Chris Corsano. Bateria jotzailea

«Inprobisatzaile batek funtsezkoa du belarri irekiak izatea»

Musika inprobisatuaren alorrean itzal handia du Chris Corsano bateria jotzaileak. Bi saio egingo ditu bihar eta etzi, Galdakaon egingo den Kaiola jaialdian; bat bakarka, eta bestea Christine Abdelnourrekin.

RUDI SCHUEREWEGEN.
Antton Iturbe.
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Galdakaoko (Bizkaia) Kaiola Festibalak asteburu honetarakoatondu duen kartel aipagarriaren barnean —tartean daude The Ex, Enablers, Heather Leigh & Peter Brotzmann eta Ghedalia Tazartes—, Chris Corsano (AEB, 1975) da protagonista nagusietako bat. AEBetako bateria jotzaile bikain honek bere agendaren estutasunean hutsune txiki bat aurkitu ahal izan du festibalean birritan aritzeko —biharko aurkezpen ekitaldian eta larunbateko festibalean—, bai eta BERRIAren galderei erantzuteko ere. Etzi Christine Abdelnour saxo jotzailea izango du lagun oholtzan.

Euskal Herrian izan al zara aurretik? Eta Kaiola festibalaren berri bazenuen etorri aurretik?

2007an Guggenheim museoan jo nuen, Björkekin batera; hori izan da dena orain arte. Aritza Landaluze [antolatzailea] 2015ean jarri zen nirekin harremanetan lehenengo aldiz, eta ordudanik nire agendan hutsune baten bila ibili gara. Festibalean joko zuten artistak nortzuk izango ziren jakin gabe erabaki nuen etortzea, Aritzaren berotasunak bultzatuta. Ezusteko galanta eta oso atsegina izan da gero kartelean halako artista handiak topatzea.

Bakarka eta Christine Abdelnourrekin batera arituko zara. Nola moldatuko zara bakoitzerako?

Helburua bera da bi kasuetan; ahalik eta musikarik onena egitea, besterik gabe. Oinarri horretatik abiatzen da dena. Baina, jakina, egoera bakoitza ezberdina da, eta une batetik bestera etengabeko erabakiak hartzera bultzatzen zaitu. Christine Abdelnourrekin, berak sortutako soinuei erreakzionatuz joko dut, gure bi instrumentuen arteko uztarketan batuketa hutsa baino handiagoa den soinu izaki bat sortzeko asmoz. Bakarka, ordea, nire instrumentu soilaz banda oso baten soinua sortzen saiatuko naiz.

Sarritan musikarekin lotzen ez diren erreminta eta material txundigarriak erabiltzen dituzu zuzenekoetan. Zer dakarzu poltsan oraingo honetan?

Harriak, zurezko blokeak, gomazko sokak eta metalezko hainbat pieza dauzkat, besteak beste. Gure inguruko gauza guztiak dira zilegi horretarako; haien bidez soinu interesgarria sortu ahal izatea da hizpide bakarra. Tira, hori, eta maletan kabitzea ere bai, noski!

Zure grabaketa eta saio gehientsuenak guztiz inprobisatuak dira, eta, beraz, unean sortu eta gozatu ondoren, errepikaezinak dira. Hala izanik, zentzurik ba al du saio bat grabatzea eta formatu fisikoan argitaratzea?

Musikari bat inprobisatzen ikusten duzunean, artelan bat bere sormenaren unean ikusteko aukera duzu, eta hori oso esperientzia indartsua da. Baina bertan sortutako musikak badauka une horretatik kanpo existitzea ere, eta era horretan esanahi berri eta ezberdinak har ditzake. Inoiz zuzenean ikusi ez ditudan musikariek egindako disko zoragarri pila dago, eta horiek entzun ahal izatea oso eskertzeko gauza dela deritzot, une oro errealitate ezberdinak azaltzen baitira.

Hamaika aldiz inprobisatu duzu Paul Flaherty, Akira Sakata eta Bill Orcutt musikariekin, eta hala jarraitzen duzu. Nola lortzen duzu errepikatzeko arriskua saihestea eta zirrarari eustea?

Inprobisatzaile batek funtsezkoa du belarri irekiak izatea. Beste musikariekin jotzen dudan bakoitzean, esaten ari direna gero eta sakontasun handiagoz entzuten saiatzen naiz. Pertsonak etengabe aldatzen ari gara, eta nire bizitzan jazo den orok eragina izan dezake hurrengo saioan. Nirekin jotzen duten musikarien musika biziki maite dut, gainera, eta horri esker zirraragarria zait beti, eta ez naiz pilotu automatikoan erortzen. Hala ere, bion arteko eta zeure buruarekiko konfiantza hazi egiten da urteen poderioz, eta, konfiantza horren mugak gainditzen saiatzen ez bazara, gauza bera errepikatzearen tranpan eror zaitezke. Funtzionatzen duela, edo gutxienez behin funtzionatu zizula gogoratzen baituzu. Baina orduan testuinguru oso jakin batean funtzionatzeak ez du inola ere esan nahi oraintxe bertan funtzionatuko duenik. Beraz, zentzuzkoagoa da pilatu duzun esperientzia eta konfiantza tranpolin baten modura erabiltzea etaare ederragoa izan daitekeen hutsera jauzi egitea.

Christine Abdelnourrekin batera egin duzun diskoan, ehundurak arakatzen dituzue gehienbat, eta, bakoitzak bere instrumentuaren eremuak ezezagunerantz bultzatuz, bion arteko gune komun oso ederrak aurkitzen dituzue. Baina nola deskribatuko zenuke izan duzuen prozesua? Eta ba al duzu horrekin lanean jarraitzeko planik?

Orain hamar urte ezagutu nuen Christine, eta ikaragarrizko inpaktua izan du beti nigan. Saxo batetik ezinezkoak diruditen soinu harrigarriak ateratzeko gai da, baina soinu horien musikaltasunak txunditzen nau benetan. Teknika musikaren zerbitzura jartzen du guztiz. Entzuten dituzun eta haiekin elkarlanean aritu zaren musikariak zeure irakasle handienak bilakatzen dira. Berarengandik ikasitakoak nire musikan erabiltzen saiatu naiz, eta saiatzen jarraitzea espero dut, zuzeneko saio eta disko gehiagoren bitartez.

Paul Flaherty eta Joe McPhee moduko artista beteranoak horren langile ikustean, ematen du zeuk ere antzeko bide bati jarraituko diozula. Adinean gora joana ahala, baduzu artistaren bat eredu moduan?

Marshall Allen. 90 urtetik gora izanda, oraindik muturreko musika bikaina egiteko gai da. Norberaren soinua eraikitzeko garaian, adinak ez du zertan faktore erabakigarria izan. Aipatzen dituzunek ere inork baino energia handiagoz betetzen dituzte aretoak nonahi. Haien antzera, nire ildoa musika inprobisatu ederra egin ahal izateko benetako eta funtsezko elementuak zeintzuk diren aurkitzea izango litzateke, eta horren ondoren distrakzioa baino ez diren gainontzekoak ahaztu ahal izatea .

Musika esperimental inprobisatuaren mundua sare sendo bat eraikitzen ari da, nazioarteko artista, entzule, sustatzaile eta aretoz osatua eta soinu berrienganako kuriositatean eta elkarri laguntzean oinarritua. Ados zaude?

Bai, guztiz gainera! Bota dituzun kontzeptu horiek —errespetua, soinu berrienganako kuriositatea, eta elkarri laguntzea— funtsezkoak dira kultura bizirik eta mugimenduan mantentzeko. Horiek ezean, musika museo baten eduki bilakatzen da; edo hilerri batena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.