Urduñako espetxe frankistan 30 gorpuzki aurkitu dituzte

Aranzadi zientzia elkarteak topatu ditu, haiek lurpetik ateratzeko lanetan ari zela. Gogora Institutua biktimen senideekin harremanetan jarri da

Aranzadikoak gorpuzkiak lurpetik ateratzen, Urduñako hilerrian. IREKIA.
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Urduñako hilerrian (Bizkaia) espetxe frankistaren 30 bat biktimen gorpuzkiak aurkitu ditu Aranzadi zientzia elkarteak. Gorpuzkiak lurpetik ateratzeko lanak egiten ari da bertan. Lan horiek Eusko Jaurlaritzaren Gerra Zibileko desagertuen bilaketa programaren barruan daude kokatuta, Urduñako Udalaren lankidetzarekin. Igandera arte iraungo dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko lanak.

Biktimen senideekin harremanetan jarri da Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua, lurpetik ateratzeko lanetan egindako aurrerapenen eta aurrerantzean egin daitezkeen identifikazio lanen berri emateko.

Aurreko ikerkuntzak

Ez da Urduñan gorpuzkiak aurkitzen dituzten lehenengo aldia. Izan ere, 2014an, Urduñako Espetxe Zentralean hil ziren hamalau pertsonaren gorpuzkiak atera zituen lurpetik Aranzadik. 1941eko otsaila eta ekaina bitartean hil ziren. Gorpuak aurten hobiratu dituzte, Urduñako hilerrian inauguratutako Duintasunaren Kolunbarioan.

Orduz geroztik egindako ikerketa eta prospekzio lanen arabera, hilerrian bertan beste lurperatze gune batzuk egon zitezkeela pentsatu zuen elkarteak. Eta hori egiaztatu ahal izan du aurkikuntza berriak. Haiek lurpetik ateratzeko lanak amaitu bitartean, 30 bat gorpuzki direla uste dute.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Urduñara bertaratuko da larunbatean, 10:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.