Aterpegabe bat hilik aurkitu dute Baionan

Katedral inguruan azaldu da 48 urteko gizona.Atherbea zentroko lehendakariak ohartarazi du «oso bizi-baldintza zailak» dituztela karrikan

Baionako katedral aitzinean hildakoari egindako omenaldia. SYLVAIN SENCRISTO.
Baiona
2014ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Aterperik gabeko pertsona baten gorpua aurkitu zuten ostegunean Baionan, katedralaren aitzinean. Etxerik gabeko beste pertsona batzuek aurkitu zuten gorpua, kalean. 48 urteko gizonezko bat da zendutakoa, Vannes herrikoa (Bretainia). Indiano ezizenarekin ezagutzen zuten hurbilekoek.

Asteazkenean ikusi zuten azken aldiz gizona kalean. Hilotza agertu zela abisua jasota, poliziak eta udaltzainak egin ziren gorpuaren kargu. Haiek berri eman dutenez, aurkitu baino oren batzuk lehenago zendua zen gizona.

Baionako turismo bulegoan eta katedralean pasatzen zuen negua, hurbilekoen esanetan. Batzuetan Miarritzen (Lapurdi) ere ibiltzen zen. Azkenaldian, ordea, osasun arazoak zituela eta, katedral inguruan finkatua zen. Hain zuzen, Atherbea zentroko lehendakari Jean-Daniel Elixirik ohartarazi du «oso bizi-baldintza zailak» dituztela karrikan bizi diren pertsonek. «Karrikako biziak gorputza ahultzen du». 45-50 urte arteko pertsonak dira karrikan hiltzen diren gehienak. Herenegun hildakoak 48 zituen, eta ospitalean egona zen berriki.

Aurtengoa ez da kasu bakarra. Orain hiru urte, adibidez, apirilean, hiru lagun hil ziren Ipar Euskal Herriko karriketan.

Mezuak katedral atarian

Heriotzaren berri izanda, gizonaren hurbilekoek katedral ingurua baliatu dute hura agurtzeko, azken denboran han finkatua baitzegoen. Ostegun arratsaldean, esate baterako, 48 kandela piztu zituzten katedralaren kanpoko aldean. Kandela bat hildako etxegabearen urte bakoitzeko.

Horiekin batera, mezuak ere jarri zituzten eliz atarian, atsekabea eta maitasuna agertzeko. Gainera, berripaperen kopiak jarri zituzten horman, heriotzaren albistea agertzen dutenak, ingurukoen artean berria zabaltzeko helburuarekin. Atzo arratsaldean oraindik katedral aitzinean jarraitzen zuten gizonaren omenezko kandelek eta mezuek.

Ikerketa hiriburuetan

Aterperik gabeko pertsonei buruzko ikerketa bat egin dute berriki Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azterketa heldu den urtean argitaratuko dute, baina datu batzuk eman dituzte, hiriburuetakoak. Urriaren 29tik 30erako gauean egin zuten proba, kalean lo zenbat lagun zeuden zenbatuz.

Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 237 pertsona aurkitu zituzten gaua karrikan igarotzen. Bilbon, 132 lagun; Donostian, 87; eta Gasteizen, hemezortzi. Bilbon, adibidez, orain bi urte baino %11 txikiagoa da topatu zituztenen kopurua. Kasu gehien-gehienetan, gizonezkoak dira kalean bizi direnak: plazetan, parkeetan, utzitako eraikinetan... Haiei buruzko datu estatistiko zehatzak argitaratuko dituzte ikerketa horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.