Albistea entzun

Donostiako 69. Zinemaldia. Zinemira. Aitor Merino. Zinemagilea

«Semearen begirada ez balitz, ez litzateke den pelikula izango»

Etxeko nagusienen zahartzea erretratatu du 'Fantasia' filmean Merinok, bide horren «onarpen» modura. Arreba eta gurasoekin itsasoz egindako zeharkaldi bidaia du abiapuntu; etxe barruko egunerokoa, segida.
ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko irailak 21 - Donostia

«Jakin genuenean gurutzaontzia Fantasia deituko zela, arrebari [Amaia Merino] esan nion: 'Kamera eraman behar dugu'». Aspaldikoz, gurasoekin zihoazen bidaian. «Ez genien ezer esan, pentsatzen zuten oporrak grabatzen ari ginela». Itzuleran, ordea, material esanguratsua zela igarri, eta segitu egin zuen kamerarekin gurasoak behatzen Aitor Merinok (Donostia, 1972). 200dik gora ordu, azkenean. Hortik ondu du Fantasia, zahartzeaz eta legatua uzteaz ari den filma. Gaur estreinatuko dute, Zinemira sailean

Nola bihurtu zen bidaia hura lan berri baterako abiapuntu?

Bidaian joatean, ez genuen aurretik inolako ideiarik. Baina grabatzen hasi eta berehala ohartu ginen kamera gurasoen inguruan mugitzen zela. Ohartu ginen hori izan zitekeela elkarrekin egiten genuen azken bidaia. Gero, Amaia Ekuadorrera itzuli zen, eta ni, Madrilera. Baina Eguberrietan berriro kamerarekin hurbildu nintzen gurasoenera. Fantasia leku idealizatu bat izango bazen, interesatzen zitzaidan errealitatearen erretratu bat ere egitea.

Deigarria da zein biluzik utzi diren filmatzen gurasoak, amona.

Bai. Grabatzen denbora asko pasatzen duzunean, kamera etxekotu egiten delako; ahaztu egiten duzu. Une oso intimoak daude, eta baita ezerosoak ere, baina pozik daude emaitzarekin.

Zenbat denbora igaro duzu filmatzen?

Lau urte. 200 ordutik gorako material gordina. Zailena material horri zentzu bat bilatzea izan da. Ainhoa Andrakak muntaketa lan izugarria egin du hor, eta Zuri Goikoetxea eta Amaia ere izan dira ondoan. Zeren Asier eta biok-en, adibidez, gatazka dramaturgiko garbia zegoen, baina hemen ez; gurasoak beren egunerokotasunean baino ez. Hor badira gauza bitxiak, baina ez dute filmaren egitura argitzen.

Zein erabaki izan dira inportanteak azken fase horretan?

Hor konturatu nintzen teknikoki eta intelektualki zertan ari nintzen, zer zegoen bulkadaren atzean. Ohartu ginen bazegoela gurasoen eta amonaren testigantza ukigarri bat hartzeko gogoa, hori datozen belaunaldientzat zentzua izan zezakeen molde batean ematekoa. Familiaren erretratu bat egiten ari nintzen, guraso eta amonaren zahartzaroarena. Beraien faltaren perspektiba gero eta indartsuagoa da, eta aurpegira begiratu behar nion; errealitate hori onartzea ere izan da filma.

Hain zuzen, gurasoeneko erretratu, argazki, koadroek, badute pisua kontakizunean.

Bai. Inguratuta bizi gara. Konturatu nintzen etxean beti ikusitako koadroekin [aitona-amonen argazkiekin egindako pintura bi, tartean] elkarrizketan ari nintzela, eta kontatzen zidatenak zerikusi handia zuela nik kontatu nahi nuenarekin. Filma egin nahi nuen bulkada berberetik datoz inguratzen gaituzten erretratuak.

Lekukotza bat, iraun dezakeen zerbait uztearekin?

Bai. Hor da hasierako bulkada. Umerik ez izateak ere baimendu dit familiako nagusiei begira egoteko luxuzko denbora.

Distantzia hartu beharra izan duzu uneren batean?

Ez, saiatu ere ez naiz egin. Semearen begirada ez balitz, ez litzateke den filma izango. Gurasoek jokatzen dute jokatzen duten modura ni naizelako kameraren atzean dagoena; uste dut horrek ematen diola zentzua filmari. Baina muntaketan bai: hor nik neure burua pertsonaia baten gisan ikusi behar dut, eta horrek distantzia tekniko bat behar du. Hor gakoa lantaldearen kanpo begirada izan da.

Zahartzearen onarpena ospakizun eta mingostasun artean dabil filmean. Arreba hunkitu egiten da aita oso zahar ikusi duelako igerilekutik irteten. «Ez da tristura, emozioa da», dio. Hori behar zuen tonuak?

Ez da inposatutako zerbait izan. Materialak berak zuen tonu hori; muntaketa gelan sartu eta arnasa hori bera islatzen zuen. Etxeko une ezdeusena barregarria izan zitekeen, eta, aldi berean, samurra. Bizitzan bezala, ziztuan igaro zaitezke komediatik dramara.

Txikia da eszena, baina ñabardura esanguratsua dakar zuen aitak uko egiten dionean bere 94 urteko ama etxean hartzeari.

Bai. Inportantea zen hori erakustea, ez genuelako egin nahi erretratu adeitsu bat, non dena den maitasuna eta zoriona. Zahartzaroak tirabirak eta hartzen oso zailak diren erabakiak dakartza, batez ere menpeko bihurtzen denean bat. Ideia horren perspektibak pelikula guztian flotatzen du: amonak irudikatzen du nire gurasoak izango direna; gurasoek, ondo bidean, ni izango naizena.

«Kamera bati lotutako gizona». Une batean, zu filmatzen zaitu arrebak, baina iheskor agertzen zara. Atzean zaude eroso?

Asier eta biok-en neure burua agertzea erabaki genuen, baina hemen ez nuen nahi. Dena den, beti ezin zara ezkutatu. Nik bakarrik muntatu izan banu filma, ziurrenik une hori ez zen agertuko. Baina Ainhoak esan zuen une oso berezia zela, filmean behar zuela.

Badirudi zinemagile modura kokapen horretan zaudela gustura; inguru hurbila behatzen kamera eskuan. Hala da?

Bai, oso eroso sentitzen naiz hor. Ez bakarrik eroso, asko dibertitzen naiz; bihurrikeriak egiteko zein sentipenak adierazteko tresna zoragarria da kamera.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Neomak taldearen zuzenekoa ikusteko jende ilara luzea egin zen Plateruena kanpoaldean atzo arratsaldean, Durangoko Azokaren bigarren egunean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Plaza eta euskarri bete doinu

Ainhoa Sarasola

Zuzenekoak itzuli dira Durangoko Azokara, aurten Plateruenan. Landakon, Musikaren Plazak bildu ditu diskoetxeak eta musikariak. Diskoa nagusi den arren, euskarri digitalak gero eta ugariago dira
Xabier Eizagirre, Iratxe Retolaza eta Hedoi Etxarte, atzo, Landako guneko Talaia aretoan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Liburugintza diglosiko bat

Itziar Ugarte Irizar

Euskaraz argitaratzen diren liburuen datuak aletu dituzte Xabier Eizagirrek, Iratxe Retolazak eta Hedoi Etxartek. Kultura gutxitu baten isla direla adierazi dute.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Urte osoak eusten dio azoka asteari»

Andoni Imaz

Pozik hartu dute murrizketarik gabeko azoka bueltan, eta gogotsu sumatu dute ingurua ere. Inguru hori zabaltzen asmatzea daukate gakotzat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.