Albistea entzun

Amaia Iturbide. Idazlea

«Bidean oztopoak daude, eta borrokatik sortzen dira bertsoak»

Askotariko bideek josten dute idazle bilbotarraren poema liburu berria: 'Isiltasunaren ildoetan'. Horiek zehatz agertzen saiatu da, poesiak oinarri baitu «ahalik eta gehien esatea ahalik eta hitz gutxienekin».
AMAIA ITURBIDE Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko irailak 3

Sinboloetan bermatuta, eta horiek agerian uzten dituzten esanahi ugariak baliatuta, isiltasunari heltzea izan du jomuga Amaia Iturbidek (Bilbo, 1961) bere poesia liburu berrian: Isiltasunaren ildoetan (Erein). Beste diziplina artistiko batzuetako erreferentziak ere erabilgarriak izan zaizkio helbururako.

Marraztu eta pintatu egiten duzu olerkiak idazten dituzun bitartean. Nola eragiten die horrek poemei? Eta, zehazki, liburu berrikoei?

Marrazteak eta pinturak eragina daukate nire idazteko moduan. Horrela, nire bertsoak irudiz beteta egon ohi dira, paisaia eta toki margotuekin aldizkatzen ditudalako. Liburu honetan, gainera, isiltasuna dago, eta horrek biribilagoak eta sakonagoak bihurtzen ditu irudiak.

Zure olerki liburu bakoitzak zure artelan bat izaten du azalean. Oraingo honetan zer elementu nabarmendu nahi izan dituzu?

Soka, moztuta bezala geratzen dena, eta belarria, lerroz banatutako orban zuri baten ondoan dagoena. Orban zuri hori hots zuria da, euriaren eta itsasoko uhinen hotsa. Horrela, naturan sortzen den musika leun eta lasai horrekin girotu nahi izan ditut liburu honetako bertsoak. Hostoak ere badaude, emaro-emaro erortzen direla dirudi, eta eskailera mailek urrats isilak dirudite. Pitxer zuria ere badago. Ikusten denez, hainbat ildo daude.

Diozunez, olerki liburu hau idatzi duzu «batetik, hitza sarritan higatuta edo manipulatuta dagoelako eta, bestetik, hitza batzuetan nahikoa ez delako». Berbaren mugen kontrako ariketa bat da?

Poetaren betiko erronka da hori: hitza ahalik eta benetakoena izatea eta, horretarako, hitzari leku edo espazio bat bilatzea, hitza bera mintza dadin inolako kutsadurarik gabe. Sarritan, bizitzan sortu ohi diren baldintza eta egoerak gainditu behar izaten dira hitzak bere esanahi betea eta osoa izan dezan.

Isiltasunari hitzekin heltzea da helburua. Ariketa horretan, posible da zehaztasuna?

Ahalik eta tinkoen eta mamitsuen jokatzea da kontua hor.

Hitzari heldu nahian poeman hori duzu hizpide. Hitzaren zehaztasuna bilatzen duzu, haginlaria enpaste bat egiten ari den tentu berarekin. Azkenean, topatzen duzu: «Urak konketan utzitako errekastoari begiratu eta/ esaldiak dagokion uraren bidea aurkitzearekin amesten duela/ irakurri ahal izan dut bertan». Poetika baten planteamendua da olerkia?

Bai, halakotzat har daiteke. Badaude paralelismo batzuk. Adibidez: aho astuna eramatea eta hizkuntzak batzuetan sorrarazten duen nekea; ahoa konpondu beharra eta hizkuntzari jarri behar zaion arreta; edo ahoan hizkuntza nola loratzen den sentitzea.

Olerkiak dira liburuaren muina, baina koloreak aipatu eta deskribatzen dira, artea eta musika ere badituzu hizpide... diziplina askotatik saiatzen zara «isiltasunez betetako egoerei» heltzen. Zergatik da garrantzitsua hainbat diziplina baliatzea horretarako?

Atsegin zait pentsatzea poema bat alde desberdinetatik har daitekeela eta hainbat planteamendu gorde ditzakeela. Gainera, hor sinbolismoa ere badago; adibidez, soinu bat dagoen tokian, kolore bat antzeman ahal izatea. Orduan, poema sare bilakatuz doa, beste harreman batzuk bereganatuz pixkanaka, eta ikuspegi oparoagoa eskaintzen du.

Zehaztasuna duzu jomuga, baina, era berean, urruntasuna ere baliatzen duzu: sinboloak ugari dira, esan duzunez.

Hor daude, esan bezala, hainbat sinbolo: sagarra, fardelak, dadoak, horma irudia, gabarra, maskarak, belaontzia edo koloreen bidez emaniko sinboloak, esaterako. Poesiaren legea da ahalik eta gehien esatea ahalik eta hitz gutxienekin. Gero, poeman bertan beste maila batzuk bilatzen saiatzen naiz; nire kasuan, hitzek daukaten beste esanahi batzuetan murgiltzen naiz sinbolismoaren bidez. Esanahi horiek beste batzuetara eramaten naute, ispiluzko pantaila batean zehar bezala, non denetariko elkarrekikotasunak gertatzen diren.

Izenburutik egiten zaio erreferentzia ibilbideari. Kontzeptu garrantzitsua da zuretzat.

Bai, ibilbidearen kontzeptua garrantzizkoa da niretzat, esperientziaren sinonimoa delako. Izan ere, mundua hizkuntzaren bidez ezagutuz zoazen heinean, bertsoek beste oinarri bat daukate, beste berme bat.

Kontzeptu gatazkatsua ere bada? Lore hibridoa-n diozu: «Ez dute ulertzen zergatik onartzen dituen/ ur hilak eta zuri zikinak/ eta arrotza bailitzan zabukatzen dute// Hala ere, lore hibridoak/ bere bideari jarraitzen dio».

Bai, gatazkatsua da. Ikuspegi desberdinak daude beti, talka egiten dute, eta hortik sortzen da kontzeptu hori, funtsezkoa dena nire poesian.

Orokorrean, bideak baldintzatuak agertzen dira; adibidez, Bizitzaren fardelak poeman: «Bizitzaren fardelak/ soketatik tira eginda eta nekezka/ arrastaka garraiatu ohi ditugu sarritan/ ordu markatuak dauzkaten/ aldaparik malkartsuenetatik».

Bai, bidean oztopoak daude, egoera deserosoak, eta borroka eta dialektika horretatik sortzen dira bertsoak; seinale bezala funtzionatu dezaketen norabideak edo argibideak dira.

Bizitzen igaroek utzitako arrastoak ageri dira: artelanak, arrakalak... hondar horietatik abiatu zara isiltasunari heltzeko? Adibidez, Piano-konposizioa piano eta gitarrarekin piezan diozu: «Doinuak interpretatzerakoan,/ uharrak uzten ditu atzean:/ gida estimagarriak».

Pixkanaka eta ia ohartzeke, bizitzaren ibilbidean zantzuz beteriko kartografiak jasotzen ditugu, eta horixe da daukagun altxor bakarra, edo bereziki oroimenean daukaguna.

Bukatu gabeko zirriborroan: «Zingiraren ur-azala/ arinki inarrositako zapia da,/ kurriloak ozta-ozta ehotakoa.// Hari hauskor eta beldurbera den kurriloak/ zingira zaintzen dihardu/ gelditasun lausotuan». Zantzuak zaurgarriak izan litezke?

Elementu sotilak izaten dira, gardenak, baita egiaztagiriak bezalakoak ere, eta haietan beti dago zer irakurria. Zaurgarritasuna gizakion kontua da, eta guztiz aintzat hartzen dut; horregatik, zaurgarritasunari prestatzen diot egurats bat, tonu bat; espazio bat gordetzen diot, atondu egiten dut, eta hor irudiak landu eta irakurketak iradokitzen ditut.

Orrialde zuria: «Horrela orrialde zuriz osatutako/ liburu bat antolatuko nuke,/ irakurle bakoitzak/ zuriaren esperientziara heldutakoan/ zenbait lerro idatz ditzan». Zer harreman du zure liburuak irakurlearekin, edo zein izan beharko luke?

Irakurlearengana iristea izaten da idazlearen helburua, komunikazio zubi bat eraikitzea. Ez hainbeste irakurleak bat egin dezan idazleak idatzitakoarekin; zerikusi gehiago du liburu horrek irakurleari eragin ahal dionarekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Gaurko aurkezpena ©Urtzi Urkizu

Itziar Ituño eta Eneko Sagardoi, Paul Urkijoren 'Irati' film berrian

Urtzi Urkizu

Euskarazko pelikula berria datozen zortzi asteetan grabatuko dute Euskal Herrian eta Huescan (Espainia). VIII. mendean girotuko dute istorioa.

Donostiako Zinemaldia | Laburpena, irailaren 18a
Maixabel filmeko lantaldea, atzo, Kursaalean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Iciar Bollain: «Ezin genuen oinazearen epikarik egin»

Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola

Maixabel Lasak senarra hil ziotenekin izandako elkarrizketetan oinarritu du zuzendariak 'Maixabel'. 'Benediction' eta 'Earwig' ere aurkeztu dituzte lehiara
Iragana, orbana eta arantza

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.