Nekane Diez. Athleticeko jokalaria

«Beharbada hau da ordainsaria laster goian egoteko berriz»

Hamasei denboraldi daramatza talde zuri-gorrian Diezek, eta onartu du orain arteko «gogorrena» izaten ari dela. Argi du hurrengo hiru partidak gako izango direla jaisteko postuetatik erabat aldendu ahal izateko.

RAUL BOGAJO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Athletic barru-barrutik bizi du Nekane Diezek (Barakaldo, Bizkaia, 1991). Denboraldi gogorra izaten ari da harentzat, taldea ez dagoelako ondo, eta berak ere ez duelako asko jokatu.

Zein aho zapore geratu zaizue azken partida Sevillaren kontra berdindu ostean? Nola dago taldea igandeko derbiari begira?

Berdinketaren gola 92. minutuan sartu genuela kontuan hartuta, ontzat ematen dugu puntua. Baina, aldi berean, zapore mingotsa geratu zaigu, hiru puntuen beharra genuelako. Derbiari begira, berriz, oso gogotsu gaude, puntuen behar handia dugulako. Reala ere ez dago bolada onenean, eta haiek ere ziur bete-betean aterako direla garaipenaren bila. Horrenbestez, uste dut derbi oso lehiatua izango dela.

Sailkapenari begira zuek behar handiagoa duzue. Horrek puntu bat gehiago eman diezazuke?

Derbi asko jokatu ditut, eta sailkapenak ez du eraginik.

Reala nola ari zara ikusten?

Argi dago kostatzen ari zaiola emaitzak lortzea, eta ez zaizkiola gauzak aurreko sasoian bezala ateratzen ari. Baina talde osoa eta landua da. Lerro artean jokatzen eta baloia edukita talde oso ona da, gol sena duten jokalariak ditu, eta urrutitik oso jaurtitzaile onak.

Zer ari zaizue gertatzen sailkapenaren beheko postu horiek erabat atzean ez uzteko?

Uste dut taldearen ezaugarri nagusietako bat beti izan dela atzean sendo egotea, eta denboraldi honetan aurkariek gutxi behar dute guri gola sartzeko. Irmotasun hori berreskuratu behar dugu. Erasoan, berriz, lerro arteko eta barruko joko hori falta zaigu, eta sortzen ditugun gol aukerak ez ditugu nahi beste baliatzen. Sevillaren aurka 20 aldiz jaurti genuen atera, eta azken unean sartu genuen gola penaltiz. Bestalde, argi dago multzoaren batez besteko adina baxua dela. Jokalari oso gazteak ditugu, eta denbora behar dute lehen mailan egonkortzeko. Agian hau da izan beharreko ordainsaria, berriro ere goian egongo den talde bat izateko. Ziur nago gora egingo dugula.

Zuk hamasei denboraldi daramatzazu taldean. Espero zenuen sasoi hau horrelakoa izatea?

Aspalditik ari da aipatzen belaunaldi aldaketarena. Agian, denboraldi honetan gertatu da nabarmenen, eta sailkapenean isla gehiago izan du. Baina ez dut aitzakia gisa jarri nahi. Izan ere, talde gaztea dugu, baina kalitate handikoa. Gauza asko egiten ari gara ondo, baina akats txikiek asko zigortu gaituzte.

Mailaz jaisteko arrisku hori sentitzen duzue?

Ez diogu horri erreparatzen, baizik eta eguneroko lanari. Orain arte ondo egin dugu lan, baina ez da nahikoa izan arrisku horretatik aldentzeko. Beraz, are hobeto eta gehiago entrenatzen jarri behar duga arreta. Igandeko derbiaren ostean etena dugu, eta gero bi aurkari zuzenen kontra neurtuko ditugu indarrak: Alaves eta Alhama. Hiru partidak gako izango dira. Espero dugu igandean nola edo ahala irabaztea. Izan ere, igande honetan galtzen badugu, eta behekoek irabazten badute, jaitsieratik puntu batera jar gaitezke, eta sekula ez gara egoera horretan egon.

Ligan ez zaudete ondo. Baina Kopan finalerdietarako sailkatuta zaudete. Hitz egiten duzue hortaz?

Ez. Gainera, logikoena eta zentzuzkoena da ez egitea. Ligan pentsatu behar dugu.

Lehen taldean zaudenetik sasoi gogorrena izaten ari da?

Bai, batez ere ez dugulako emaitza bolada on bat izan, eta apur bat arnasa hartu. Aipatu bezala, jokalari oso gazteak ditugu. Jokalari horietako asko Europako eta Munduko txapeldun izan ondoren datoz, eta harrobian gauza asko lortu eta jokatu ondoren. Baina orain Lehen Mailara iritsi dira. Lan handia eskatzen du gorenean jokatzea, eta agian hasieran ez duzu hainbeste jokatzen. Haiek ere barneratu egin behar dute hori. Pertsonalki ere sasoi gogorra izaten ari da, gorabeheratsua emozionalki eta kirol ikuspegitik. Izan ere, ez dut aukera asko izan. Jokatzera ohituta zaudenean, zaila da hori barneratzea eta kudeatzea. Are gehiago taldea gaizki egonda. Azken hiru neurketetan jokatzeko aukera izan dut, eta ilusio handiz nago. Aukera guztiak ahalik eta gehien aprobetxatu nahi ditut. Egoera gogorra da, baina oso babestua sentitu naiz klubaren, familiaren eta lagunen aldetik.

Ane Elexpuruk, Sara Ortegak eta Jone Amezagak esan izan dute beteranoen artean batez ere zurekin hitz egiten dutela. Zer esaten diezu?

Lasaitasuna transmititzen saiatzen naiz, baina, era berean, argi esaten diet ondo lan egin behar dutela, hau ez delako soilik beteranoen kontua. Lan handia eskatzen du Lehen Mailak, askoz ordu gehiago. Zaindu behar dituzten beste kontu batzuk daude: atsedena, elikadura... Oso ondo ari dira, ikasteko irrikaz daude, eta oso pertsona sanoak dira. Bide horretan jarraitu behar dute. Maila gorenean ez da ezer oparitzen, eta aprobetxa dezatela aukera. Nik dena emango nuke haien adina izan eta aurretik geratzen zaien ibilbidea izateko.

Gazteak dira, baina haiek ere kezkatuta ikusten dituzu?

Bai, dudarik gabe. Irabazle petoak dira, eta, esan bezala, min ematen die galtzeak edo ez jokatzeak. Neure burua ikusten dut haiengan. 15 urterekin iritsi nintzen ni Athleticera, eta askotan egiten nuen negar amarekin, ez nuelako jokatzen.

Nola ikusten ari zara gazteenen eta beteranoenen arteko belaunaldiaren egitekoa: Oihane Hernandezena, Oihane Valdezaterena...?

Funtsezko lana egiten ari dira, eta haiek dira multzoaren zama daramatenak. Izan ere, Lehen Mailan egonkortuta daude jada, eta denbora gehien jokatzen ari direnak dira. Gazteenentzat haiek izan behar dute eredua.

Iraia Iturregi teknikaria taldekide izan zenuen. Nola dago?

Ondo ikusten dut. Oso ondo ezagutzen gaitu. Berak eta bere entrenatzaile taldeak lan handia egiten dute. Partida bakoitza izugarri prestatzen eta aztertzen dute. Jokalarioi asko laguntzen digu haiek emandako informazioak. Gu baino lehenago etortzen dira Lezamara, eta 19:00ak pasata joaten dira. Hura ezagututa, ziur nago egoera irauli ahal izateko gai honi milaka buelta ematen ariko dela.

Hitz egin duzue zure egoeraz?

Bi elkarrizketa izan ditut gaiaz. Ez dit azalpenik eman beharrik. Lehena denboraldi hasieran izan nuen. Jokalari guztiekin hitz egin zuen, bakoitzaren rola azaltzeko. Hala, jakitun nintzen denboraldi honetan ez nintzela horren jokalari garrantzitsua izango. Eta, gerora, beste behin hitz egin nuen, galdetzeko zer egin nezakeen nire egoera iraultzeko.

Hurrengo denboraldian jarraitzeko gogoz zaude?

Ikusiko da. Orain buruan dudan gauza bakarra da taldeak ahalik eta azkarrena mailari eustea eta, behin hori lortuta, Kopan arreta jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.