Ruben Anton. Vendetta taldeko tronpeta jotzailea

«Poztasun handia da taldea garairik onenean uztea»

Hamar urteren ostean, Vendettak agur esango du ostiralean, Hatortxu Rocken kontzertua emanda. Emozio handiko kontzertua izatea espero du Ruben Antonek. «Hazi izanaren sentsazioarekin» itxiko ei du etapa.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Skalariak taldetik zetozen hainbat musikarik sortu zuten Vendetta taldea, 2009an. Hamar urteren, bost diskoren eta hamaika kontzerturen ostean, uztea erabaki dute. Ruben Anton (Berriozar, Nafarroa, 1977) taldekidea hunkituta mintzo da egindako bideaz, eta azken kontzertua emozioz betea egongo dela dio. Hilaren 28an emango dute, Hatortxu Rocken.

Atzera begiratzeko garaia da. Nola sentitzen zara egindako ibilbidearekin?

Vendettarekin hutsetik hasi ginen, ilusio handiarekin, oso argi edukita nola lan egin behar genuen, baina jakin gabe noraino helduko ginen. Orain, musikari eta pertsona gisa hazi izanaren poztasuna dugu, eta oso gustura sentitzen gara egin dugunarekin.

2009an hasi zineten, beste ska talde bat utzi eta gero.

Skalariak taldean geunden Luisillo [Kalandraka], Javiero [Etxeberria], Enriko [Rubiños] eta ni, eta uzteko erabakia hartu genuen. Uzteko prozesuan, Javierok eta Luisillok beste talde bat sortzeko proposamena egin ziguten. Kidetasun handia genuen, eta baietz erabaki genuen. Luisillok Peio [Reparaz] izeneko mutil bat ezagutzen zuen, tronboia jotzen zuena eta idazten zuena. Entsegu bat egin genuen, eta hala hasi ginen.

Zaila izan zen talde arrakastatsu baten ondoren hutsetik hastea?

Aldaketa handia izan zen, Skalariaken boladarik onenean utzi baikenuen taldea. Hala ere, sekulako ilusioa genuen, eta gauza batek bestea ordezkatzen zuen.

Ska talde bat izan arren, hainbat estilotan mugitu zarete.

Lehenbiziko diskoa ska izan zen, ia guztia. Gero, bai, beste erritmo batzuetara eboluzionatu genuen: rock, reggae, pop pixka bat, eta, azkenean, baita soinu elektronikoak ere. Inoiz ez dugu esan estilo jakin bat egin behar genuenik; unean-unean ateratzen zitzaiguna sortu dugu.

Nola ikusten duzu orain lehenengo diskoa, Vendetta?

Skalariak utzi aurretik, jada Javiero hasia zen kantak konposatzen. Ondoren, entseatzen hasi ginen, eta, dena prest zegoenean, grabatu eta argitara atera genuen, 2009an. Orain egiten duguna eta disko hori oso gauza ezberdinak dira, eboluzionatu egin baitugu musika aldetik eta pertsona gisa.

Bigarren diskoak, Puro Infierno izenekoak, taldearen nortasuna eta soinua ezarri zituen.

Bai. Lehenbizikoan, kanta gehienak Javierorenak ziren, eta, bigarrenetik aurrera, haren eta Peioren artean egin zituzten. Bigarrenean, euskarazko kanta gehiago izan ziren, baita taldea markatu dituzten batzuk ere; Begitara begira, adibidez. Uste dut kanta hori gure ikono bihurtu dela. Ordutik aurrera, gauza berriak probatuz joan ginen, eta disko bakoitzak zerbait berezia izan du; guztiek.

Brother-era heldu arte.

Brother 2016an sortu genuen, eta arrisku handi bat hartu genuen: musika elektronikoa sartu genuen. Asko gustatzen zitzaigun, eta arriskatzea erabaki genuen. Batzuek esan digute gainontzeko lanak gehiago gustatu zaizkiela, baina, oro har, jendeari gustatu zaio, Vendettaren esentziak hor jarraitzen baitu.

Askotariko jarraitzaileak izan dituzue. Zein izan da zuen arrakastaren gakoa?

Haluzinatu dugu pixka bat: hainbat belaunalditako jarraitzaileak izan ditugu, eta, batez ere, gazte asko. Musika sortzean ez duzu pentsatzen jende zehatz batengana heldu behar duzunik, eta horrek gu harritu egin gaitu. Ez dakit zein izan den gakoa, baina gure kontzertuak oso biziak dira, eta energia eta alaitasun horrek zerikusia izan dezake.

Behin baino gehiagotan jo duzue Euskal Herritik kanpo. Nolakoa izan da esperientzia?

Oso dibertigarria. Bira horiek alde gogor bat dute: lo gutxi egitea, bidaia luzeak... Baina, aldi berean, ordu asko ematen dituzu taldekoekin, dena ezberdina den tokietan jotzen duzu... Oso modu berezian bizitzen da hori. Eta bitxia da ikustea Suitzan, Txilen edo Argentinan jendea zure kantak abesten, euskaraz.

Zeintzuk izan dira kontzerturik berezienak?

Aurten guztiak izan dira bereziak, eta sanferminetakoa ere, Foruen plazakoa, izugarria izan zen. Horretaz gain, nazioarteko biretakoak zoragarriak izan dira.

Musika aldatu egin da hasi zinenetik. Nola moldatu zarete?

Musikaren panorama aldatu egin da, baina uste dut Vendettak lortu duela bere tokia egitea Euskal Herrian. Bestalde, guk orain urte batzuk, erabaki genuen gure musika dohainik jartzea. Musika orain horrela kontsumitzen da, eta garai berrietara moldatu beharra dago. Izan ere, garrantzitsuena da jendeak zure musika ezagutzea.

Taldearen ezaugarrietako bat horizontaltasuna izan da.

Bai, bakoitzak nahi duena proposa dezake, eta erabakiak denon artean hartzen ditugu. Orain ere, taldea uztearen erabakia denon artean hartu dugu.

Zeintzuk izan dira arrazoiak?

Batez ere, taldekide batzuek gauza berriak egiteko gogoa zutela. Oso modu osasuntsuan egin dugu: gauzak hitz egiten direnean, ez da ezer gertatzen. Hasieran, tristura pixka bat egon zen, gure garairik onenean geundelako, baina, aldi berean, poztasun handia izan da horrela uztea.

Lasaitasunez agurtzen ari zarete. Nolakoa izaten ari da?

Zoragarria izaten ari da; jendearen maitasun keinuak izugarriak dira. Adibidez, batek baino gehiagok idatzi digu esanez oso gaizki pasatu duela bizitzan, eta, gure musikari esker, aurrera egin duela. Horrek oilo ipurdia jartzen du; ezin duzu pentsatu zure musikak halako eragina izan dezakeenik.

Zer izan da zuentzat publikoa?

Publikoa ezinbestekoa izan da egin duguna egiteko; jendearekin sortzen den hartu-eman hori gabe, taldea ezin da hazi. Eta badago toki guztietara jarraitzen gaituen jendea: adibidez, aita-alaba batzuk Euskal Herriko kontzertu guztietara joaten ziren, eta behin Suitzan agertu ziren!

Egun bateko bira txiki bat egin berri duzue. Nolakoa izan da?

Egun bakarrean Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian egon ginen; hiri bakoitzeko bi tokitan: gure azken kontzertuko sarrerak saltzen dituzten tabernetan. Toki batetik bestera korrika joateakarrisku pixka bat zuen, baina ongi atera zen: jendeak oso harrera ona egin zigun, eta tabernak bete egin ziren. Toki batzuetan kalean jo genuen, eta ondotik pasatzen zen jendea gelditu egiten zen. Gozamen handia izan zen.

Hatortxu Rock jaialdian egingo duzue azkeneko kontzertua.

Hatortxu Rock jaialdirik bereziena da guretzat: hasieratik luzatu ziguten eskua, eta gerora guk ere lagundu diegu haiei. Azken kontzertua han jotzeko ideia haiengandik etorri zen, eta gu oso eskertuta gaude: amaiera ezin hobea da. Ohi baino kontzertu luzeagoa izango da, eta kolaborazio bereziak izango ditugu. Uste dut emozio handia egongo dela, taula gainean zein azpian... Ez dakit zer erreakzio izango dugun.

Etapa bat itxiko duzue, baina beste batzuk etorriko dira, ezta?

Bai, proiektu batzuk martxan ditugu jada. Enriko eta biok Modus Operandi taldean hasi gara, beste musikari batzuekin, eta taldeko partaide batzuk beste talde bat sortzea pentsatzen ari dira. Musika egiteko gogoz jarraitzen dugu; ez dugu taula gainetik jaitsi nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.