Eneko Maiz. Trinketlaria

«Izugarri pozik nago; ez nuen uste ezta jokatuko nuenik ere»

Trinketeko pilotari profesional bilakatu eta lau hilabetera jokatuko du Maizek lehen finala: Lehen Mailako binakakoarena. Hura eta Sanchez Etxeberriaren eta Ducassouren aurka ariko dira etzi, Baionan (11:00).

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
Amasa-Villabona
2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Arratsaldea da Amasan (Gipuzkoa). Isiltasuna dago. Frontoian, ordea, zarata dago. Amasa-Villabonako Behar Zana pilota elkarteko hamabost haur ari dira pilotan. Haiek gobernatu nahian dabil Eneko Maiz (Amasa-Villabona, 1996). Egitekoa zehaztu die, eta elkarrizketa egin artean zintzo egoteko eskatu. Bete egin dute.

Trinketeko pilotari profesional bilakatu eta lau hilabetera jokatuko duzu lehen finala. Pozik?

Ikaragarri; ez nuen uste ezta Lehen Mailako binakakoa jokatuko nuenik. Urtarrilean, mina izan nuen eskuetan, eta ez nintzen ondo aritu banaka. Gero, hobera egin nuen, baina uste nuen Bigarren Mailako binakakoan ariko nintzela. Baina, ezustean, enpresak Lehen Mailakoan jokatzeko aukera eman zidan. Hori gutxi ez, eta Luisekin [Sanchez] jarri ninduen; oso lagun ona dut. Gu gara maila nagusiko binakakoa jokatu dugun Hegoaldeko bi pilotari bakarrak; inoiz ez ziren bi aritu. Eta finalean gaude. Oso lan ona egin dugu.

Laguna ez ezik, banakako txapelduna ere bada Sanchez. Mesede egin dizu harekin aritzeak?

Bai, noski. Luisek sekulako gorakada izan du; hura nabarmendu da azkenaldian. Eskerrak eman behar dizkiot enpresari harekin jarri izanagatik. Presioa ere bada. Baina, zorionez, ondo ari gara.

Enpresa pozik egongo da: bikain aprobetxatu duzu aukera.

Zuzenean ez didate ezer esan, baina badakit pozik daudela. Ez da harritzekoa: aurreneko txapelketa jokatzen ari naiz Lehen Mailan, eta finalean gaude. Ea lana biribiltzen dugun txapela irabazita.

Eñaut Etxeberriaren eta Battitta Ducassouren aurka ariko zarete finalean. Nolako bikotea da?

Oso indartsua. Partida oso gogorra izango da. Ducassouk urteak daramatza gailurrean; hura izan da izar handietako bat Luis azaldu den arte. Ez du tanto bakar bat ere galdutzat ematen, eta hari tantoa egin behar zaio, ez duelako hutsik egiten. Eñaut, berriz, oso ondo dabil. Enpresak begiz joa du.

Zein izango da gakoa?

Ez da erraza, ematen baitu Ducassouk ez duela zulorik. Baina Luisek hark baino abiadura pixka bat gehiago ematen dio pilotari, eta hori aprobetxatu behar dugu, sakearekin edo bigarren pilotakadarekin min egiteko. Buruak ere zeresana izango du: oso luze egiten da 40 tantora jokatzea; denbora luzez aritu behar duzu adi-adi. Lan zaila izango dugu, baina gero eta hobeto ari gara; sasoiko gaude.

Miarritzeko (Lapurdi) Munduko Txapelketan ere elkarrekin aritu zineten, eta Ducassouren aurka jokatu zenuten finala. Baina Sanchez lesionatu egin zen. Arantza atera nahi duzue?

Bai. Oraindik gogoratzen gara horrekin; pena handia izan zen.

Urduri zaude?

Kilimak dauzkat sabelean. Dei asko jaso ditut, baita animo asko ere. Herrian ere badago mugimendua: 30 bat lagun joango dira Baionara. Luisen zaleak ere han izango dira. Badakigu ikusle gehienak haien alde egongo direla, baina guk ere babesa izango dugu.

Zer esaten dizu bikotekideak?

Luisek badaki plazagizona naizela: asko jokatu dut afizionatuetan, eta bi munduko txapelketatan aritu naiz. Badut esperientzia halako partidak jokatzen.

Beste mugarri bat ezar dezakezue: inoiz ez du irabazi binakako txapela Hego Euskal Herriko pilotari batek. Duela gutxi, Sanchezek eta Inhar Ugartek Lehen eta Bigarren Mailako buruz burukoa irabazi zuten lehen aldiz. Pixkanaka, egoera aldatzen ari da?

Bai, eta guretzat oso aberasgarria izan da, afizionatuak izan arren, askotan profesionalekin aritu izana. Haiekin jokatu, eta ikusten genuen gai ginela haiekin lehiatzeko. Orain, hori islatzen ari da. Oso pozgarria da. Egun, Hegoaldeko eta Iparraldeko pilotari gazteek elkarren berri dute; elkarrekin aritzen dira. Oso berri ona da. Ea Hegoaldeko pilotari gehiago animatzen diren trinketan jokatzera.

Urte askoan jokatu duzu afizionatuetan. Zer sentitzen da, orain, profesionala izanda?

Sekulako poza. Detaile txiki bat da, baina afizionatua izanda profesionalekin jokatzen nuenean, inbidiaz ikusten nuen nola haiek euren abizena zeramaten bizkarrean, eta nik ez. Hori nahi nuen nik: profesionala izan, eta bizkarrean Maiz eraman. Orain lortu dudala, izugarri pozik nago.

Zerbaitetan aldatu zaizu bizitza?

Pixka bat bai. Enpresa ikasketak egin nituen, eta horretan aritu nintzen lanean. Baina utzi egin nuen pilotaren inguruko zereginetan aritzeko: Behar Zana pilota elkarteko entrenatzailea naiz, baita arduradunetako bat ere: diruzaina naiz. Orain, trinketeko pilotari profesionala ere banaiz. Pilotaz bizi naiz, baina ez profesionala naizelako, beste hamaika lan egiten ditudalako baizik.

Gehiago entrenatzen zara?

Inoiz ez naiz asko entrenatu; ariketa fisikoa egin bai, baina frontoian ez naiz asko entrenatu zalea, asko sufritzen baitut eskuetatik.

Horregatik hasi zinen trinketan?

Bai, pilotak arinagoak direlako, eta gutxixeago sartzen direlako eskuan. Kasualitatez hasi nintzen lehenbizi, eta txapelketa batean pilotari bat ordezkatu nuen gero.Irabazi egin nuen, eta gero eta gehiago jokatzen hasi nintzen.

1996an jaio zinen zu. Urte berekoak dira Jokin Altuna, Iker Irribarria, Aitor Elordi eta Axier Arteaga, besteak beste.

Bai, eta denekin jokatutakoa naiz. Jokinekin Batxilergoa ikasi nuen Tolosan [Gipuzkoa]; laguna dut.

Orduan zure ametsa ezkerparetako profesionala izatea zen?

Bai, noski. Baina iritsi zen une bat non konturatu nintzen ezinezkoa zela. Zorionez, trinketan hasi nintzen, eta aukera izan dut gehien gustatzen zaidanaz gozatzen jarraitzeko: pilotan jokatzeaz.

Zerk erakartzen zaitu trinketaz?

Iparraldean gure jokamoldeari dioten estimua. Lehen aldiz hara jokatzera joan nintzenean, segituan sumatu nuen hangoei erakargarria egiten zitzaiela ezkerparetatik gentozenen jokamoldea; ezberdina zen han egiten zutenaren aldean. Oso polita zen han jokatzea: edozein trinketera joan, eta beti zegoen jendea, baita jaiegun batean, goizean goiz, entrenatzera joaten ginenean ere.

Pilotariak animatuko zenituzke trinketan jokatzera?

Dudarik gabe. Ezkerparetako pilotari askok pilota uzten dute gora iritsi ezin direla ikusita. Nik eskatuko nieke ez uzteko pilota. Ezkerpareta ez den beste hainbat diziplina daude! Eskuz jokatzea gustatzen zaienentzat, adibidez, aukera oso polita da trinketa: ezkerparetan ondo moldatzen ez dena ondo molda daiteke trinketan.

Ugarteren ustez, Hegoaldeko pilotariak Iparraldekoak baino «hobeak» dira gauza askotan: «Osoagoak gara: teknika hobea dugu, eta erraz jotzen diogu pilotari ezkerrarekin». Ados zaude?

Bai. Adibidez, Ducassou eta Peio Larralde oso onak dira, baina afizionatuetan gehiago sumatzen da aldea. Iparraldean ohituta daude haien joko klasikora: eskuinarekin teilatua bilatzera. Guk bestelako jokoa egiten dugu.

Zertan nabarmentzen zara zu?

Ezkerparetan aritutakoa naizenez, teknika ondo menperatzen dut. Nahiko abila naiz tantoa bukatzen, eta kolpez indartsua ez naizenez, pilotari efektuak eman zalea ere banaiz.

Zertan duzu hobetzeko?

Gauza asko. Oraindik partida asko jokatu behar ditut profesionaletan; asko kostatzen da 40ra iristea. Badut denbora hobetzeko: gaztea naiz, eta ia iritsi berria. Ea emaitza onak lortzen ditudan; zenbat eta emaitza hobeagoak lortu, orduan eta gehiago jokatuko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.