Kaiolari zuloa topatzearen zirrara

Josu Martinez idazleak berriz heldu die euskal gatazkarekin lotutako gaiei. Hamar ihesaldiren istorioak protagonisten ahotik jaso ditu, eta emaitza polita lortu du: errealitate gordinaren dramatismoa alboratuta, abentura liburua da 'Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak'.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Pasioz kontatu diote abentura batzuek. Beste batzuek bizipen traumatiko gisara. Bada lotsa apur bat erakutsi duenik, eta baita kasualitatez egokitutako gertaera bati buruz ari balitz bezala mintzatu denik. Baina guztiek atera diote irribarrea istorioen biltzaileari, eta abenturetan abenturak diren pasarteek osatutako liburua «irribarre erdiz» idatzia dagoela aitortu du Josu Martinez idazleak (Bilbo, 1984). «Ba al dago ihes egitea baino abentura handiagorik?».

Hamar saio bildu ditu Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak liburuan. Espetxeetatik egindako ihesak dira bederatzi, eta ETAko bahitzaileei izkin egiteko saioa bestea. Helburua lortu zuten kasu batzuetan, harrapatu zituzten besteetan. Baina bat ere ez zen erraza izan. Ondo neurtutako planak ez ziren irudikatu bezala atera gehienetan. Oztopoek abentura batzuk ia fikziozko ipuin bihurtu zituzten eta zentzugabeko egoera sinestezinak sortu.

Abentura kutsu horrek eraman du Martinez liburua idaztera, txikitatik zuen arantza ateratzera. Izan ere, dozena bat urte inguru zituela aitonak Papillon liburua oparitu zionetik barruan zeraman zerbait dela dio. Frantzian preso zuten Henri Charriereren autobiografia da Papillon. Presoaren esanetan, egin ez zuen krimen bategatik zigortu zuten, eta hamaika aldiz saiatu zen kartzelatik ihes egiten. Hamaika aldiz harrapatu zuten. Bizitza hura «abenturazko historia zirraragarria» dela dio Martinezek. Erabat hunkitu zuela, eta zenbait konturen ikuspegia markatua utzi ziola.

Hari irakurri zion lehen aldiz, adibidez, presoaren eginbeharra ihes egitea dela. Herritarren begietan, gainera, ihesak «sinpatikoak» izaten direla iruditzen zaio idazleari. «Egoera arrunt batean egonik inori bururatuko ez litzaizkiokeen gauzak egiten dituzte kartzelan bertatik ateratzeko: anaiagatik aldatu, aireztapen hodian sartu, tirolina antzeko bat eginda kartzelatik salto egin... Planik rokanboleskoenak sortzen dira». Irudimen itzela behar dela nabarmendu du. Sormena eta abilezia ezinbestekoak direla. Liluratu egin du horrek guztiak.

Baita ihesak berekin duen «errebeldia ukituak» ere. Horregatik, hanka egiten saiatu direnek zenbaitetan egoera dramatikoak izan dituzten arren, ez du batere tonu dramatikorik liburuak. «Nik, behintzat, ihesaldi baten berri entzuten dudanean, bihurrikeria bat bezala sentitzen dut, eta tonu hori ematen saiatu naiz kontakizunei», azaldu du idazleak.

Eta ez dela arrazoi politikoek eragindakoa dio: «Pentsa dezagun Irlandako batek edo Zamorako preso arrunt batek egiten duela ihes. Horrek ere irribarrea sorrarazten du; sinpatia bat sortzen du zio politikoa kenduta ere». Ondo arrazoitu du sentipena liburuaren sarreran: «Munduan egoteko modurik zatarrena baldin bada preso egotea, zer egon liteke politagorik eskapatzea baino?».

Filosofia, Sarrionandiarekin

Hamar istorioen kontakizunaren ondoren, epilogo sakonagoa du liburuak: Joseba Sarrionandiak ihesen inguruan idatzitako testu mardul eta filosofikoa. «Uste dut liburua osatzen duela», dio.

Hemeroteka ere badu ondoren 143 orriko lanak. Kontatutako abenturen lekukotza historikoa ematen dio liburuari atal horrek, hainbat egunkarik ihesaldiei buruz argitaratutako testu eta argazkiak jasota.

Ihesen «kronologia probisionalak» ixten du lana. Euskal herritarrek espetxeetatik egindako 50 bat saioen zerrenda biltzen du. «Baina probisionala da», nabarmendu du idazleak. «Besteehunka egon daitezke ezagutzen ez direnak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.