta oso giro berezia sortzen da. Barnetegi formatua du, eta, harreman pertsonalez gain, harreman profesionalak ere sortzen dira. Bestalde, interesgarria da nola murgiltzen garen herrian ere. Badago zerbait magikoa honetan guztian, baina politena da euskara eta euskal antzerkigintza daudela oinarrian.

Topaketak antzerki ikasle gazteen harrobi direla esango zenuke?

Ez du zertan: denetarik dago. Ez dugu inolako bereizketarik egiten, eta ez diogu inori aterik ixten. Antzerkia maite duen edonork du gerturatzeko aukera: hasiberriek, profesionalek, dantzariek, irakasleek... Amaiezina da gure lanbidea, eta hainbat iturritatik edatea beharrezkoa da.

Aulestiko udalerria konplize izan duzue hasieratik. Zein da laborategiak herriari egiten dion ekarpena?

Aulesti herri txikia da, eta halako topaketa bat bertan egin ahal izateak bizitza ekartzen dio. Ikusgaitasuna lortuz joan da pixkanaka, eta dagoeneko sona handia lortu dute topaketek; Aulestik badu lekua euskal antzerkigintzan. Gainera, herritarrek hasieratik erakutsi dute prestutasuna, eta horri ere sekulako balioa ematen diogu. Oso herri aktiboa da, eta nabaritzen da emanaldietan ere: jende kopuruagatik, ikuskizunak aretoan egitetik frontoian egitera igaro gara. Bere txikitasunean, handi izatea lortu du.

Hamazazpigarren aldia izango da aurtengoa. Nolakoa izan da urteotako bilakaera?

Egia esan, ez dut uste aldaketa askorik izan denik. Amesten genuen proiektu batek sona eta lekua izatea lortu du euskal antzerkigintzan, eta horixe da azpimarratuko nukeena. Proiektua berdin-berdina da. Esperientzia irabazi dugu, eta publikoaren erantzuna ere nabarmen hazi da, baina hasierako bideari jarraitzen dio.

Eta antzerkigintzaren egoerak aldaketarik izan du urte horietan guztietan?

Bai, zalantzarik gabe. Duela hamazazpi urte, euskarazko antzezlan gutxiago zeuden. Aldaketa bat gertatu da. Orain ekoizpen gehiago egiten dira: euskarazko sorkuntza lan gehiago daude. Hala ere, horrek ez du esan nahi kulturan diru gehiago inbertitzen denik.

Nola dago, beraz, euskal antzerkigintza osasunez?

Pandemiaren eraginez, sentimendu arraro bat dago. Edukierak txikitu zirenean, nolabaiteko boom bat gertatzen ari zela zirudien, baina, nire esperientzia aintzat hartuta, nabarmen erori da antzerkira joateko joera. Publikorik gabe, ez dago antzerkirik. Ondorioz, espero dut pixkanaka bada ere jendea antzokietara itzultzea, eta pandemia aurreko bizimodua berreskuratzea.

Aurrera begirako erronkarik?

Hasteko, ez da erronka txikia izan halako topaketa bat hamazazpi aldiz antolatzea. Baina, aurrerantzean, egiten dugun hori poztasunez, alaitasunez eta gogoz egiten jarraitzea gustatuko litzaidake. Jendea gogoz etortzea eta Aulestik erreferentziazko toki bat izaten jarraitzea, bai euskararentzat eta baita antzerkiarentzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.