Catherine Ritz. Glaziologoa

«Glaziarrak galduta daude; gutxi batzuen gainak salbatuko dira»

Hainbat hamarkadatako lana aitortzeko, Seligman Crystal saria eman berri diote Ritzi. Eszeptikoa da izotz geruzak urtzea eragozteko zenbait zientzialarik proposatutako konponbideen inguruan. Haren ustez, kontsumoa aldatzea da bidea.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Catherine Ritz glaziologoak (Paris, 1955) 45 urte egin ditu bere arloan. 2020an eman zioten Seligman Crystal saria, glaziologian ematen den sari handiena, eta, pandemiaren ondorioz, aurtengo ekain hasieran jaso behar izan du, BC3 Basque Centre for Climate Changek eta Nazioarteko Glaziologia Elkarteak Bilbon antolatutako Ice in a Sustainable Society sinposioan (Izotza gizarte jasangarri batean). Ohiturari jarraikiz, bertan eman zuen saria jaso osteko Seligman berbaldia.

Hasi zinenean, espero zenuen 2022rako pauso gehiago emanda egongo zirela glaziarrak urtu ez daitezen?

Ez. Berotegi gasen isurketa benetako gizarte arazo bat da, mundu osoari eragiten diona, eta hogeita hamar urte baino gehiago eman ditugu horretaz ohartarazten, arrakasta txikiarekin. Hasieran ez nekien zientzialariek zelan eragin zezaketen politikan; orain, zeozer gehiago dakit, baina oso etsigarria da ikustea klimatologoek urteak daramatzatela abisatzen eta oraindik ez gaudela bide onean.

Zergatik dira inportanteak glaziarrak?

Mendiko glaziarrak garrantzitsuak dira urez hornitzen dituztelako biztanleria kopuru handiak eta nekazaritza, eta, batez ere, sasoi aproposenean hornitzen dituztelako. Udan, urtzen direnean; eta ez neguan, ura behar ez denean.

Badute eraginik itsas mailan?

Munduko glaziar guztiak urtuz gero, 30 edo 40 zentimetro igoko litzateke itsas maila. Groenlandiako izotz geruza urtzen bada, litekeena da sei-zazpi metro igotzea, eta Antartikakoa desagertzen bada, gutxienez 20 metro. Esango nuke 5.000 urte behar direla horretarako, baina zailtasunak dauzkagu kalkulatzeko. Klima askoz gehiago berotuko balitz, agian 60 metro igoko litzateke, hori baita Antartikan dagoen ur kantitatea. Epe laburreko —mende honetako— arriskua da itsas maila ia metro bat igotzea.

Glaziarrek orain galtzen duten masa posible da gero berreskuratzea?

Ez dakit. Klima hozten hasiko balitz berriro, bai. Glaziarrak eta izotz geruzak handitu egingo lirateke. Baina, adibidez, Groenlandiako izotz geruza urtu ostean hoztuko balitz klima, askoz ere hotzagoa izan beharko luke berriro handitzeko. Oso lodia da, 3.000 metro garai da, eta hotz dago, bereziki garaieragatik. Urtzen bada, askoz gaitzagoa izango da berriro handitzea. Histeresia esaten diogu: bi norabideetan modu berean joaten ez diren gauzak dira. Askoz zailagoa da izotz geruza bat berriro haztea, urtzea baino.

Batzuek plastikoekin estali dituzte glaziarrak. Bilboko sinposioan proposatu dute itsas hondoko gortina batzuekin izotz geruzen behealdea babestu daitekeela itsas hondoko ur beroetatik. Partxe txikiak dira?

Ez dakit itsas hondoko gortinak eraginkorrak izan daitezkeen. Zalantzak dauzkat. Glaziarrak plastikoarekin estaltzea oso eskala txikiko kontua da. Ados, egin dezala Suitzak hori glaziarretako turismoa bizirik mantentzeko, baina ez da irtenbidea arazo globalarentzat. Izotz geruzak eta glaziarrak babesteko hainbat neurrik eszeptizismora bultzatzen naute, ez dakigulako zer albo ondorio izan dezaketen. Paul J. Crutzen Kimikako Nobel saridunak proposatu zuen sulfuroa askatzea atmosfera garaian: sulfuro aerosolek pantaila estalki bat sortzeko eta eguzki argiaren zati bat igarotzen ez uzteko, hozteko efektua izango lukeelakoan. Baina mota honetako geoingeniaritzaren albo kalteak upa lakoak izan daitezke. Gainera, aerosolak behin eta berriro askatu beharko genituzke, urte gutxiko eragina daukatelako.

Zein izan daiteke ondorioa?

Uste dut oso arriskutsua izango litzatekeela, aerosolen eragina desagertu eta gero beroa oso azkar handituko litzatekeelako. Klimatologoek proiektatzen duten baino askoz azkarrago.

Eszeptikoa zara glaziarrak plastikoekin estaltzearekin, sulfuroarekin eta itsas hondoko gortinekin. Zer egin daiteke orduan benetan lagunduko duena?

Argi dago. Berotegi efektuko gasak murriztu behar ditugu, eta modu bakarra da beste kontsumo mota bat hartzea. Ezkutuko karbono isurpen asko daude, plastikoaren eta altzairuaren ekoizpenera lotuta daudenak; beraz, agian ez dugu orain dela mende bateko egoerara itzuli behar, baina beste modu batean kontsumitu behar dugu. Ni Grenobletik autobusez eta trenez etorri naiz. Orain dela urte batzuk hegazkina hartuko nukeen. Gure arloan asko saiatzen gara murrizten, behintzat eredu izateko, baina esan behar dugu zientzialariek isurpen ikaragarriak eragiten dituztela. Hala ere, pandemiak erakutsi digu gauza asko eta asko sarean egin daitezkeela.

Non jarri behar dugu arreta?

Itsas mailaren auzian, Groenlandian eta Antartikan ipini behar dugu arreta. Nire ustez, glaziarrak galduta daude. Mende amaierarako, batzuk bakarrik salbatuko dira, edo agian batzuen goialdeak. Arazo bat da ondoan bizi direnentzat, paisaia aldatuko zaielako eta haien kulturaren parte direlako. Ni neu ere harritzen naiz orain dela hogei urte ikusitako lekuak bisitatzean.

Ba al dago albiste onik zure arloan?

Uste dut proiekzio oso katastrofiko gutxiago dauzkagula orain, duela urte batzuk baino. Eztabaidak izan ditugu, eta oraindik badaude iragarpen katastrofikoak, baina probabilitate txikia aitortzen zaie. Kazetariek askotan txarrenean ipintzen dute arreta. Lehen Antartikarako geneuzkan simulazioen arabera, itsas maila bi metro igoko zen mende amaierarako, baina orain oso probabilitate txikiko aukeratzat daukagu gehienok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.