M. Karmen Basterretxea. Antropologoa

«Eliza katolikoa inposatu zenean, debekatu egin zuten atsolorra, XVI. mendean»

urtzi urkizu
Andoain
2016ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
1980ko hamarkadan hasita, ibilbide luzea egin du euskal kulturako ohiturak eta errituak ikertzen Mari Karmen Basterretxea antropologoak (Ondarroa, Bizkaia, 1961). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan doktorea da. Berriki hitzaldi bat eman du atsolorraren inguruan, Oiartzunen.

Nola izan zen atsolorraren bilakaera eta desagertzea?

Euskaldunak sortu ginenetik, jaiotzaren erritua egiten zen. Nire azterketen arabera, Euskal Herri osoan egiten zen. Eliza katolikoak, gizartean inposatu zenean, debekatu egin zuen, XVI. mendean. Elizak gazte dantza ere debekatu zuen, deabruen dantza zelakoan.

Atsolorra, etimologikoki, atsoak haurra aurrera ateratzeko egiten duen lorpena al da?

Atso-ren esanahia emakume heldu bat zen, esperientzia handikoa eta jakintsua. Lor horren esanahiak, berriz, ekarri, eraman eta konpromisoa dira. Ama haurdun zegoenean, atsoak laguntza ematera joaten ziren, eta erditzerakoan laguntzen izaten ziren. Ama gogortzen zenean, handik bi astera, amak ospakizuna egiten zuen, auzokoak gonbidatuz. Hori da gelditzen zaigun festaren zentzua. Baina, Elizaren debekuaren aurretik, amak umea aurkeztu egiten zuen komunitatean. Eta komunitateak konpromisoa hartzen zuen haurra zaintzeko haurtzaroan, nerabezarora arte. Auzoak babes hori ematen zion.

Beste gizarte eredu bat zen.

Bai, orduko gizarte eredua matrilineala zen, amaren aldetik datorrena. Ez dauka zerikusirik gaur egungo eredu patriarkal eta neoliberalarekin. Komunitatearen loturarekin egituratzen zen gizartea. Auzolanean eta herri batzarrekin hartzen ziren herrietan erabakiak.

Emakume batzuen oroimenean, behintzat, mantendu da ohitura.

Euskal kulturaz hitzaldi bat eman nuen duela urte batzuk Ereñotzun [Hernani], eta hango emakume batzuk hasi ziren kontatzen nola bizi izan zuten atsolorra. Oroimen hori bizirik egotea oso pozgarria da. Hernani eta Astigarraga inguruan nahiko argi dute oroimena.

Atsolorrean zer egiten zuten emakumeek?

Emakumeek janaria eramaten zuten amaren baserrira: oilaskoa, txokolatea, gozoak eta abar. Afari-merienda egiten zuten; musika izaten zuten, eta haien arteko kontakizunetan aritzen ziren.

Gizonaren rola zein zen?

Elizak rol banaketa inposatu aurretik, gizonak etengabeko komunikazioan izaten ziren auzoko emakumeekin, jakiteko haurdun zegoena nola zegoen. Inposizio haren aurretik, gizonek ere parte hartzen zuten atsolorrean.

XX. mendean nola desagertu zen ohitura hori?

1970eko hamarkadan, industrializazioarekin, gizartean indibidualismoa garatu zen. Eten bat egon zen hor, eta halako ohiturak desagerrarazi.

XX. mendean emakume askorentzat elkarrekin festa giroan egoteko aukera ia bakarra al zen atsolorra?

Ez dut horrela ikusten. Kohesio bat sortzen zen emakumeen artean, bai. Baina iruditzen zait baserri giroko auzoetan emakumeak beti egon direla elkarri lotuta.

Hainbat herritan ohitura berreskuratu dute.

Oso pozgarria da, berreskuratzen baitugu kendu zigutena. Altxor bat da, gure gizartera egokitzen ari direna. Aukera bat da, gainera, Elizako bataioaren beharrik gabe, gurasoentzat auzoari haurra aurkezteko. Izango da bataioa eta atsolorra egingo dutenak ere, noski. Bakoitzaren aukera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.