«Agenda nazionalista inposatzea» leporatu dio Esparzak Barkosi

UPNkoak nabarmendu du gobernua etengabeko tentsioan dagoela. Herritar batzuk «baztertzea» eta gizartea «zatitzea» leporatu dio

Esparza, Barkosen hitzaldi bat entzuten, Nafarroako Parlamentuan. J. D. / EFE.
2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
UPNk Uxue Barkosen gobernua zigortzen jarraitzen du. Ostegunean, Nafarroako lehendakariak agintaldiaren azken hiru urteak baloratzeko agerraldia egin zuen, eta Javier Esparza UPNko presidenteak berehala kritikatu du. «Agenda nazionalista inposatzea» egotzi dio, baita zergak igotzea ere. Nabarmendu du, halaber, Nafarroako Gobernuko kideen arteko «tentsioa» agerikoa dela eta horrek «zalantzan» jartzen duela Barkosen gobernatzeko gaitasuna. Esan du «porrot asko» egin dituen gobernu bat dela, eta horren erantzule egin du lehendakaria.

«Inposizioa». Hitz hori erabili du Esparzak Barkosen agintzeko era azaltzeko, eta hizkuntza politika jarri du adibide moduan. Euskara «zeinu politiko» gisa eta modu «baztertzaile eta zatitzailean» erabiltzea leporatu dio. Ekainaren 2an «euskararen inposizioaren aurka» egindako manifestazioan «milaka lagunek» parte hartu zutela gogoratu du, eta horren aurrean Nafarroako Gobernuko kideek izandako jarrera kritikatu du: «Agerian utzi zuten herritar horiekiko harrokeria, eta umiltasun eta errespetu falta».

Zergen igoera eta Davalor enpresaren auzia ere izan ditu mintzagai Esparzak. Adierazi du zergen igoera ez zela beharrezkoa eta«bidegabea» dela, herritarrek ez dutelako onurarik eskuratuko: «Nafarrek zerga gehiago ordaintzen dituzte, Nafarroako Gobernuaren zorra handituz doa, eta herritarrentzako zerbitzuak ez dira hobetzen». Davalorrekin egindakoa «eskandalua» izan dela adierazi du. Salatu du Manu Aierdi Garapen Ekonomiko saileko presidenteordearen «apustu pertsonal» batengatik «eman» dizkiola Nafarroako Gobernuak 2,6 milioi euro enpresa horri.

Barkosen gobernuko kideek UPN ustelkeria kasuekin lotu izana salatu du Esparzak. Azaldu du «benetako ehizaldi bat» jarri dutela martxan baina ez dutela ezer aurkitu. Esparzak berretsi du «berriro gobernatzeko» prest dagoela UPN.

UPNren «urduritasuna»

Geroa Baik prentsa ohar batekin erantzun dio Esparzari. Adierazi du «urduritasuna» nabari dela haren hitzetan, eta agerian uzten duela UPNk ez duela etorkizunerako proiekturik. Geroa Baik azpimarratu du Barkosek egindako balorazioa datuetan oinarrituta dagoela, 150 adierazlek baino gehiagok azaltzen dutela Nafarroa duela hiru urte baino hobeki dagoela. Gobernuak hobekuntza asko egin dituela azaldu du, «politika horiek herritar guztiengana oraindik iritsi ez badira ere».

Garapen Ekonomikoko presidenteorde Aierdik, berriz, adierazi du Davalorrera dirua zuzentzea ez dela bere «gutizia» bat izan, eta «legezkoa» izan dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.