Oskia Ugarte. Uharteko Arte Garaikidearen Zentroko zuzendaria

«Azaldu nahi dugu zergatik ez den pieza sorkuntzaren helburu»

Oskia Ugartek etapa berri bat hasi du Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan: 2016tik, bertze hiru emakumerekin batera aritu da erakunde horretako zuzendaritzan, baina, abuztutik, bakarrik da karguan.

IÑIGO URIZ / FOKU.
edurne elizondo
Iruñea Nafarroako Hitza
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Oskia Ugartek (Iruñea, 1978) Elisa Arteta, Nerea de Diego eta Betisa Ojanguren izan ditu bidaide Uharteko Arte Garaikidearen Zentroko zuzendaritzan (Nafarroa) 2016tik. Orain, bakarrik da karguan. Aurkeztu berri du zentroko programazioa. Lankideen falta sumatzen du, baina proiektua garatzen segitzeko ilusioz da.

Orain, bakarrik. Zer moduz zaude?

Ardura handia da. Aldi berean, zirraragarria ere bada. Lauren artean eraiki dugunaren ardura nire gain dut orain, eta lankideen falta sumatzen dut. Dolu txiki bat pasatu dut, baina prest naiz. Aurkezpenak lagundu dit.

Etapa bat itxi duzun irudipena duzu?

Etapa bat amaitu da, baina erabakia ez dugu guk hartu. Lehiaketak ez zuen aukera ematen hautagaitza kolektibo bat aurkezteko. Pena handia hartu genuen, oso formula ona izan baita guretzat. Egia da gure kolektiboak erabakita zeukala ez zuela hautagaitza berriz aurkeztuko.

Zergatik ez?

Laukotean, bi artista zeuden, Nerea de Diego eta Elisa Arteta, eta haiek euren bidearekin jarraitu nahi zuten. Finean, Uhartekoaren gisako zentro batek asko eskatzen dizu. Ezin zuten uztartu euren lan artistikoarekin, eta horretan aritu nahi zuten orain.

Bertze hautagaitza kolektibo bat sortzea zen asmoa, beraz?

Hori da. Baina ez dugu aukerarik izan horretarako.

2016tik aritu zarete elkarrekin. Nolakoak izan dira urteok?

Oso onak. Uste dut gauza negatibo bakarra zera dela, epeak luzatu direla lauren artean erabaki behar izan dugunean. Aldi berean, erabakitzeko prozesua aberatsa izan da beti, eta merezi izan du.

Nork bere tokia zuen?

Bai. Laurok ordezkatu ditugu komunitate artistikoko arlo ezberdinak, eta, erabakitzeko orduan, nork berea egiten zuen. Kontu estrategikoagoetan eztabaidak sortzen ziren lauren artean erabakitzean, baina, hori denez lauron lan egiteko berezko modua, erraza izan da, naturala. Gainera, uste dut eskuzabal ere aritu garela, eta argi izan dugula denok ari ginela eraikitzen etorkizunerako zerbait oso indartsua.

Ez duzu uste orain ere bazaretela erreferentziazko gune bat?

Bai, baina gehiago kanpora begira; Nafarroan, zailagoa izan da.

Zergatik?

Uhartekoa izan delako lehendabiziko ekoizpen zentroa, eta jendeak ez zuen ongi ulertzen.

Ez baita museo bat.

Museo batek bilduma propio bat du, eta Uharteko Zentroak inoiz ez du halakorik izan. Inoiz ez da izan museo bat, baina, hasieran, erakusketak egiteko leku bat izan zen. Ekoizpen zentro bilakatzeko jauzia egiteak esan nahi du utzi diogula bakarrik begiratzeari artisten lanaren bukaerako prozesuari, eta aurreko guztia jarri dugula erdigunean, sortzeko prozesu guztia.

Artistei eman diezue gela bat norberarena?

Hori da. Eta sortzeko prozesu horien berri eman dugu, erakutsi ditugu. Batetik, lan handia egin dugu ekoizpen zentro bat osatzeko; bestetik, gu lauron arteko kultur kudeaketarako laborategi txiki hori osatu dugu. Artea ulertzeko dugun moduagatik, beti saiatu gara zentroan gertatzen zenaren eta gizartearen arteko lotura sortzen, baina zaila da, lantalde trebatua eskatzen baitu horrek. Horretan sakonduko dugu hemendik aurrera. Artelanaren atzean dagoen prozesu osoa azaldu nahi dugu, eta zergatik ez den artelan edo pieza hori arte sorkuntzaren helburu.

Artelana ez bada, zer da?

Arteak, artistek eta arte ikerketak egin dezaketen ekarpenik garrantzitsuena da gure bizitzak hobetzea. Artista ez da teknikaren aldetik lan bat ongi bukatzen duen pertsona bat; artista da gaurkotasuna hartu eta modu kontzeptual batean eta tresna plastikoekin proposamen berri bat egiten dizun norbait. Hori ulertzea zaila da, neurri batean. Prozesu artistikoak mantsoak dira, eta lan intelektuala eskatzen dute, nabarmen; ez bakarrik artistari, ikusleari edo harremana duen edozeini ere hori eskatzen dio hori. Eta ez gaude ohituta prozesu horietan murgiltzera.

Zuen zentroaren kanpoko aldean Jorge Oteizaren esaldi bat dago margotua: Artea ez da museoetan sartzeko. Bat zatoz?

Hori esaten zuen Oteizak, eta, Josu Zapatak margotu nahi zuela esan zigunean, berehala esan genion baietz. Orain arteko ezagutzak zilegitasuna eman die museoei. Baina, gaur egun, bestelako alternatibak daude. Uharten ere ikusten ahal dugu sorkuntzan aktore askok parte hartzen dutela.

Gertu duzue Oteiza museoa; harreman ona duzue?

Hagitz ona. Oteizak, hain zuzen ere, garrantzi handia eman zion ikerketari. Berriki Altzuzan egon gara zenbait artistarekin, eta Oteizaren klarionen laborategiaren aurretik pasatu ginen. Ikusten ditudan bakoitzean, hobeki ulertzen ditut; helburua ez da betirako pieza bat sortzea, baizik eta ikertzea. Prozesuan sortzen diren ezagutza guztiak dira gizarteari zabaldu behar dizkiogunak. Bukaerako piezak ez du zentzu handirik testuinguruaren berri ez baduzu.

Saretzea izan duzue helburu.

Bai, eta ez bakarrik Oteiza museoarekin, edo Nafarroako Museoarekin. Elkarlana dugu zenbait erakunderekin, eta sarea handitzen jarraitu nahi dugu. Bitartekaritza lanari garrantzia eman nahi diogu, eta lan hori bertze hamaika gunetan egin dezakegu; hau da, espazioak bilatu nahi ditugu gurean sortzen duten artisten ikerketak eta prozesuak zabaltzeko. Nafarroan, eta kanpoan. Gu periferiaren periferian gaude. Baina hori ere polita da.

Gauza interesgarrik sortzen dira bazterretan?

Bai horixe! Baldin eta ikerketari eta esperimentazioari buruz ari bagara, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan gertatzen diren gauzak ezin dira gertatu Madrilgo Mataderon, edo Bilboko Bilbo Arten.

Zure proiektu berrian eboluziorako beharra nabarmendu duzu. Zer erran nahi duzu?

Orain arte indarra izan dugu ekoizpen zentro bat sortzeko, eta, orain, badugu sendotasun nahikoa hori guztia erakusteko, hori gizarteratzeko. Bitartekari talde bat sortu nahi dugu: hezkuntzan eta bitartekaritzan adituak diren pertsonak lortu, proiektu horiek laguntzeko gizarteratzeko bide horretan. Proiektuak lagundu eta zaindu nahi ditugu. Babestu eta zabaldu, gure zentroan sortzen diren prozesuen bidea luzatzeko. Landarea kimatzeko ordua dugu; adar batzuk moztu, beste batzuk indartzeko. Komunitate artistiko heldu eta sendo bat nahi dugu, gizarteratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.