Etxegabetze protokolo bat aktibatzea eragotzi du Alda kolektiboak Bokalen

Iruzurreko alokatze kontratu bat eginik ere, uxer bat bidali dute jabeek familia bat kanpo ezartzeko. Prozedura «legez kanpokoa» da

Uxerra joan zen unea, atzo goizean, Aldako kideen aitzinean. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Bokale
2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Bokalen (Lapurdi) bildu zen atzogoizean Alda kolektiboa, egoera «surrealista» bati aurre egiteko. Izan ere, Bokaleko etxebizitza batean bizi da bikote bat, beren 3 urteko alabarekin. Otsailean sartu ziren bertara, baina atzo ateratzeko agindua zuten, aitzin datatutako ateratze kontratu bat izenpetu zutelako, jabearen aginduz. Aldak salatu du, ordea, mota horretako kontratuak iruzurrezkoak direla.

Egoera, gainera, konplikatu da: alokatzaileek gutun bat bidali zioten jabeari, ateratze kontratua iruzurrezkoa zela eta etxebizitzan segituko zutela adierazteko. Gutun hori ez du sekula hartu jabeak. Baina, aste bat berantago, ezezagun batek ateratze kontratu faltsifikatu bat igorri zion jabeari, alokatzailea balitz bezala, atzo ateratzea onartzen zutela adieraziz. Gutun faltsifikatu hori hartu zuen jabeak, eta hori oinarritzat hartuta jabeak uxerra bidali zien atzo goizean. Gutun faltsifikatu horretan, bikotekideetako baten izenpea eta idazkera imitatu ditu ezezagunak. Hala, idazkeraren faltsuzko erabilpena egin izanagatik salaketa ezarri du bikoteak. Aldak Frantziako Poliziari jakinarazi dio Bokaleko postako bideokameren irudiak eskuragarri izanen zituela bi hilabetez—bertatik igorria izan zen gutun hori—.

Uxerrak etxebizitzatik ateratzeko lekuaren egoeraren akta egitekoa zuen. Baina, iritsita, egoera esplikatu zion Jean Noel Etxeberri Txetx Aldako kideak. Jakinarazi zion, iruzurrezko kontratua eginarazteaz gain, ateratze jakinarazpen faltsifikatu baten biktimak izan direla alokatzaileak, eta salaketa jarri dutela. Hala, alokatzaileak oraindik etxe barnean bizi direla ikusita, uxerrak adierazi zien ez zuela eginen lekuaren egoeraren akta bisitarik, eta, beraz, oraingoz barnean bizitzen segitzen ahalko du familiak.

Adrien Escourido alokatzaileak«egoera surrealista» salatu du, baina kezka agertu du jabeak hemendik goiti egin ditzakeen jukutriei begira. Etxegabetzea oztopatzeko bildu diren kideen «elkartasuna» txalotu du.

Beste kasu franko

Aldaren arabera, Escouridoren senideena ez da kasu bakarra. Iruzurrezko 60 bat kontraturen berri ukan duela zehaztu du elkarteak. Horiek erregularizatzeko lanean ari dira. Jakinarazi zuten ere elkarteak bi etxegabetze oztopatu dituela azken egunotan. Lehena, herenegun, eta bigarrena, atzo, biak Lapurdiko kostaldean. Udako sasoia ate joka dagoen honetan, herritarrei «adi» egoteko eskatu die elkarteak. «Kideak deitzen ditugu mobilizaturik segitzera, udako sasoi hasieran, uda honetan, eta urte osoan ere bai, beren etxebizitzan gelditu ahal izateko alokatzaileen eskubidea defenditzeko».

Kontratu mota horiek ditu jomugan Alda elkarteak. Iragan maiatzean eman zuten horien berri. Izan ere, udan hainbat alokatzaile etxebizitzatik kanporatuak direla salatu dute, iruzurrezko kontratuen ondorioz. Kasurako, ikasle ez direnei ikasle kontratuak egiten dizkiete jabeek edo higiezin agentziek, eta alokatzaileak etxetik kanpo ezartzen dituzte ekainean. Beste egin-molde bat ere antzeman du elkarteak: zenbait kontratutan, aitzin datatzen dute ateratze eguna, alokatzaileak uda gabe kanpo ezartzeko. Egin-molde horiek guztiak «legez kanpokoak» direla dio Aldak. Pirinio Atlantikoetako prefetarekin biltzeko galdea egin zuen elkarteak, eta, jakinarazi dutenez, egoera azaltzeaz gain, arazo «estruktural» horri aterabideak emateko eskatu zioten bilkuran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.