Albistea entzun

Maddi Soroa. Musikaren pedagogian graduatua

«Errima, neurria eta abar bezala, kantaera ere landu daiteke»

Oro har, gutxi landu izan da kantaera bertso eskoletan. Soroak uste du lanketa batek ahotsa eta doinua modu malguan erabiltzeko aukera ekarriko liekeela bertsolariei, eta, ondorioz, komunikazioa hobetzea.
MADDI SOROA Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2021eko uztailak 10

Pedagogia espezialitateko goi mailako ikasketak egin zituen Maddi Soroak (Lekunberri, Nafarroa, 1997) Musikenen, eta Bertsolariaren formazioan bertsoa sortzeko eta interpretatzeko konpetentzia arloak izeneko gradu amaierako lanarekin Donostiako Orfeoia-Musikene Saria eskuratu zuen. Lan horri buruz hitz egiteaz gain, bertso eskoletan bat-bateko bertsoen kantaera lantzeko tailer praktiko bat eman zuen joan den astean, UEUren udako ikastaroen barruan Iruñean egindako udako bertso eskolan.

Zer landu zenuten joan den asteko tailer praktikoan?

Hasteko, arnasketa zer den eta nola egiten dugun aztertu genuen. Adibidez, bertsolariek askotan ahotsa atera egin behar izaten dute, entzuteko, eta guk baditugu erresonatzaile naturalak. Horiek non dauden azaldu nien, eta probak egin genituen. Dama gazte xarmant bat doinuaren soinuen norabidea aztertu genuen ondoren, hau da, soinuak noiz joaten ziren gora eta behera. Esplikatu nien goiko soinua eta behekoa direla kontuan izan beharrekoak doinua kantatzen nondik hasi jakiteko. Doinu bera toki ezberdinetatik abesten hasteko abilidadea ere landu genuen. Amaitzeko, bakarkako hiru bertsoaldi komentatu genituen, bertsolari horiek ahotsaren zer adierazpen baliabide erabili zituzten ikusteko, eta testuaren mesedetan izan ziren hausnartzeko.

Oro har, beren kasa landu ohi dute kantaera bertsolariek. Nola egiten dute?

Beren kabuz kantaerari lotutako kontu batzuei erreparatu izan dietela esan zidaten, baina oro har ez dutela landu izan kantaera. Komentatutako gauza asko berriak izan ziren beraientzat.

Bertsoaldiak doinu jakin batean egiten dira, baina doinu horien aukeraketa egokiaz gaindiko zerbait da kantaera, ezta? Nola definituko zenuke?

Kantaera zer den definitzea zaila egiten zait, baina kantaeraz ari garenean, kantua etortzen zaigu aurrena burura, eta kantutik abiatuta, ahotsa. Kasu honetan, gainera, ez da ahotsa bakarrik, kantu bidez erabiltzen dituzten doinuek ere zeresan handia baitute. Kantaeraren barruan, era ere sartzen da, kantatzeko modua, ahotsa erabiltzeko modua. Beraz, esan daiteke kantaera dela bertsoa kantatzeko modua, edo bertsotarako doinua interpretatzeko modua. Ahotsa, kantua eta doinua dira, akaso, kantaeraren hiru gakoak.

Binaka edo gehiagoren artean osatzen dira askotan bertsoaldiak. Kantaera ezberdinak uztartzea zaila izaten al da?

Musikari gisa, kanpotik pertzibitzen dena da doinu bera abesteko tonu ezberdinetatik hasten direla batzuetan bertsolariak. Puntuka ari direnean izaten da agerikoena. Baina tonu ezberdinetan hasten diren arren, askotan modu naturalean elkartzen dira, eta batzuetan izaten da baten onurarako eta bestearen kalterako. Nahi izanez gero hori aurretik lantzeko aukera egon daiteke, elkartze natural hori ematen denean batari edo besteari kalte egitea eragozte aldera. Baina iruditzen zait kantaera ezberdinak arazorik gabe uztar daitezkeela.

Norbere bereizgarri izaten da kantaera. Lanketa batek ez al luke ekarriko kantaera berdintzeko arriskurik?

Ahotsa identitate marka bat da azken batean, eta bertsotarako ondo etor dakiguke bakoitzaren ahotsaren ezaugarriak ongi ezagutzea, ondoren testuinguruaren eta interesen arabera aldatu ahal izateko. Homogeneizazioaren kezka egon daiteke, baina helburua ez da hori inondik inora. Kantaeraren lanketa ahots bakoitzaren beharretara edo berezitasunetara moldatzeak, berez, desberdintasuna eskatzen du, eta doinuak momentuko eta testuinguruko interesetara moldatzeak ere bai.

Zertan lagunduko luke kantaera lantzeak?

Ekarriko lukeen ezaugarri nagusia da bertsolariek ahotsa eta doinua modu malguan erabiltzeko aukera izatea, komunikazioa hobetze aldera.

Gradu amaierako lana egiteko hainbat bertsolarirekin elkartu zinen. Kantaeraren lanketaren gaineko zer jarrera sumatu zenien?

Aldeko jarrera ikusi nien. Zenbait bertsolarirengan beldur orokor bat ere sumatu nuen, musikaren arauak bertsolaritzara eraman nahia edo ikusten zuten, baina hasieratik aipatu nien ez zela hori asmoa, ni ere ez nintzatekeelako horrekin ados egongo. Bazeuden bertsolarien kantaera berezko edo tradizional hori defendatzen zuten gutxi batzuk ere, lanketaren beharrik ikusten ez zutenak.

Bertsolariaren formazioan bertsoa sortzeko eta interpretatzeko konpetentzia arloak izena du zuk egindako gradu amaierako lanak. Zer aztertu duzu?

Kantaeraren konpetentzia arloaren gaineko deskribapen bat egin nuen, hau da, zehaztu nuen konpetentzia arlo horren barruan landu beharreko gaitasunak zein diren. Gaitasun horien zerrendari deskribatzaileak esaten zaie. Asko atera zitzaizkidan, eta hiru multzotan sailkatu nituen: intonazioa eta entzumena, erritmoa eta adierazpena. Bertsolaritzari buruzko ikerketetan eta liburuetan ez nuenez informazio handirik topatu, ahotsarekin erlazionatutako adituei egin nizkien elkarrizketak, eta modu horretan bildutako informaziotik osatu nuen zerrenda.

Aipa dezakezu adibideren bat?

Bakoitzak bere ahots kantatuaren oinarrizko ezaugarriak entzumenaren bidez ezagutzea —tesitura, tinbrea...; errepertorioaren ezaugarriak ahots praktikaren bidez identifikatzea —luzera edo bitarte zailtasuna...—; ahots adierazpeneko artikulazioak, dinamikak, tempoak eta fraseatzeak sentsibilizatzea, hautematea eta interpretatzea eta abar. Kantaera konpetentzia bezala tratatzea erabaki nuen bultzada bat eman nahi niolako arlo horri. Neurria, errima eta abar bezala, kantaera ere landu daitekeen arloa da.

Batez ere bertso eskolei begira egindako lana al da?

Bertso eskoletan erabiltzeko moduko materiala da, bai, bat-bateko bertsoaren kantaeraren lanketa zuzendu dezakeena eta beraz ikas-irakaskuntza prozesua zuzentzeko material moduan erabili daitekeena. Irakasleentzako zein ikasleentzako izan daiteke erabilgarria.

Gradua amaitu ostean, master bat egiten ari zara Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean (Espainia). Ba al duzu bertsolarien kantaeran sakontzen jarraitzeko asmorik?

Bai, master amaierako lanean bertsolarien kantaerari buruz ikertzen jarraitzea da nire asmoa. Errioxan arrotza egiten zaie gaia, baina alderdi teknologikotik jotzea, musika ikerketarako programak erabiltzea eta gustatuko litzaidake.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Auschwitzeko kontzentrazio esparruan hil zen Nemirovski, 1942ko abuztuaren 17an. ©BERRIA

Nemirovskik emandako azkena

Naroa Torralba Rodriguez

'Suite frantsesa' nobelaren bertsio argitaragabe bat eman du Alberdaniak. Agota Kristofen 'Koaderno handia' ere atera du
Aukeran konpainiako kideak, Hernanin (Gipuzkoa) <em>Migratzaileak</em> disko-liburua aurkezten. ©MAIALEN ANDRES / FOKU
'Irati' fimaren irudi bat. ©

'Irati' filma bost Goya jasotzeko hautagai da

Uxue Rey Gorraiz

'Ainhoa: Black is beltza 2' filma da hautagaien artean beste euskarazko lan bakarra

 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...