Xan Idiart. Idazlea

«Idaztean jainko bilakatzen zara: bada euforia bat»

'Teresaren mendekua' lehen liburua du Idiartek. Genero literarioekin jostatu da ipuinetan. Errealitate nabarmena fikzioratu du, umorea belztuz tarteka. Irakurlea ezusteko zepoan harrapatzen dute bukaerek.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Baiona
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Xan Idiartek (Donazaharre, Nafarroa Beherea, 1994), Teresaren mendekua hamalau ipuineko lehen liburuan (Elkar), zientzia fikzioaren koloreak erantsi dizkio euskal errealitateari: umorez argituz batzuetan, itzal beltzak erantsiz bertze batzuetan. Askatasun osoz, bai gidoian, baita hiztegian ere.

Arras katoliko abiatu duzu liburua; Elizaren barnean ipuinetik.

Eliza batean egotea goxo da, baita halako lasaitasun bat ere. Egun batez Donibane Garazikoan sartu nintzen, eta hortik abiatu nuen ipuina.

Musulman bilakatu duzu bertsolaria Catharsis-en:

Luzaz Charlie Hebdo irakurri dut. Zeri buruz irri egin dezakegu, zeri ez? Ez naiz ez fededuna, ez emaztea ere, baina haien larruan sartu naiz. Dena aipa daiteke, umorez edo ez. Fikzioa da; beraz, asmatzea libre.

Gidoiari tinko datxekizu?

Istorioa badakit nondik hasten den eta norat doan. Bukaera jakin gabe ez naiz idazten hasten, ez bainau batere erakartzen. Ideia berriak txerta diezazkioket, baina bukaera nehoiz aldatu gabe.

Bukaerak ezustekoak dira.

Ipuina horretarako egina da: hori xerkatzen dut.

Zein duzu inspirazio iturria?

Gurean biziki maite dut Xabier Montoia; haren ipuinetan, bada usu ezusteko bukaera, ikuspegi kritikoa gure herriarekiko, abertzaleekiko, militanteekiko... Iban Zalduaren izpiritu kritiko hori eta zientzia fikzioa ere laket ditut.

«Aingeru bat utzi du amodio galdez/Nihaurek maita behar orai bien partez» Xalbadorren bertsoetatik ipuina troxatu duzu.

Argi nuen bertsoak txertatzen ahal zirela istorio bat eramateko. Mattin Lerizarekin egon nintzen Baionako gaztetxean Aire ahizpen Neska bat haur beharretan kantua lehen aldiz entzun nuelarik. Biziki hunki ninduten; hortik partitu nintzen. Baina hasieran banuen beste ideia bat, migrazio bide hori alderantziz hartu behar zela. Bertsoak entzunez, gaur egun dugun bide hori hartu dut, bertsoak zientzia fikzioari uztartuz, euskaldunek humanitatea galdu dutela erakutsiz. Fikzioa da, bai baitakigu hemen harrera egon badela.

Zientzia fikzioa baliatzen duzua errealitatea berrirakurtzeko?

Hori da enetzat haren helburua. Philip K. Dick idazleak bezala, hala ere, zinezko gizarteari keinu eginez. Manera bat da salatzeko edo ikusteko nola funtzionatzen duen. Aske zara mundu berri bat sortzeko, eta aldi berean gaur egungo jendarteari buruz zerbait errateko. Baina beti fikzioa da; beraz, maite dut erratea pertsonaiak direla mintzo, eta ez autorea.

Nobela beltzetik ere baduzu: Teresaren mendekua-n, adibidez.

Egia da usu hiltzen direla pertsonaiak. Alta, ez nuen sekula pentsatu istorio beltzak zirenik.

Umoreak ere ez du hutsik egin: Mozarten partitura berria ipuinean, adibidez.

Irrigarri zait Mozartek euskal musika deskubritzea, Euskal Herria zer den...

Sexu sinfonikoan partituz...

Baliatu ditut akordio mota ezberdinak sexu metaforak egiteko. Kur-kur-kur.

Berpiztu dituzu Xalbador eta Mattin ere...

Irudi perfektu bat baitugu lehengo euskal gizarteaz, baina ez genuke idealizatu behar; pobrea ere bai baitzen, herrian ezin geldituz.

Laxalt, Atxaga, Montoia, Urretabizkaia, Katixa Agirre, Zaldua... zure lumak franko leitu du bazterretan.

Irakurle amorratua naiz. Orain, adibidez, Lander Garroren Faith leitzen ari naiz

Egoera politikoarekin jostatzeko beharra sendi da.

Beharra bai, baina lanjerosa ere bai. Nago ez ote den gaur egun dena eta zernahi salatzen. Ene ipuinak berdin batzuek sexistak ikusiko dituzte: Emakume Ta Askatasuna, adibidez. Catharsis ipuina, beharbada, batzuendako islamofoboa izan daiteke, eta Bere gauza, transfoboa.

Umorea galdu dea?

Dena asumitzen dut, baina kasu eman behar da. Ez da autozentsurarik behar. Nehor diskriminatuz gero, justiziak zigor dezala. Baina batzuetan ez da hola egiten, publikoki salatzen da. Dena den, ez dut halako kritikarik ukan.

Protagonista gehienak emazteak dira.

Bikaina da literatura, ez zaren norbaiten baitan sartzen ahal zarelako, baina ahantzi gabe fikzioa dela, eta ez ikerketa bat.

Zer aldatu duzu zure baitan pertsonaia horietan sartzeko?

Ez gauza handirik. Amatasunaz asko idatzi da azken urteetan, Katixa Agirrek, Goiatz Labandibarrek, Egunero hasten delako... Iruditzen zait zerbait gertatzen ari dela euskal literaturan. Teresaren mendekua ipuinean ama bat nahi nuen. Euskaldun izateaz aspertua da pertsonaia.

Mendekua hartzen du, ez?

Bai, joan nahi du Euskal Herritik. Nik ere halako zerbait bizitu nuen: gure mundua biziki ttipia da, eta garai batean itotzen nintzen. Beharbada hori da agertzen.

Barneko salatzaile nafartarra ipuinean, Bardean euskal soldadu klonak fabrikatzen dira...

EAJ espainolista eta ezker abertzalea zinezko euskaldunak direla: hori guzia komedia bat baizik ez da, horretarako idatzi dut; bai baitira euskaldun peto-petoak EAJn eta erdaldunak ezker abertzalean.

Abiatu nuen Pirritx eta Porrotx zentsuratu zutelarik; Enrique Maiak zuen aipatu euskal inperialismoa. Beraz, hari plazer egiteko sortu dut hau.

Hain den nazionala obra, non tarteka ahanzten baita baxenabartarra zarela. Zure euskalkiaz gain, babo, berba, kabuz, estropezu, ñoñostiarra, itaun, pedante, txatarra... bezalako hiztegia darabilzu.

Batu-batua erabili dut irakurgai izan dadin edonon. Nik ere hala leitzen baitut. Koldo Zuazok dioen gisan, batua aditza da azken finean. Montoiak hori egiten du: euskalkietatik edaten du, eta batuaz idazten.

Tepua ere leitu daiteke.

Kontzienteki eta naturalki egin dut. Egia da berreskuratu dudala euskara, batuan ikasi dut. Borda asko irakurri dut, tepua berari ikasi diot. Kazetaritzan aritu naiz, eta sinonimoen hiztegia anitz erabiltzen dut.

Donibane Garazin, Luzaiden, Urepelen, Bilbon, Errenterian, Iruñean, Donostian... girotu dituzu ipuinak.

Ezin gara Xilaban [Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre] mugatu; gure patua da: anitzek ez gaituzte kontuan hartzen. Liburu hau edonon irakur daiteke, baina ez da hala izanen, ziur asko, baxenabartarra naizelako. Euskaldunok geure buruari jartzen baitiogu muga. Beharbada tronpatzen naiz.

«Neure mundu pertsonalaren jainko», irakurtzen da Hartzak ipuinean.

Idaztean jainko bilakatzen zara: bada euforia bat, zuk baituzu hautatzen, zentsurarik gabe. Bikaina da. Zure istorioaren jainko zara, zure pertsonaiak zuri esker baitira bizi edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.