Albistea entzun

«Gero eta konfiantza handiagoa daukat neure buruarengan»

Martinez de Albornozek indartsu ekin dio denboraldiari, eta jada bi proba irabazi ditu: abenduan, Espainiako Kopa, eta aurreko asteburuan, Euskal Herriko Kronoesprint Txapelketa.

Rafa Urbizu, Iñigo Martinez de Albornoz eta Jon Ander Aranburu, podiumean, larunbatean, Candanchun.
Rafa Urbizu, Iñigo Martinez de Albornoz eta Jon Ander Aranburu, podiumean, larunbatean, Candanchun. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2022ko urtarrilak 11

Nazioartean lortutako emaitzak kontuan hartuta, Euskal Herriak inoiz eman duen mendi eskiatzailerik onena da dagoeneko Iñigo Martinez de Albornoz (Donostia, 1996). Abenduan hasi zuen denboraldia, eta Sierra Nevadan (Andaluzia, Espainia) jokatutako lehen proban jada lehen garaipena lortu zuen; Espainiako Kopako estreinako lasterketan, hain zuzen ere. Munduko Kopan ere finaletik gertu ibili zen aurreneko lasterketan. Larunbatean, berriz, ez zuen aurkaririk izan Euskal Herriko Txapelketan garaipena lortzeko.

Nola sentitu zinen lasterketan?

Oso proba erakargarria da urtero Candanchuko [Aragoi, Espainia] Ski Alpekoek antolatzen dutena. Lau igoera eta jaitsiera zituen probak, eta ia 22 minutuko lana egin behar izan nuen garaipena lortzeko. Oso gustura sentitu nintzen, eta, nahiz eta denboraldi honetan oso gutxi prestatu dudan distantzia izan arren, gai izan nintzen aurrekoen erritmoari eusteko.

Hasieratik ondo ikusi zenuen zeure burua?

Gorputzaldi ona izan nuen proba guztian. Azkena izan nintzen irteten, eta, aurrekoen erreferentziak banituenez, tarteak murrizten saiatu nintzen hasieratik. Pixka bat kostatu zitzaidan, baina lortu nuen. Ondoren, bikain etorri zitzaidan igoeren eta jaitsieren artean aldaketak egin behar izatea. Esango nuke trantsizioetan jan niela denbora gehiena, eta azkeneko igoera ere oso indartsu egin nuen. Oso gustura sentitu nintzen lasterketa guztian.

Sierra Nevadan Espainiako Kopan denboraldia hasi zenuenetik hilabete pasatu da jadanik. Sasoiko ikusi al zenuen zeure burua?

Bai. Zalantza askorekin joan nintzen Candanchura. Urtezahar eguna eta gero, hiru egunez gaixo egon nintzen. Zalantzak nituen sasoia galduta iritsiko ote nintzen, baina probaren aurretik hiru egunez eskiatzen ibiltzeko aukera izan nuen. Proban bertan uxatu nituen zalantzak, eta ez nuen arazorik izan larunbatean lasterketa aurrera ateratzeko.

Denboraldiaren hasieran jada Espainiako Kopan eta Munduko Kopan lehiatzen hasi zinen. Nola doa sasoia?

Abenduaren erdialdean hasi nintzen lehian, baina ordura arte oso egun gutxitan eskiatu nuen. Lehen lasterketa haietara ere zalantza askorekin joan nintzen, baina, nire ezustekorako, oso ondo ikusi nuen neure burua, gehienbat esprintetan. Espainiako Kopakoan irabazi egin nuen, eta indartsu ikusi nuen neure burua. Ponte di Legnon [Italia] jokatutako Munduko Kopakoan ere antzeko aritu nintzen, eta zazpigarren amaitzea lortu nuen. Finala jokatzetik oso gertu gelditu nintzen, eta horrek ere pena pixka bat eman zidan. Bertikalen diziplina, berriz, oso gutxi prestatuta neukan, eta Munduko Kopako bertikalean ez nintzen batere gustura aritu. Orain arte gustura nago egindako lanarekin, eta gogo izugarria daukat Munduko Kopako hurrengo probetarako.

Helburuak Munduko Kopara begira jarri al dituzu?

Helburu asko ditut aurtengorako, baina lehenbizikoa, Munduko Kopako esprint modalitatea da. Egutegi guztiko lasterketa denetan parte hartzea gustatuko litzaidake. Ondoren, begiz jota daukat Europako Txapelketa. Boi Taullen [Lleida, Herrialde Katalanak] jokatuko da, eta bertan egoteko ahalegina egin nahi dut bete-betean. Bi horiek dira buru-belarri prestatzen ari naizen helburuak. Erronka zailak dira biak ala biak, baina lortzeko ahalmena badudala iruditzen zait.

Ziurtatuta al duzu Munduko Kopako esprint diziplinaren egutegi osoa egitea?

Ez. Horretarako, Espainiako Mendi eta Eskaladako Federazioak ezarri dituen irizpide batzuk bete beharko ditut. Munduko Kopako lehen hiruzpalau probetan, lehen hamabosten artean sailkatu beharko dut lehenik, eta, behin bosgarren probatik aurrera, lehen zortzien artean geratu. Irizpide horiek guztiak betetzen baditut, eta sasoiari eusten badiot, egutegi osoa amaitzea gustatuko litzaidake.

Zer eskatzen diozu denboraldiari?

Esprinten modalitatean hobetzen jarraitu nahi dut. Munduko Kopako probaren batean, finalen sartzea gustatuko litzaidake. Horretarako, lehen sei eskiatzaileen artean sailkatu beharra daukat. Lehen proban, finalean sartzetik oso gertu gelditu nintzen. Baina, denen gainetik, helburu nagusia, aurreko urtean bezala, Munduko Kopako probaren batean dominaren bat eskuratzea litzateke. Horrekin amesten dut batez ere. Esprintetan oso garrantzitsua da norberaren buruarengan sinestea. Askotan, irten baino lehen jada galdua izaten da lasterketa, burua bere lekuan ez izateagatik. Urteen poderioz, eta ekinaren ekinez, esperientzia eta konfiantza lortzen dira, eta nik ere hori probestu nahi dut. Badakit oso zaila dela helburu hori lortzea, baina, aldi berean, gero eta konfiantza handiagoa daukat neure buruarengan. Saiatzeagatik ez dadila izan, behintzat.

Ikusi gehiago: Nahia Quincoces: «Pena handia eman zidan Campos lehiatu ezin izanak»

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta, garaipena ospatzen, txapelketan jokatutako aurreko lehia batean. ©O. MATXIN EDESA / FOKU

Bikain biribildu dute

Julen Etxeberria

Elordik eta Zabaletak nagusitasunez irabazi diete Peñari eta Eskirozi, eta finalerdietako ligaxkarako sailkatu dira. Jakak eta Arangurenek bigarren garaipena lortu dute, Peio Etxeberriari eta Rezustari gailenduta

Unai Garcia Osasunako erdiko atzelaria, baloia bereganatu nahian, atzo, Cornella-Praten. ©ALEJANDRO GARCIA / EFE

Osasunak txinparta falta du

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak puntu gazi-gozoa lortu du Espanyolen aurka. Partidako lehen gola sartu du, baina itzali egin da gero.

Robin Le Normand, Igor Zubeldia eta Martin Zubimendi, sasoi honetako entrenamendu batean. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Moxalen jauzi handia

Jon Ander De la Hoz

Realaren garai onean izarrak soilik ez, harrobiko jokalariak ere ari dira taldea hauspotzen. Zubietan ondutako jokalariak gako bilakatu dira azken boladako emaitza onak lortzeko. Gaur, Valladolid jasoko dute.

Athleticek eta Alavesek galdu egin dute etxean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...