Albistea entzun

Amaiur Epher. Idazlea

«Pesimismoak ez du erran nahi deus egin gabe egon behar dela»

Amaiur Epherrek 'Profeten iruzurra' fikziozko nobela argitaratu berri du. Ikasle zeneko eztabaidetatik jalgi du obra; gizartearen analisi zorrotza beztitu du ezkortasunez, umorez eta erreferentzia andanaz.
BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2021eko maiatzak 1 - Donibane Garazi

Amaiur Epherrek (Izpura, Nafarroa Beherea, 1994) sinesten du literaturak baduela gaitasunik gizarte eraldaketarako. Euskaraz idaztea bera erresistentzia ekintza gisa bizitzen du, nahiz plazerez egiten duen. Ikasle garaiko gogoetak etzan ditu bere lehen fikziozko eleberrian: Profeten iruzurra (Maiatz, 2021). Kapitalismoak ekarri indibidualismo eta burgesia hedatuak «panorama etsigarria» marraztu badu ere, Maiatzaren Lehena ez da urrun, eta dei egiten du deus egin gabe ez gelditzera.

Idaztean nor duzu ikusi parean?

Ez nuen publiko jakinik gogoan. Kapitalizatu nahi nuen ikusitakoa eta distantzia kritikoa hartu. Fikzioa forma egokia da horretarako. Funtsean, liburua hiritarra da, denetara iritsi baita kultura hiritar burgesa; Izpuran berdin Parisen jendeak kontsumitzen baitu Netflix.

Hala ere, hizkuntza hautuak salatzen du nori zuzendu nahi izan diozun, ez?

Batuan idatzia da. Uste dut irakurgarria dela euskaraz eskolatua den edonorentzat. Koldo Zuazok dio batua aditza dela; hori ongi zait. Hiztegian eta joskeran libertatea ematen du literaturak.

Itxaro Bordak ere badu hiztegi anitza, baina Kepa Altonagak dioen gisan, «dosifikatua». Punttalakurloa bezalako hitz lokalak baliatu dituzu artetan.

Sei urtez Euskal Herritik kanpo ibili naizelarik dut hizkuntzarekiko harremana landu. Eta, preseski, bereziki Bordari esker naiz sartu euskal literaturan. Gero, Saizarbitoria...

«Nola fikzioak errealitatea transzenditu egiten zuen», idatzi duzu. Zure fikziozko idatziari zein heinetaraino zaio gertatzen?

Literaturak halabeharrez badu inpaktua, bi norabidetan: errealitateak literaturan, eta alderantziz. Mundu ikuskera berria eman dezake edota deseraiki dagoen eredua. Fikzioa hor da sistema hegemonikoa konfirmatu edo kontra egiteko. Shakespeare gabe, konparazione, ingelesak bide bera hartuko zukeen?

Ezkongai loreak lilitan dira, «Maiatzaren Leheneko joare isilak bailiran». Zertan nahiko zenuke eragin zure obrari esker?

Ikusten dut badela etsipen handia eta aterabiderik ez. Eleberriaren bukaeran bada halako aterabide zerbait. Egungo kapitalismoan indibidualismoak du pisu handiena. Europa mendebalde honetan erdiko klase soziala zabaldu da; aski eroso bizi gara. Borroka tipietan ez gara gai elkartzeko, eta juntaturik ere, etsipena da nagusi. Faktore berria agertu da: denborarena. Guti aipatzen da. Estatuak horretaz baliatzen dira mugimenduak higatzeko. Jaka horien borrokan adibidez, Paris militarrek zaindua zuten, ez da arrunta, baina gobernuak deus guti eskainiz iraun du.

«Herri kontzientzia peko errekara erortzen zen garai hartan», izkiriatu duzu, eta hau ere: «Frustrazioan hezia, neurotiko izateko arrisku handian zebilen belaunaldiaren parte zela bazekien». Mugimendu nazionala ere hala ikusten duzu?

Askapen nazionalaren borroka, hemen eta Katalunian, etsigarria da. Estatuarekin konfrontazio zuzena biziki neke baitzaigu eta sekulako prezioa ordaindu behar baita. Norbanakoa baino handiagoa den kausa batentzat prest ote gara aritzeko eta gorputza eskaintzeko? Ene ausardia hitzetara mugatzen da, horregatik erlatiboa ere bada literaturaren eragina. Kontraesanezkoa da.

«Putrunkeria» baliatu duzu.

Ni hala naiz. Pertsonaia nagusia ere amets eta ekintzaren artean da. Jendeak estatuaren alde gorputza eskaintzetik, gaur egun nor litzateke soldaduen desafiatzeko prest? Hori ere estatuaren indarra da.

«Nihilismo inozoan erori gabeko barbaro» gisa identifikatzen duzu zeure burua?

Liburua zilintzan egoten da zinismoan, nihilismoan arrunt erori gabe, baina ironiatik. Antsiolitikoak hartzea edo etsipenean negarrez egotea baino efikazagoa baita. Asko laguntzen nau. Pertsonaia nagusia etsitua da, ezkorra. Ekintzan bainoago, ideien nahiz ametsen esparruan egoten bada ere balio du. Borroka batzuk galduak badira ere, beteko ez diren helburuetara heltzeko bideak berak atxikitzen gaitu bizirik, espazio libreez baliatu behar da.

Zein da borroka hori?

Euskaldun gisa hizkuntzaren borrokak nau mobilizatzen, liburuan zuzenki aipatzen ez badut ere. Horregatik, arras kontent naiz lan hau argitaratzeagatik, ekarpen xumea egiten baitu. Ene militatzeko manera da, irautea da erronka. Euskara peko errekarat abian bada, tragedia ikusten dut.

Langilea zara orain, baina ikasle garaiko ideia jasaren ondorio da obra, ez dea hala?

Ikasle garaiko lagunei eskaintzen diet liburua, ideia trukaketa informal haien ondorioz baita atera. Hori nuen finkatu nahi, sei urte horiek desagertuko ziratekeen bestela.

Houellebecqek dio eleberri baten idaztea munduko lanbide tristeena dela, hola bizi izan duzu?

Egia da idazle burges figurak baduela kutsu horretatik, sufrikarioaren irudia, baina enetzat plazera izan da: introspekzioa egitera bultzatu nau, min horiek agertu eta haiekiko distantzia bat hartzeko.

«Idazterakoan, nahiko biluzten gara eta. Ez baitezpada nahitara», diozu.

Ez dut subertsio gehigarririk ikusten sexualitatea gordinki aipatzeari, ez naiz horren xerka joan; pertsonaien sexualitatea eta beraien barne mekanismoak plano berean azaleratu ditut. Berdin biluztea da. Ez da gorputzen deskribapen huts bat, gordinagoa da pentsatzen dena.

«Iritsi da orduan, profeten iruzurra epaitzeko garaia», dio Isidoro pertsonaiak. Zergatik izenburu hori eman diozu eleberriari?

Alexander protagonista ez da erlatibismo totalera lerratzen, lanjerosa izan baitaiteke. Ez du sinesten profezietan, ez borroka kolektiboetan; porrotera joan baitira azken hamarkadetan. Borroka indibidualean sinesten ez badu ere, horretan tematzen da. Barne gatazkak ditu, gizartearen isla da azkenean. Baina ez da horrendako amore eman behar, Isidorok dioen gisan, «ez dugu statu quo-a kontserbatuko pazifistak garelakoan». Pesimismoak ez du erran nahi deus egin gabe egon behar dela. Pentsatzen dut pesimista askori on eginen diola liburuak, aski irekia dela eta gogoeta anitz pizten dituela.

Bi antzerki idatzi dituzu; eleberria idaztea zertan izan da zuretako ezberdin?

5'inahalak antzerki taldean ikusten genuen desberdinki lan egin nahi genuela. Testu bat ekarri eta hortik abiatuz ateratzen zen antzerkia, ekintzatik abiatuz. Baina argi genuen ez genuela ez espaziorik ez denborarik ere horretarako. Nobela hau izan da hori egiteko beste manera bat. Berez, ipuinak idazten hasi nintzen, eta haietan agertzen zitzaidan Alexander pertsonaia izen ezberdinen pean. Baina galdu nituen. Pertsonaia hori atxiki nuen. Horregatik, ez da nobela bat zentzu klasikoan, genero anitz nahasten baitira obra berean: saiakeratik badu franko, antzerkitik, artikulu zientifikotik, poesiatik...

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Ez dugu behin ere pentsatu azoka digital soila egitea»

Iñigo Astiz

Durangoko Azokako denda digitala gaur abiatuko da, eta aurrez aurreko bisitak, berriz, bihar. Osasun neurriak aldatuz gero ere horri eustea da Mujikaren asmoa.

Durangoko Azokako lehen eguna, azoka digitala. ©Andoni Canellada

Hasi da azoka digitala

Berria

Dagoeneko salgai daude azokaren 56. aldian egongo diren 990 nobedadeak: 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta bestelako 77 produktu. Bihar hasiko da azoka presentziala, 10:00etan.

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

Toure detektibea Madrilera joan da zortzigarren kontakizunean

Gorka Arrese

Jon Arretxek 'Dortokaren begirada' argitaratu du. Parisko bitxi denda batean ostutako piezei esker, Toure eroso bizi da Madrilen

<b><em>Aztarnak <em>proiektuko kide batzuk. Eramailea Marina Beheretxe da —bigarrena ezkerretik—.</em> </em></b> ©BRUNO LUCAS

Marina Beheretxe biolinistak 'Aztarnak' proiektua muntatu du eta gaur estreinatuko du

Ainize Madariaga

Marina Beheretxe biolinistak 'Aztarnak' proiektua muntatu du, hainbat estilo lantzen dituzten artistekin elkarlanean. Tresna klasiko eta tradizionalak uztartuz, euskal musika jotzen dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.