Albistea entzun

Rudiger. Musikaria

«Disko on batek gehien behar duena denbora da»

Hamaika proiektutako bateria jotzailea izan da eta da Buff, baina bere kantu propioak ere joan da lantzen azken urteetan, eta pandemiak ekarri dizkion pausak eta denborak bultzatu dute horiek bere kasa aurkeztera.
THEA GUERIN Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko martxoak 13

Txindaten distiraren eta danbor kolpeen artetik, ahotsa kantura ateratzera eta gitarrarekin agertzera egin du Felix Buffek (Akize, Okzitania, 1986). Rudiger izena eman dio bakarkako proiektuari —bere bigarren izena da—, eta Before it's vanished (Desagertu aurretik) estreinako lanari. Bateria zelakoan berea, berak egin du diskoko instrumentazio ia osoa, eta Joseba Irazokirekin ari da zuzenean aurkezten, oraingoz. Donostiako Dokan ariko dira gaur.

Bateriaren aurrean ezagutu zaitugu beti. Nola heldu da lehen lerroan jartzeko urratsa?

Bai, ni beti izan naiz bateria, han-hemen. 6 urterekin hasi nintzen, eta hor egin dut bidea: Willis Drummond, Joseba Irazoki, Joseba B. Lenoir, Testura, Atom Rhumba, Rafael Berrio [hari eskaini dio diskoa] eta beste askorekin. 10-15 urte dira profesionalki honetan nabilela, eta hiru bat urte kantuak konposatzen hasi nintzela. Willis Drummonden seigarren lana ateratzean, Zugzwang, bakoitzaren disko gogorretan begira aritu ginen, eta hartu genituen nire kantuetako batzuk, baina mordoxka bat geratu ziren hor, nora joan ez zutela.

Pandemia heldu zen arte.

Bai. Azken urteak oso mugituak izan dira. Biran ibili naiz asko, eta pandemia heldu zenean, lehen gauza atseden hartzea izan zen. Ezin nuen gehiago; akituta nengoen. Baina hiruzpalau hilabete igarota, etxean artean, hasitako demoak amaitzen hasi nintzen. Denetik jotzen dut horietan, bateria, teklatuak, gitarrak, ahotsa... Hamabost bat bukatu, eta erabaki nuen nik neuk defendatzea; badute pop aire bat, ez nuena beste proiektuetarako ikusten. Denborak eraman nau kantuok Rudiger modura defendatzera. Kantuetan murgiltzeko eta gozatzeko izan dudan denborak.

Ezustekoa izan da gitarretan eta ahotsetan zu deskubritzea.

Hala izan da niretzat ere [barrez]. Gitarra eta diskoko beste instrumentu batzuk justuan jotzen ditut. Horregatik azken hiletan asko landu behar izan dut gitarra gero zuzenekoan jo ahal izateko. Ahotsean, berriz, anaiak [Johannes Buff] lagundu dit asko zerbait balekoa ateratzen.

Hark ekoitzi du diskoa ere. Nolakoa da musika erlazio hori?

Legorekin jolasten genuenetik dator; ezin dut irudikatu erlazio musikal estuagorik. Ezin hobeto ezagutzen ditugu bakoitzaren kultura musikalaren oinarriak. Bera ekoizlea eta zuzenekoetako soinu teknikaria da, eta lan egin du nire heroi askorekin, Sonic Youtheko Thurston Moore, The Drones, Tropical Fuck Storm eta mila talderekin. Willis Drummondekin, Joseba Irazokirekin, Testurarekin... ere egin dugu lan harekin. Disko honetan, konfiantza hartzen lagundu dit niri, funtzionatzen zuena eta ez zehazten. Hori egin behar du ekoizle batek.

Estilo ugari zeharkatzen ditu diskoak, akaso urrunago daudenak zure beste proiektuen soinutik. Bilaketa erakusten du?

Bai. Behar nuen halako askatasun eremu bat gustatzen zaidan hori egiteko, beti ez duelako lekua beste proiektuetan. Hemen elektronika dago, folka, pop lisergikoa, pop psikodelikoa... baina hurrengo diskoa oso bestelakoa izan daiteke. Rudiger hori izango da: gustatzen zaidan guztiari egindako omenaldia. Gustuko ditut estilo asko barnebiltzen dituzten taldeak. Yo La Tengo, adibidez. Leku askotara hel daitezke, baina ahotsak eta taldeak berak kokatzen zaitu.

Irazoki, Maia Ibar (Dual Split), Vincent Bestaven (Botibol), Pierre Loustaunau (Petit Fantome) eta bestek ere hartu dute parte diskoan, zeinekin bateria jo eta Tarnosko (Baiona) Shorebreaker estudioan elkartzen zaren. Nola bizi duzu hango giroa?

Shorebreakerrek duen ona da oporretako etxe baten aire bat duela, kilometro eta erdira hondartzatik, mila metro koadroko lorategi batekin... Oso lasai egon zaitezke, eta ez da estudio tradizional bat non zortzietan jabeak atea ixten duen. Beti dago jendea joan-etorrian. Estudioa ireki dugunetik ez gara gelditu. Orain, esaterako, lan berri bat grabatu dugu Irazokirekin Atalan, Beran (Nafarroa), baina Shorebreakerren bukatuko dugu, anaiarekin. Giro bat da han proposatzen dena: musika komunitate bat lekua biziberritzen.

Nolabaiteko laborategi bat?

Bai. Ohiko grabazio estudio bat ez da espazio sortzaile bat; erlojupean zabiltza; bi astetan egin behar da dena. Eta disko on batek gehien behar duena denbora da. Denbora, loratzen uzteko, eta gauzak probatzeko, berehalako emaitza baten beharrik gabe. Hori ari da aldatzen Shorebreakerren. Nerabezaroko amets bat da, 35 urterekin ari dena betetzen [barrez].

Testuetan ere badator kutsu kritikoa. Amaiera bat aurreratzen du izenburuak berak.

Bai, Tonight kantutik hartua da, eta masa turismoa kritikatzen du. Saltzen digute posible dela 1.500 eurorekin mundua zeharkatzea. Eta orduan mundu guztiak nahi du bidaiatu, deskubritu, urrun joan, baina horrek kostuak dauzka; bat, tragedia ekologikoa. Leku guztietan islatu nahi da erdiko klasearen bizimodua, eta soziologikoki ere hondamendi bat da: mundu guztian topatzen dituzu saltoki kate berberak, kapitalismo basati bera. Horrek tokiko kulturak ere hiltzen ditu, bizitzeko moduak. Neuk ere nahi dut dena ezagutu, baina ezin da. Iraupen gehiagoko bidaietan sinesten dut, ez esperientzien kontsumo azkarrean.

Balio dizu musikak halako auziez ere hitz egiteko, beraz?

Mundua arrosa balitz, pozik hitz egingo nuke gauza gozoagoez nik ere. Baina beti esan didate hitz egiteko inguruan ikusi eta ezagutzen duzunaz eta hori da ikusten dudana: amildegiaren ertzean dagoen mundu bat. Kondenatuta dagoena. Kapitalismoaren bukaera ikusten ari gara, eta inork ez du ezer aldatu nahi. Alde horretatik sinesgaitza da garai hau. Sakelakoa hartu eta mila tranpa igaro behar dituzu eguneko lehen kafea hartu aurretik. Pandemiak ere areagotu dit sentsazio hori; hala ere, badira gai gehiago diskoan.

Ingelesez da disko osoa. Euskaraz, gaztelaniaz zein frantsesez dabiltzan taldeetan ere aritzen zara. Ama zuberotarra duzu, alemana aita. Nola bizi duzu kultura hizkuntzen gurutzatze hori?

Ingelesez kantatzea beste hizkuntzak baztertzetik etorri da. Frantses kulturatik ezer gutxi jaso nuen etxean. Gehiago entzuten genuen New Orleanseko jazza, klasikoa, The Beatles... Ez naiz sentitzen kultura frantsesaren parte; alemanaren parte, ere ez. Kultura anglosaxoia, folklore amerikarra... hori guztia barrurago daukat. Etxekoa zaidan musikalitate bat da. Eta euskara ez dut oraindik ondo ikasi. Musikaren beste alderdi batzuetan nagiagoa naiz [barrez]. Sentitu, euskaldun sentitzen naiz, baina bilatu behar dut corpus bat euskaran, modu bat, lan luzeago bat egiteko. Agian helduko da hori ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hasi da EHZ Festibala

Piztu da EHZ festibaleko argia

Ainize Madariaga

EHZ jaialdiak laguntzaile gazte asko ditu aurten. Kontrara, rock zale adinduak izan dira Irisarriko karriketan. Elektrika joandurak Delirium Tremens eten du.
Xutik taldeko kideak; lehen lerroan, erdian, Patxi Bidart. ©XUTIK

«Beti atxikitzen dugu rock zaharraren filosofia aldarrikatzaile hori»

Ainize Madariaga

Xutik taldeak 'Kantu berrien azalean' diskoa atera badu ere, zuzenekoari beha daude beti, hor baitute «indarra», kantuen garai iragankor hauetan. EHZn erakutsiko dute haien artea, 19:00etan, pentzean.
 ©IÑIGO URIZ

Gortinak itxita

Oihana Arana

Eskoriatzan jaio zen (Gipuzkoa), 2001ean. Txikitatik izan du bertsotarako zaletasuna, eta Gipuzkoako eskolarteko txapelduna izan zen 2017an eta 2018an, eta Erre ikuskizunean parte hartzen du egun. Portuak eleberria eta Lazunak azkazaletan poema bilduma eman ditu argitara.

Txaranga Urretabizkaia taldeak performance bat eginen du, <em>Partiturak/s</em> liburua aurkezteko. ©FOKU

23 artistak beren argitalpenak aurkeztuko dituzte Azpeitian

Yasmine Khris

Liburu formatutik harago doazen argitalpenak jarriko ditu ikusgai Mahai Editoriala egitasmoak gaur eta bihar, eta performanceak ere izanen dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...