Nai Barghuti. Abeslaria eta flauta jotzailea

«Europan elkartzen gara Palestinako musikariak, jotzeko»

Herri okupatu batean bizitzearen trabei aurre eginez, arabiar musikan erreferentziazkoa izatea lortu du Nai Barghuti palestinarrak. Azkar, gainera, 24 urte baititu. Musika tradizionala beste estiloekin nahasten du.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Nai hitzak flauta esan nahi du arabieraz. Nai Barghutiren (Jerusalem, 1996) izenak zentzu berezia du harentzat, zazpi urterekin musika tresna hori ikasten hasi eta hamasei urte geroago musika arabiarraren izar bat bihurtu baita. 2011n hasi zen kontzertuak ematen, eta, geroztik, hainbat herrialdetan izan da Palestinako Orkestra Gaztearekin. Egun, Jazz Performance gradua ikasten ari da, Herbehereetan. Bidean, halere, «oztopo askorekin» egin du topo: «Palestinan ez dago aukerarik norbere burua garatzeko». Iruñean emango du kontzertua gaur, Palestina habibti zikloaren barruan, 20:00etan, Baluarten.

Nola hasi zinen musikan?

Haurra nintzela, nire gurasoek albisteak ikusten zituztenean, ez nituen gauzak ongi ulertzen, baina ikusten nuen nire inguruko haurrak oso baldintza txarretan bizi zirela. Horrek gauzak adierazteko beharra sortzen zidan, eta musikaren bidez egin nahi nuen hori.

Zer eragin izan zuen zure familiak erabaki horretan?

Izugarria. Nire gurasoek musika maite zuten, eta ahizpa nagusiak biolina jotzen zuen. Berak beti esaten zidan musika jo behar nuela, eta horrela erabaki nuen.

Edward Said kontserbatorioan ikasi zenuen. Nolakoa izan zen garai hura?

Oso esperientzia ona izan zen. 7 urterekin hasi nintzen. Orduan Palestinan zeuden kontserbatorio bakanetako bat zen, eta oso pertsona gutxi sartzen ziren hain gazte. Pertsonalki zein musikalki garatzeko toki bat izan zen.

Horren ondoren, nolakoa izan da zure ibilbidea?

Adin horrekin, flauta ikasten hasi nintzen, eta, ondoren, nire ama hasi zitzaidan kantua irakasten. Asko erakutsi zidan, eta ikusi nuen abestea maite nuela. Hamahiru urterekin hasi nintzen agertoki handietan abesten, eta oso esperientzia positiboa izan zen, eskola batean eta agertoki gainean egotearen ezberdintasuna ikasi nuelako. Ikasi nuen zer den musikari profesionala izatea.

Zer oztopo izan dituzu bidean?

Zailtasun asko aurkitu ditut. Lehena, palestinarra izatea. Palestinan ez dago aukera nahikoa ikasteko eta norbere burua garatzeko. Tel Avivera [Israel] mundu osoko musikariak joaten dira, eta haiengandik ikas dezakete; eskoletara ere joaten dira. Guk ez dugu hori. Kanpora atera naizenean, konturatu naiz nire adineko jendeak goi mailako ikasketak dituela, eta nik baino askoz gehiago dakiela musikaz, nire heziketa oso txikia izan baitzen. Eta horri batzen zaio emakume izatea; edonora noala, borroka egin behar dut emakume izanda talde baten buru izateko eta neure buruarekin seguru egoteko. Lan handia egin behar izan dut hori lortzeko.

Nolakoa da zure musika?

Nire bizitzan jasotako eragin guztien nahasketa bat da. Musika arabiar tradizionalarekin hazi nintzen, baina, egun, jazza ikasten ari naiz, eta hainbat estilo nahasten ditut: jazz musika, arabiarra, afrikarra... horietan bilatzen ditut nire musikan txertatzeko elementuak. Aurrera begira, nire helburua da nire estiloa garatzea eta ahots propioa aurkitzea.

Ramallahn (Palestina) bizi zara. Nolakoa da egunerokoa han?

Eguneroko bizitza oso zaila da han, gauza oinarrizkoenak debekatuta daudelako palestinarrontzat; adibidez, toki batetik bestera mugitzea. Jerusalemen jaio nintzen, eta handik Ramallahra autoz hogei minutu daude, baina bi ordu behar ditut, kontrolguneak gurutzatu behar ditudalako. Soldaduak egoten dira, askotan ni baino gazteagoak, paperengatik galdezka, esanez ea zergatik utzi behar ote didaten toki horretara sartzen: nire hirira. Noski, beste batzuentzat are gogorragoa da, baimenak eskatu behar dituztelako Palestinatik atera nahi dutenero. Oso zaila zaie lanera, eskolara edo seme-alabak ikustera joatea.

1948. urtea baino lehen, zein zen Palestinako kulturaren egoera?

Palestinarrak askeak zirenez, toki handiagoa zegoen kulturarako. Musikak toki handia zuen jendearen bizitzan. Egia esan, batzuetan sentitzen dut oraindik ere baduela: jendeak, triste edo pozik dagoenean, kantu folklorikoak abesten ditu. Abesti asko ditugu, une ezberdinetarako: ezkontza abesti asko daude, adibidez, oso alaiak; herrialdea uztearen ingurukoak ere badaude, oso tristeak. Jendeak musika erabiltzen du gauzak adierazteko.

Nola aldatu da musikaren egoera okupazioarekin?

Orain, musika sortzeko eta, batez ere, jotzeko, traba asko gainditu behar ditugu. Orkestrak ditugu palestinar guztiak elkarrekin jotzeko, baina denak toki batean biltzea ezinekoa da, denok nazionalitate bera dugun arren ezin baikara herrialde berean egon.

Zenbait tresna sortu dituzue atzerrian elkartzeko, hala nola Palestinako Orkestra Gaztea.

Bai, Edward Said kontserbatorioak Palestinako Orkestra eta Palestinako Orkestra Gaztea sortu zituen, 2010ean bata eta 2014an bestea. Horiekin Europara joaten gara, eta beste musikari palestinar batzuekin elkartzen gara, elkarrekin jotzeko. Batzuetan, ezagutzen ditugu Palestinan inoiz egon ez direnak, eta haientzat oso garrantzitsua da gurekin egotea eta jotzea: beren lurra arnasten dute.

Hezkuntzan, zer garrantzi dute musikak eta kulturak?

Gerra batean bizi zarenean, aukerak hain urriak direnean, lehentasunak aldatu egiten dira. Haurrak elikatzeko nahikoa dirurik ez duen norbaitek ez du pentsatzen musikan, artean, kulturan... Baina, hala ere, hor egon da garapen txiki bat, eta, orain, adibidez, udan musika jaialdiak ditugu, jendea gero eta gehiago joaten da musika entzutera, eta ezagutzen eta onartzen ari dira munduko beste musika batzuk.

Kulturan, emakumeek zer egoera dute Palestinan?

Ez da erraza; borroka etengabean gaude. Arau sozialen aurka joan behar dugu, batzuek ez dutelako onartzen emakumeok gugandik espero den horri ezetz esatea eta, adibidez, sukaldean sartuta egoteari uko egitea. Hala ere, uste dut hori antzekoa dela mundu osoan.

Zer funtzio izan du musikak Palestinaren erresistentzian?

Artea, historian, erresistentziarako eta salaketarako tresna oso boteretsua izan da, baita Palestinan ere. Mundu guztiak dauzka musika eta kultura, eta mundu guztiak sentitzen ditu horiek sortzen dituzten sentimenduak. Musika entzunez ezagutu daiteke hedabideek ezkutatzen dutena: Palestina aipatzean, gerraz hitz egiten da; miseriaz, oztopoez. Baina guk musika daukagu, eta maitasuna, talentua, itxaropena. Garrantzitsua da hori ere erakustea.

Nazioartean izan zara abesten. Zer esanahi du horrek zuretzat?

Hori asko da niretzat. Maite dudana eta gaztetatik nahi nuena egiten ari naiz; honetan lan egiten dut, eta zoriontsu egiten nau. Pozten nau jendeari nire musika eskaintzeak, eta jendea horrekin negarrez ikusteak; edo barrezka, dantzan...Jendearen barruan zerbait mugitzeak. Okupazioaren gainetik, maitasun handia jaso dut bizitzan, eta itzuli egin nahi dut, musikaren bitartez.

Gaur Iruñean joko duzu. Pozik?

Oso kontent nago Iruñean egoteagatik. Hemen jotzen dugun bigarren aldia da, eta guretzat oso garrantzitsua da ikustea Euskal Herrian dugun babesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.