Nahia Quincoces. Mendiko eskiatzailea

«Pena handia eman zidan Campos lehiatu ezin izanak»

Nazioarteko puntako lehia uztea erabaki zuen iaz Quincocesek, baina ez etxekoa. Eta horretan, nagusi izan da berriz. Euskal Herriko Kronoesprint Txapelketa irabazi berri du, Candanchun.

Leire Ezpeleta, Nahia Quincoces eta Lur Basterretxea, Euskal Herriko Kronoesprint Txapelketako podiumean, larunbatean, Candanchun. BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun

Azken urteetako mendiko eskiko ikurretako bat da Nahia Quincoces (Mendexa, Bizkaia, 1983). Hainbat urtetan Espainiako selekzioarekin lehian ibili ondoren, iaz Andorran jokatutako Munduko Txapelketarekin eman zion amaiera bere kirol ibilbideari. Denboraldi hau lasaiago hartzea erabaki arren, arazo handirik gabe irabazi berri du Euskal Herriko Kronoesprint Txapelketa, Candanchun (Aragoi, Espainia).

Zer-nolako lasterketa izan zen larunbatekoa?

Formatu berezi batean jokatu zen txapelketa. Minutu erdiren tartearekin irten ginen esprintak jokatzera, eta orotara 400 metroko pendiza positiboari aurre egin behar izan genion lau igoeratan eta jaitsieratan. Goizean, lainoa zen nagusi, baina arratsalderako iluntze bikain bat eskaini zigun eguraldiak. Oso polita izan zen eskiatzaile guztiak kopetako argiarekin ikustea. Igoerak argi batekin markatu zituzten, eta jaitsierak, berriz, aldizkako argiekin. Antolatzaileek beti horrela prestatzen dute lasterketa, baina inoiz ez zen horrelako formatu batean jokatu Euskal Herriko Txapelketa. Asko gustatu zitzaidan, eta xarma baduela iruditzen zait.

Minutu erdiko tartearekin irtenda eta ilunpetan arituta, aurkarien erreferentziarik ez zenuten izan. Gauzak asko zailtzen al dira horrela?

Hala izan zen, bai. Egoera arraroa egiten da. Emakumeok, gainera, gizonezkoekin nahastuta abiatu ginen, ez ginen bata bestearen atzetik abiatu, eta batere erreferentziarik gabe ibili ginen lasterketa guztian. Une oro zeure buruarekin kontzentratuta egotera behartzen zaitu formatu honek, eta hori ere ez da batere erraza.

Azken urteetan erreferente izan zarete Igone Campos eta zu, eta zuen arteko lehia espero zen Euskal Herriko Txapelketan, baina COVID-19arengatik Campos ezin izan zen lehiatu. Irabazi arren, horren arantza gelditu zaizu?

Gu biok ere lehia polita izatea espero genuen. Pena handia eman zidan hura etorri ezin izanak. Azken urteetan gauza asko partekatu izan ditugu, une asko, lasterketa asko, eta, azkenaldian beste askori gertatzen ari zaien antzera, orain pasatu du koronabirusa. Ainara Uribarri oñatiarra ere antzekoa zen, baina, Camposen antzera, hark ere etxean gelditu behar izan zuen arazo berberaren ondorioz. Ziur nago hiruron arteko lehia polita izango zela.

Hainbeste hilabete eta gero, arraroa egiten al da berriro dortsala ipintzea?

Pixka bat, bai. Denboraldi honetan, gainera, lasterketa luzeak bakarrik egiteko asmoa neukan, mendi-mendiko lasterketak direnak. Baina formatu berri honek asko erakartzen ninduen. Egia esan, lasterketa hasi aurretik neure buruari galdetzen nion ea zer egiten nuen hor, zertara joan nintzen hara, baina, behin dortsala jarrita, denak ahazten dira.

Iaz, Espainiako selekzioa uztea erabaki zenuen Andorran jokatu zen Munduko Txapelketa amaitu bezain laster. Zuretzat ere denboraldi berria da hau. Nola antolatu duzu?

Beste urte batzuetan baino beranduago hasi naiz entrenatzen. Azken urteetan, udan jada prestatzen hasten nintzen eski denboraldia. Baina, denboraldi honetan, esaterako, raid bat lehiatzen egon naiz. Argi neukan egindako esfortzuaren ondoren eta ondo errekuperatzean hasiko nintzela eskiekin. Ez neukan presarik, baina azaroan Tignesen [Alpeak, Frantzia] egon nintzen denboraldiaurre gisa, eta bertan sasoian jartzeko probestu nuen. Nire helburu nagusiak otsailaren amaieran eta martxoaren hasieran izango dira: Grand Courseko lasterketa batzuk. Beste urteetan baino atzeratuago noa urtearen garai honetarako, baina orain ez daukat hainbesteko begirunerik txapelketekiko. Urte askoan txapelketen munduan ibili izan naiz buru-belarri, eta, alde horretatik, nahiko erreta amaitu nuen. Halere, dortsal bat jartzen dudan bakoitzean dena ematea gustatzen zait oraindik ere. Hori ez da egun batetik bestera ahazten.

Zer lasterketatan ariko zara denboraldi honetan?

Urtarrilaren 22ko eta 23ko asteburuan, Panticosako [Aragoi, Espainia] lasterketan izango naiz lehian. Ondoren, otsailean, Bandres-Karoloren omenezkoan [Izaba, Nafarroa] hartuko dut parte, eta martxoan, Altitoy-Ternuan [Luz-Saint-Sauver, Okzitania], Pierra Mentan [Areches-Beaufort, Frantzia] eta Tour de Rutoren [La Thuile, Italia]. Azken urteetan egin dudan egutegiaren antzekoa izango da, baina Munduko Kopako probarik gabe.

Zuk urte asko daramatzazu mendiko eskian, baina azken urteetako arazoa da emakumeen artean zaletasun txikia dagoela mendiko eskian. Larunbateko txapelketan ere oso emakume gutxi aritu zineten lehian. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?

Oso kirol aldagarria da. Normalean nerabezaroan hasten zara kirol honetan, baina, estatistikoki, nerabezaroa da emakumeen artean kirola uzten den aro nagusia. Iruditzen zait lan handia dagoela egiteko arlo horretan. Horrez gain, erreferente gutxi izateak ere ez du asko laguntzen, eta kulturalki ere gizonezkoen kirola izan da orain arte. Eski alpinoan, ordean, ez dago horrenbesteko alderik gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruen artean. Irtenbidea ez da hain erraza.

Ikusi gehiago: Iñigo Martinez de Albornoz: «Gero eta konfiantza handiagoa daukat neure buruarengan»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.