TV3ek eta Catalunya Radiok 40. urteurrena ospatuko dute

urtzi urkizu
2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Ekainaren 20an beteko dira 40 urte Catalunya Radio katalanezko irrati publikoak emankizunak hasi zituenetik. Irailean beteko dira 40 urte TV3ek lehen emanaldia egin zuenetik, baina 1984ko urtarrilean ekin zieten ohiko emankizunei. Urteurren hori ospatzeko, bi hedabide publikoek askotariko ekitaldiak eta edukiak prestatu dituzte datozen hilabeteetarako. Ekainaren 18an, herri lasterketa bat egingo dute: Catalunya Radioko estudioetatik TV3ekoetara dauden sei kilometroak zeharkatuko ditu lasterketa horrek. Full Festa abestia sortu dute ekitaldia iragartzeko.

Ekainean, gainera, Catalunya Radioko saio batzuk Herrialde Katalanetako hainbat hiritan egingo dituzte.

Ekainaren 21ean, bestalde, TV3ek Ruta40 izeneko road movie-a estreinatuko du. Katalunia osoa zeharkatuko dute irratiko ahots historikoek, eta umorezko ukitua izango du bidaiak.

Irailaren 5ean, Amb tots vostès, Joan Pera dokumentala estreinatuko du TV3ek. Joan Pera aktorea izan zen TV3en agertu zen aurreneko pertsona, eta haren ibilbidearen errepasoa egingo du dokumentalak.

Bartzelonako Disseny Hub kultur zentroan, hedabideen etorkizunaren gaineko erakusketa handi bat antolatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.