Oren Ambarchi. Musikaria

«Zure lana zabaltzeko erreminta bilakatzen da deserosotasuna»

Inprobisazioa, esperimentazioa eta askatasuna. Hiru ardatz horien inguruan egingo dute, gaur eta bihar, Kaiola jaialdia Galdakaon, eta bertan izango da Oren Ambarchi musikari australiarra.

Crys Cole eta Oren Ambarchi elkarrekin ariko dira, gaur, Galdakaon. BARRY C. DOUGLAS.
Antton Iturbe.
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Pandemiako estutasunak atzean utzi eta gero, nazioarteko artista handiez osatutako kartela biltzeko gai izan da, berriz ere, Galdakaoko (Bizkaia) Kaiola Festibala. Gaur eta bihar abangoardiako hainbat artista ezagun izango dira Torrezabalako oholtzaren gainean, besteak beste, Leila Bordreuil, Chris Corsano, Marcia Bassett, Mazen Kerbaj, William Parker eta Stephen O'Malley. Haiekin batera, Oren Ambarchi & Crys Cole ere ariko dira, musika aurreratuenaren esparruan ezinbestekoa bihurtu den bikote artistikoa osatzen dutenak.

Omberchi (Sydney, 1969) musikari nekaezina da, hamaika proiektutan aritu dena. Cole kanadarrarekin elkarlanean plazaratzen dituen diskoetan, hain zuzen ere, era guztietako eta sarritan eguneroko gertaera arruntetatik ateratako soinuez baliaturik, moldaketa ezohikoak sortzen ditu; ehundura sotil, leun, hauskorreko pieza intimo eta hunkigarriak. Bere eskuetan musika elektroakustikoa soinu abstraktu baina intrigaz betetako egunkari, amets edota poema bihurtzen da. Bikotearen musika beraien bizitzaren luzapen bat dela onartzen du Ambarchik: «Bai, nolabait bikote moduan argitaratzen ditugun lanak egunkari modukoak dira, eta eguneroko bizitzari erabat lotuta daude. Erabiltzen dugun materialak gure bizitza pertsonalarekin zerikusirik ez badu, ez du zentzurik guretzat».

Hala izanik, zaila da Kaiola jaialdian eskainiko duten saioa irudikatzea, baita Ambarchi berarentzat ere: «Galdera ona da hori, baina kontzertua nolakoa izango den ezin dizut esan. Neronek ere ez baitakit!». Ezustekorako prest egon behar, Kaiolan ohi den bezala. «Kaiola ez nuen ezagutzen, baina kartela izugarria iruditzen zait. Gure hainbat lagun eta kolaboratzaile bertan dira gainera. Bilbon behin jo izan dut bakarrik. Orain dela hogei urte izan zen, Mattin-ekin bikote modura. Euskal Herriko eszenaz ia informaziorik ez dut, baina ezagutzeko irrikan nago». Kaiolaren ospea artisten artean pixkanaka hedatzen ari da, eta, urtetik urtera, kartel gero eta apartagoak biltzen ari da, baina, oraindik, Euskal Herrian gehiago ezagutzera ematea falta zaio.

Ambarchi perkusio jolea da funtsean, eta artista zerrenda luze batekin (Fennesz, Charlemagne Palestine, Sunn 0))), Keiji Haino, Alvin Lucier, John Zorn...) jo eta grabatzeaz gain, Black Truffle izeneko diskoetxea koordinatzen du. Bertan era guztietako soinu esperimentaziozko lan ezkutu zahar zein berriak argitaratzen ditu. Baina zer da grabaketa, emanaldi eta artista hauek guztiak lotzen dituena? Zer bilatzen du Ambarchik kolaborazio eta argitalpen bakoitzean? «Kolaborazioak nire lana eremu berrietara bultzatu ahal izateko baliabideak dira. Pertsonalitate artistiko berezia duten pertsonekin lan egitea inspiratzailea zait, eta nire lanaren inguruko ikuspegi eta jarrera ezberdina eskaintzen didate. Oso aktiboa naiz, eta oso interes askotarikoak ditut; ez dut gauza bera etengabe errepikatzen egon nahi. Artista moduan, etengabe hazi eta erronkei aurre egiteko beharra dut. Beste artistekin lan egitea katalizadorea da niretzat. Deserosotasuna zure lana zabaltzeko erreminta bilakatzen da batzuetan, eta pertsonalitate eta ikuspegi guztiz ezberdina duten artistekin lan egitea modu ezin hobea da hori lortzeko».

Black Trufflen plazaratu dituen diskoekin gauza bera gertatzen da. Estilo, garai eta jatorri aniztasun handia dago bertan: Arnold Dreyblatt, Alvin Curran, Annea Lockwood, Will Guthrie, Julia Reidy, Eiko Ishibashi, Eyvind Kang & Jessica Kenney... Era berean, Ambarchik beste zigilu ugaritan ere plazaratzen du bere lana. Guztien artean, nazioarteko sare edo plataforma bat eratzen dute, non artistak, etengabeko harreman eta kolaborazioan oinarrituta eta batak besteari erronka eginez, beraien musika eremu ezezagunetara bultzatzeko gai diren, esploratzaileen moduan: «Erronka planteatzen didaten lanak argitaratzea dut gogoko. Aurreikus daitekeen ezer kaleratzeko asmorik ez dut. Zorionez, nire kolaboratzaile eta lagun asko etengabe ari dira beraien musika zabaltzen eta sailkaezinak diren doinuak sortzen, eta horrek guztiz inspiratu eta kitzikatzen nau. Oso musika eremu zabala dut gogoko. Beraz, guztiz naturala zait Black Truffleko eskaintza askotarikoa eta, era berean, antzeko jarrera duten beste hainbat diskoetxerekin lan egitea».

Jim O'Rourke eta Keiji Haino gitarra jole japoniar mitikoarekin batera osatzen duen hirukotean, adibidez, avant-garde-a, esperimentazioaren ausardia eta akademiaren zorroztasuna rockaren zirrararekin nahasten ditu. Baina etiketa hutsak dira azken batean: «Hasteko, musika akademikoa ez zait batere interesatzen, ez da nire mundua. Pertsonalagoak diren artistak eta musikak ditut gogoko, soinuarekiko jarrera intuitiboa dutenak alegia. Avant-garde hitzak dagoeneko zeri dagokion ere ez dakit, egia esan. Adibidez, AEBetan badira zenbait hip-hop artista underground esperimental etiketa duten artista gehienak baino askoz esperimentalagoak direnak. Harritzen nauten artistek erakartzen naute».

Argitaratze erritmo bizikoa da Ambarchi: «Bakarkako disko bat kaleratuko dut urte bukaera aldera Drag City zigiluan, Shebag izenekoa, eta lagun pilo bat bildu dut bertan: BJ Cole, Sam Dunscombe, Jim O'Rourke, Julia Reidy, Chris Abrahams, Johan Bertling, Joe Talia... Horretaz gain, zuzeneko kontzertuekin biran oso gustura nabil berriz ere. Erabat eskertuta sentitzen naiz munduan gehien gustatzen zaidana berriz egin ahal izateko aukera izateagatik».

Euskal Herrian berriz ikusi ahal izateko beste hogei urte itxaron behar izango ez diren itxaropenarekin, Ambarchi zuzenean ikusi nahi duenak gaur du hitzordua Galdakaon. Kaiolan.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: https://www.facebook.com/kaiolafestibala/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.